Sukaldaritzan aritzea, osasunerako garrantzitsua

Arantza Lorenzo / 2014-02-18 / 733 hitz

Jaki prestatuek betiko sukaldaritza ordezkatu dute azken urteetan; osasunerako, baina, kaltegarriagoak dira, eta, horregatik, garrantzitsua da sukaldean aritzen ikastea.

Azken urteetan, betiko sukaldaritza aurrez prestatutako janariarekin ordezkatzen da maiz; dieta mediterraneotik urruntzen ari da, eta, gainera, osasunerako kaltegarriago bihurtzen ari da. Europan eginiko zenbait ikerketak honako hau erakutsi dute:

• Sukaldaritzan maizago aritzen direnek gehiago betetzen dituzte dieta orekatuaren irizpideak, eta oinarrizko elikagaien kontsumoa handiagoa da.

• Sukaldaritzan trebetasun eta konfiantza gutxiago dutenen artean, fruta eta barazkien kontsumoa urriagoa da.

• Umeek guraso edo zaintzaileen elikadura joera eta ohiturak imitatzen dituzte helduak direnean. Hau da, familian sukaldaritzan aritu eta modu osasuntsuan elikatzen diren haurrek helduak izatean joera gehiago izaten dute janari freskoak erosi eta modu osasuntsuan prestatuta kontsumitzeko.

• Etxetik kanpo aurrez prestatutako janariak jaten dituztenen artean, oro har handiagoa da koipe kontsumoa, eta, oso modu berezian, koipe aseena ere bai. Bitamina, zuntz eta gatz mineralena, aldiz, urriagoa.

Horregatik, gaur egun, Europan aztertzen ari dira eskolan, oinarrizko nutrizio ezagutzekin batera, sukaldaritzarako trebetasunak erakustea, osasuntsu elikatzen ikasteko estrategia eraginkorra izan daitekeelako.

Hainbat ikerketak erakutsi dute harremana dagoela sukaldaritzari buruz jakitearen eta osasun ona edukitzearen artean. Argi dago osasuntsuago elikatzeko sukaldaritzan trebetasuna eta konfiantza izateak izugarri laguntzen duela. Bestalde, sukaldean aritzeak soilik ez du ziurtatzen elikadura orekatua eta osasuntsua izango denik. Osagai eta produktu fresko eta egokiak aukeratzen jakiteak, horiek manipulatzeko moduak —elikadura osasuntsuaren irizpideen arabera— eta dieta planifikatzeak eragina izango du horretan.

Horregatik, garrantzitsua litzateke eskolan sukaldaritza irakastea; gutxienez, ziklo bakoitzeko ikasturte batean eskaini beharko litzateke.

Aurrez prestatutako janaria kontsumitzearen zergatiak:

Erosotasuna: Argi dago aurrez prestatutako janariak «erosotasuna» ekartzen dutela. Baina hori gure elikaduran oso ohiko bilakatzen bada, geroz eta esfortzu gutxiago eskainiko diogu elikadura zaintzeari eta sukaldaritzan aritzeari. Pertsona bat ia prestakuntzarik behar ez duten janarien menpeko egiten bada, geroz eta esfortzu gutxiago egingo du janari freskoak erosi, prestatu eta kontsumitzeko. Horrek eragina izango du nutrizio egoeran eta osasunean.

Gaur egun, produktuetan eskaintza zabala eta denbora gutxi. «Dendan hainbeste produktu prestatuak eduki, eta zertarako jardungo naiz, bada, lanean, ia denborarik ez dut eta?» Lehentasunak lehentasun, osasunean irabaziko duzulako. Jaten duzunak zure osasunean eragin zuzena duelako. Aurretik erositako produktuak ohituraz kontsumituz gero, koipe ase gehiago eta bitamina eta gatz mineral gutxiago barneratzen duzulako.

Ezagutzarik eza: Hainbat ikerketaren arabera, pertsona gehienek amarekin ikasi dute sukaldean. Baina emakumeak lan mundura irteteak egoera hori aldatu egin du. Haurrak ez badu ikusten etxean janari taldeak erosten eta prestatzen, ezin du ikasi. Eskolan ikusi izan dugu hainbat haurri barazki, fruta eta arrainen izenak esan eta «zer da hori?» galdetzea.

Sukaldaritzan aritzearen eta osasunaren arteko harremana

Pertsona batek bere osasun egoera egokia mantentzeko, berrogei elikagai baino gehiago behar ditu, proportzio egokietan. Ez dago berrogei horiek bere osotasunean barne hartzen dituen janari eta janari talderik; janari ezberdinen konbinaketaren bitartez lortzen da. Horregatik komeni da gure dieta askotarikoa izatea. Erosketak egiterakoan ongi aukeratzea eta erositakoa modu egokian erabiltzea ezinbestekoa izango da, beraz, osasuntsu elikatzeko. Baina, askotan, ez da hori gertatzen. Merkatuan janari mota asko egon arren, ez dugu jakiten nola erabili modu egokian.

Gaur egun, Europako gazte gehienek ez dute ia abilezia eta erraztasunik sukaldean, eta horrek janariak aukeratu eta horiek prestatzeko autonomia gutxiago izatea eragiten du. Hori muga garrantzitsu bilakatzen da elikadura osasuntsua izateko garaian.

Sukaldaritza berreskuratzeko ideiak:

Ikasi etxekoengandik betiko errezetak. Eutsi zure herri eta familiako sukaldaritza tradizioari, gaur egungoarekin konbinatuz.

Planifikatu ongi zure denbora, tarte bat sukaldaritzari eskainiz eta izozkailuaren abantailak aprobetxatuz: Izozkailua erabiltzeak guk prestatutako jakiak bertan kontserbatzea ahalbidetzen du. Dieta orekatu eta askotariko bat izateko aukera areagotzen du. Pureak, dilistak, haragi xehatua, haragi egosia, arraina saltsan, kroketak… denbora dugun egun batean, kantitate handiagotan presta daitezke, eta izozkailuan gorde. Tarteka, otordua prestatzeko denboraz urri gabiltzanean, eta betiere gure dieta orekatuaren planifikazioaren arabera, ateratzen joango gara.

Gazteak sukaldaritzan parte hartu: Adinaren arabera, janariak erosten, sukaldean aritzen, mahaia jartzen, sukaldea jasotzen… Oso garrantzitsua da familiako kide guztiek parte hartzea, arduratsu sentitu, autoestimua indartu eta elikadura eta sukaldaritzan ohitura osasuntsuak barneratzeko aukera eskaintzen duelako.

Eskolan elikadurarekin zerikusia duten ekintzak egin: Baratzea, sukaldaritza ikastaroak… Ez bakarrik Lehen Hezkuntzan, DBHn are garrantzitsuagoak dira, gaitasuna handiagoa delako eta etxean bakarka (helduen laguntzarik gabe) praktikatzen hasteko adin polita delako.

Horretarako lagungarri izan daitekeen liburu bat:

Ttarttalo argitaletxeak BERRIArekin batera argitaratutako 200 errezeta goxo eta osasuntsu liburua lagungarria izan daiteke sukaldean ibiltzen ikasteko. Bertan, hasierako orrietan dieta orekatuari buruzko hainbat irizpide eta gomendio topatuko ditu erabiltzaileak, eta, horrekin batera, etxean edozeinek prestatu ahal izateko errezeta goxo, erraz eta osasuntsuak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.