Gailu elektronikoen erabilera desegokiak eragindako arazoak

Jabier Agirre / 2014-02-11 / 873 hitz

Zazpi ordu ematen ditugu batez beste gailu elektroniko baten aurrean eserita, eta horrek gure anatomiari erasaten dio, ez baitago horretarako egokitua. Arazo horiek saihesteko, hainbat aholkuri jarrai diezaiokegu.

Bizkarreko mina, ikusmen arazoak, esku eta eskumuturretako arazoak… Horiek izan daitezke gure eguneroko bizimoduan teknologia berrien erabilera desegokiak azaleratu dituzten osasun-arazoetako batzuk. Jarrerak hobetzea eta, ahal izanez gero, gailu horiei ematen diegun denbora murriztea dira halakoak agertzea saihesteko eskura dauzkagun neurri nagusiak.

Whatsappen arriskuak

Gaur egungo sakelako telefonoak hitz egiteko tramankulua baino askoz ere gehiago dira. Sega-potoen prestazio ugariek, elkarrekin komunikatzeko modua errotik aldatzeaz gain, min berriak ekarri dituzte.

Testuak bi eskuekin idatzi

Adoleszenteek, eta baita heldu askok ere, ordu eta erditik gora ematen dute egunero beren telefonoetan jo eta ke tekleatuz. Hatzen etengabeko mugimendu horrek tekleatzearen tendinitisa izeneko gaitz berria sor dezake; hatzetako —batez ere erpuruko— min oso gogorrekin eta hanturarekin agertzen da. Telefonoaren tamaina da min horren eragile nagusia; izan ere, telefonoen miniteklatuak ordenagailuetako teklatuak baino hamar aldiz estres gehiago sortzen du hatzetan, adituen datuen arabera.

Nola saihestu? Hobe da bi eskuekin tekleatzea, esku bakarrarekin aritzea baino. Eskumuturrak ere jarrera erlaxatuan eduki behar dira, gehiegi tolestu gabe. Eta bidalitako mezuaren erantzunaren zain gauden bitartean erpuruak teklatutik kentzea gomendatzen da. Mina agertuz gero, atseden hartzea komeni da, noski; izotza erabil daiteke, eta mindutako giltzadura gora jaso eta, behar izanez gero, analgesikoren bat hartu.

Tabletak eta jarrera txarrak

Tabletak ez dira hain aspaldikoak, baina erabateko iraultza ekarri dute Internet mundura. Jada ez da beharrezkoa mahai batean esertzea sarean barrena nabigatzeko. Gailu horiei esker, sofa batean lasai eserita nabiga daiteke, baita beste edozein jarduera egiten ari garen bitartean ere.

Zaindu lepoa eta bizkarraldea

Erosoak eta erabilerrazak dira, bai, baina bizkar eta sorbaldentzat oso jarrera txarrak eta kaltegarriak hartzen dira. Pantaila ikusteko lepoa aurrerantz makurtzeko ohiturak —zer esanik ez, tableta belaunen gainean jarrita arituz gero— bizkarrezurraren okertzea eta lepoko minak ekar ditzake (orno zerbikaletakoak), beste lesio batzuen artean.

Nola saihestu? Sofa eta eserleku bigunak alde batera utzi; gomendatzen da bizkarra erabat tente eta eserlekuaren kontra ondo bermatuta edukitzeko modua emango digutenak aukeratzea. Era horretan, gerrialdea jarrera egokian edukiko dugu, eta lepoaldeari ez dio erasango. Pantailak begien parean egon beharko luke, lepoa gehiegi luzatu behar ez izateko.

Ordenagailu eramangarriak: kontuz zerbikalekin

Tamaina txikikoak direnez eta teklatua ere barruan daramatenez, mahai gaineko ohiko ordenagailuen alternatiba gero eta erabiliagoak dira.

Onena mahai gainean jartzea da

Eramangarriak erabiltzeko normalean hartu ohi diren posturek, hasieran erosoak iruditu arren, luzarora arazoak sor ditzakete lepoan, bizkarraldean eta giltzaduretan. Zenbait espezialista hasi dira, dagoeneko, gaur egungo patologia nagusien artean gaitz berri bat aipatzen: eramangarriaren eskeletoa izenekoa, hain zuzen ere.

Nola saihestu? Besaulki edo antzeko batean eseri ordez, onena da 90 graduko angelua duen aulki batean esertzea, oinak lurrean pausatuta, eta bizkarra zuzen edukitzen saiatzea. Eramangarriak berekin dakarren teklatua erabiliz gero, eskuak eta besoak erlaxatuta edukitzea gomendatzen da, jarrera kaltegarririk ez hartzeko. Onena teklatu gehigarri bat erabiltzea izango litzateke, batez ere ordubetetik gora aritzea pentsatzen badugu, askoz ere anatomikoagoak direlako. Tarteka atsedenaldiak egitea gomendatzen da; lepoa, besoak eta bizkarraldea luzatzeko aprobetxa daitezke.

Kontuz ibili bulegoan ere

Aurrez aipatutako gailuak gutxietsi gabe, oraindik ere lantokian pasatzen ditugu ordu gehien ordenagailuaren aurrean. Eta, hortik sor daitezkeen arazoak saihesteko, komeni da lanean hartzen ditugun posturei ere arreta jartzea.

Esertzeko modurik onena. Enborraren eta besoen arteko angeluak 90 gradu eta 120 gradu bitartekoa izan behar du. Garrantzitsua da zangoak ez gurutzatzea eta oinak lurraren gainean ondo bermatuak egon daitezen saiatzea.

Jarrera egokia… egun osoan. Lanaldiaren hasieran jarrera egokia hartzen saiatuko gara, agian, baina, orduek aurrera egin ahala, bizkarra atzerantz botatzeko joera hartuko dugu, aldakak aurreratuz, pantailara gehiegi hurbilduz eta abar. Beharrezkoa da, beraz, une oro ordenagailuaren aurrean daukagun jarreraz ohartzea.

Laguntza ergonomikoak. Ordenagailuaren aurrean ordu asko eginez gero, eta jarrera egokiari eusteko zailtasunak baldin baditugu, oin-euskarria, besoak pausatzeko gailuak eta gerrirako kuxinak bezalako laguntza ergonomikoak erabiltzea gomendatzen da.

Atsedenaldiak. Posible balitz, komeni da ordu oro pare bat minutuz altxatzea, hankak luzatzeko eta sorgortu samartuta egongo diren muskuluak biguntzeko.

Kalteak ikusmenean

Gailu elektroniko guztiek, hasi smartphone edo telefono adimendunetatik eta telebista arruntetaraino, urdina esaten zaion argi bat igortzen dute. Eta argi berezi hori, bere intentsitate handiagatik, kaltegarria izan daiteke gure osasunarentzat.

Arriskuak. Ordenagailuaren ikusmen-sindromea deiturikoa izan ohi da ondorio nagusia: begietako erresumina, azkura, argiarekiko sentiberatasuna eta abar. Loaren zikloa asaldatzera ere irits daiteke ditxosozko argi urdin hori, gauean loezina eta egunean nekea eraginez.

Prebentzioa. Horrelako gailuen aurrean ordu gehiegi ez pasatzeaz gain, garrantzi handikoa da tresna horien pantailak ondo egokituak egotea —garbiak, ikusmenarentzako erosoa den kontrastearekin— eta gelako giro-argia homogeneoa izatea, pantailan inolako isla edo erreflexurik egin gabe. Begietako lehortasuna saihesteko, begiak sarritan kliskatzea komeni da, eta ordu-erdiero atsedenaldiak egitea; atseden hartzeko tarte horietan begirada urrutiko objektu batean finkatzea gomendatzen da.

————–

Eskumuturretako mina saihesteko!

Karpoko tunelaren sindromea, tendinitisa eta gisa horretako arazoen atzean ordenagailuko teklatuaren erabilera desegokia egoten da sarritan. Asaldu horien agerpenari aurrea hartzeko, garrantzitsua da eskuen eta besoen artean inolako angelurik ez egotea —eskumuturrek ez dute okertuta egon behar, ez gorantz, ez beherantz—. Teklatu berriak klasikoak baino askoz ere planoagoak, ergonomikoagoak dira, baina zure ordenagailuko teklatua ohiko horietakoa baldin bada, esku-euskarri bat erabiliz arazo guztiak baztertuko dituzu. Minaren jatorria saguan badago, ordea, saia zaitez noizean behin esku batetik bestera aldatzen, eta ea zer moduz moldatzen zaren zure esku motelarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.