Ane Urrutikoetxea / 2014-02-21 / 1.286 hitz
Hizkuntza unibertsalean doinu berriak txertatzeaz bizi diren musikagile gazteen belaunaldi berria sortu da azken urteetan Euskal Herrian.
Musikak inguratuta bizi da gizakia. Garai, estilo eta mota guztietako musika entzun daiteke, edozein une eta lekutan, dela kontzertu batean, zineman, dantzalekuan, dendetan edota etxean. Hizkuntza unibertsala dela esan ohi da. Baina nork sortzen du hizkuntza hori? Nola hasten da sormen prozesua? Konposizioa lantzen duten musikagileei esker etengabe eraldatuz doan izaki bizia da musika. Euskal Herrian ere badira konpositoreak, eta, Musikenen duela hamahiru urte sortutako konposizio ikasketei esker, gaur egun konpositore gazte ugari aurkitu daitezke musikagintzaren munduan. Ikasle horiek aurre egin behar diote lehen sormen lanak munduari ezagutzera emateko erronkari, musikaren atzean dagoen musika sortuz.
Wolfgang Amadeus Mozartek unean konposatzen zuela esan ohi da, baina musikagile gehienen errealitatea oso bestelakoa da. Urteak behar dira musika sortzen ikasteko, eta tartean ikasketa prozesu gogorra eta trinkoa igaro behar da. Instrumentu bakoitza ezagutzearekin batera, musikaren hizkuntza erabat barneratu behar dute ikasleek sortzen hasi aurretik. Musikeneko konposizio irakasle Ramon Lazkanoren esanetan (Donostia, 1968), musikaren sormen prozesua bereganatzeko bidea konplexua eta luzea da: «Musika idatziak alfabetizazioa behar du, batetik, eta entrenamendua, bestetik. Urte askotako lana da. Musika idaztea ez da erraza: soinuak nola konbinatu ikasi behar da, gero bakoitzak nahi duen konbinazioa asmatu ahal izateko, baina musika tresna bakoitzaren ezaugarriez jabetu behar duzu; partitura zer den jakin eta idazkeraren ardura izan, audio eta bideo teknologiak ematen dituen posibilitateak zeureganatu…». Sortzeko desioarekin batera, ikasleek erresistentzia behar dute, Lazkanoren ustez: «Sortzaile izateak munduarekiko begirada ideologikoa zehaztea eskatzen du nahitaez. Horrekin batera, ikasleek pazientzia izan behar dute, sortu behar dutena bizitza bateko obra delako».
Lazkanoren ikasbideari jarraitu dioten hainbat konpositore hasi dira musikagintzaren munduan muturra sartzen. Hamaika jatorritako musikariak hasten dira konposizioaren munduan, eta haietako bakoitzak musika imajinatzeko begirada bakarra dauka, baina bada guztiak batzen dituen zerbait: bokazioa. Jagoba Astiazaranek (Zestoa, 1985) ikasketetako azken urtea du aurten, eta hasia da lanak sortzen. Muturreko bi estilo lantzen ditu Astiazaranek: alde batetik, musika tradizionala edo folklorikoa, eta, bestetik, musika garaikidea. «Gustatzen zitzaidalako hasi nintzen konposizioa ikasten. Izatez, txistu ikasketak egin ditut, baina konposizioaren bidea beti egon da hor, eta, txistuarekin amaitzean, sorkuntzaren munduan barneratzea erabaki nuen». Astiazaranen lanek oihartzuna izan dute, eta hainbat sari ere irabazi ditu: azkena, Donostiako suntsiketaren bigarren mendeurreneko saria, Donostia 1813-2013 lanarekin. Dena den, ez da erraza musikagile moduan lana aurkitzea, eta askok irakasle lanarekin edo bestelako lanbideekin tartekatzen dute sorkuntza: «Zaila da konpositore lanetik bizitzea. Ikasketak amaitu ondoren, ez dago egindako lan hori garatzeko lekurik. Goi mailako ikasketak egiteko aukera badugu, baina, geure proiektuak garatzen jarraitzeko, askotan kanpora joan beharra dago». Astiazaranen esanetan, musikagile gazteei inguruak ematen die lehen aukera. «Lehen pausoak lagun giroan ematea da ohikoena. Nik, behintzat, ezagunek eta ingurukoek eskatutako obrak egiten ditut gehienetan. Horrekin batera, badaude eskaera zehatzak egiten dituzten elkarteak eta musika taldeak, eta, gehienetan, interprete edo instrumentu jakin batentzako piezak sortzen ditut. Enkargu handiak ezagun bihurtzean iristen dira, eta, bitartean, emateko duguna erakusten saiatzen gara».
Astiazaran ez da Euskal Herrian konposizioarekin lehen pausoak ematen hasi den musikari bakarra. Mikel Chamizo (Tolosa, 1980) Madrilen bizi den arren, Donostian eta Bilbon interpretatu dituzte haren lanak. «Ikasketak amaitu bezain laster, Madrilera etorri nintzen, hemen aukera gehiago izango nituela sinetsita. Baina, azkenean, Euskal Herrian aurkeztu ditut nire lan gehienak».
Musikenen konposizio ikasketak egiten hasi ziren ikasleen lehen belaunaldikoa da Chamizo. Aurretik oboe ikasketak egindakoa, Mundo clásico aldizkarirako kritiko lanetan zebilela aurkitu zuen musikaren beste aurpegia. «Normalean, musika ikasketak oso gaztetan hasi ohi dira, baina ni 20 urterekin sartu nintzen Musikenen. Ikasketa gogorrak eta oso zorrotzak izan ziren; ordu asko eman behar izan nizkien ikasketei aurrera egiteko. Azken azterketa amaitu eta hurrengo egunean, Madrilera joan nintzen, musika garaikideaz nazkatuta». Madrilen, mota guztietako musika estiloekin esperimentatu zuen Chamizok, eta, azkenean, garaikidera bueltatzea erabaki zuen; horretarako, proiektu berezi xamarra sortu zuen. Egunero pieza bat idatzi, sortu eta Twitterren partekatzen igaro zuen Chamizok 2011. urtea. «Garaikidetik denbora batez aldentzean, zaila da berriro behar bezala konposatzea. Horregatik, egunero pieza bat konposatzea erabaki nuen».
Atzerrira begira
Euskal Herrian musikagile hasiberrientzat aukerak egon arren, askok kanpora joateko erabakia hartu dute. Gehienentzat, Paris da aukera gehien ematen dituen hiria. Hango kontserbatorioan ikasketak amaitzen dabil Mikel Urkiza (Bilbo, 1988), eta jada haren hainbat lan interpretatu dituzte Krater Ensemblek, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Diotima Laukoteak. Urkizarentzat, atzerrira joatea ez da aukera berriak aurkitzeko bidea bakarrik; sortzaile moduan osatzeko modua ere bada, eta Euskal Herrira bueltatzeko asmoa du: «Gazte guztiok ez gara arrazoi berengatik urrundu. Uste dut badagoela lekua niretzat euskal musikagileen artean, baina Parisen ikasi nahi nuen, hiriko eskaintza kulturalak nireganatzeko».
Kontrako bidea egiten duten musikagileak ere badira. Hain zuzen ere, jatorri askotako gazteek aukeratzen dute Musikene musika ikasketak egiteko. Musikagintza ikastaroan hamabost ikasle daude, horien artean Paula Alvarez (1987), Segoviatik (Espainia) etorritako musikagilea. «Betidanik izan dut musika sortzeko grina. Konposizioari esker, instrumentu guztiak jotzearekin batera, haiekin nahi dudana egin dezaket. Terapeutikoa eta, aldi berean, mendekotasuna sortzen duen zerbait da».
Emakume gutxi daude harekin klasean, eta horietatik bat bera ere ez da Euskal Herrikoa. «Soilik lau neska gara klasean. Badaude emakume musikagileak, baina gutxi dira. Belaunaldien aldaketa kontua dela uste dut; gainontzeko instrumentu guztietan aurkitu daitezke emakumeak. Sorkuntzan ere, gertatzen ari da aldaketa».
Erakundeek babestuta
Euskal Herrian, musikaren eta musikagileen egoerarekin nahiko baikorrak dira musikagile gazteak. Egoera ekonomiko zailak eta lehiak ez dira atzera egiteko arrazoia, eta askok elkarteetan eta diru laguntzetan aurkitu dute aurrera egiteko bidea. Urkizaren arabera, atzerriko herrialde garatuenen parean dago Euskal Herria. «Atzerrian ikasi dut euskal bizitza kulturalaren balioa. Nahi gabe mespretxatu izan dut batzuetan, baina, zehaztasun eta zintzotasunez aztertuz, itxaropenerako arrazoi asko daudela uste dut. Frantzian, sorkuntzak, beharbada, harrera kritikoagoa eta jakintsuagoa dauka, baina ez hobea. Paris tradizio artistiko handiko hiria den arren, askotan kontzertuak erdi beteta daude».
Erakunde publikoekin batera, sortzaileak biltzen dituzten elkarteak ere badaude Euskal Herrian: Musikagileak eta Garaikideak, esate baterako. Zailtasun ekonomiko eta sozialei aurre egiteko ezinbestekoak dira, Iñaki Estradaren esanetan (Donostia, 1977): «Idazten dugunaren %90 erakundeek enkarguz eskatutako lanak dira. Musika sortzeko diru laguntzak Eusko Jaurlaritzatik eta Espainiako Kultura Ministeriotik jasotzen ditugu gehienbat. Laguntza pribatuak ere badaude, edo baziren; horietan garrantzitsuena, BBVA fundazioarena. Dena den, musikagileontzat zailena sare publikotik irtetea da». Estradak Salamancako (Espainia) Goi Mailako Musika Eskolako irakasle lanekin tartekatzen du sorkuntza. Munduan zehar ikasten eta lanean ibili ondoren, Euskal Herriko laguntzak eskertzen ditu. «Atzerrian ez da Euskal Herrian baino errazagoa aurrera egitea. Euskal Herrikoa izateak garrantzia duela konturatu naiz. Espainian jasotzen dituzten laguntzekin alderatuta, Jaurlaritzak kulturari emandako babesa duina da. Dena den, horrek galdera bat sortzen dit; nork eman behar dio garrantzia sorkuntzari, erakundeek edo herritarrek?».
Hain zuzen ere, entzuleen eta musika garaikidearen arteko borroka da musikagileen erronka nagusietako bat. Sortzearen zailtasunekin batera, sortutakoa onartua izatea ez da erraza. Orokorrean, musika tradizionalak harrera hobea izan ohi du, baina musikari gazteek gogoko dute gauza berritzaileak sortzea. Urkizaren esanetan, gaur egun estilo guztietako musika sortzen da, eta garaikidearen barruan ere mila estilotako musika aurkitu daiteke: «Garaikidetasuna denborarekiko kokapena da. Hortaz, musikagile garaikideek pop, rock, rap eta musika elektronikoa sortzen dute, batez ere. Goi mailako ikasketak egin ditugunok musika berria idazten saiatzen gara askotan, eta estilo ugari daude berritasun horiek adierazteko».
Estilo berritzaileekin batera, musika aurkezteko formatu berriak erabiltzearen alde dago Chamizo. Internet musika ezagutzera emateko ezinbesteko tresna da, haren esanetan. «Kontzertuetara joatea berezia eta ederra da, baina musika lantzeko beste bideak ditugu gaur egun. Teknologiak asko lagundu dezake horretan». Ez da erraza, ordea, berritasun horiek guztiak aurrera eramatea. «Jendeari asko kostatzen zaio gauza berriak kontsumitzea. Esate baterako, Donostian hainbat eskaintzarekin bete egiten dira aretoak, eta hegoaldeko Salzburgo dela esan ohi da. Baina joan Viktoria Eugenia aretoan musika garaikideko kontzertu batera, eta askotan erdi hutsik egongo da. Eta ez da komunikazio arazoa. Jendea ez da animatzen ezagutzen ez duen edo ulertzeko zailagoa den musika entzutera». Azken finean, sortzaile guztien erronka nagusiari aurre egin behar diote musikaren etorkizuneko idazleek: publikoaren onespenari, hain zuzen ere.