Argazkien ezkutuko informazioa

Aitor Aretxaga Agirre / 2014-03-12 / 527 hitz

Argazki ugari partekatzen dira gaur egun sare sozialetan. Baina irudiek aurreneko bistan erakusten duten baino informazio gehiago gordetzen dute. Argazkietako metadatuek argazkiaren testuinguruaren informazio xehetua daramate.

Amarauneko arriskuen jakitun, erabiltzaileak partekatzen duen informazioari begirune handia dio dagoeneko. Ez dago jakiterik sare sozialetan, web orrietan edo posta elektronikoetan partekatzen diren datu pribatuak zeinen eskuetara helduko diren. Kontua da partekatzen dugun informazioa beti ez dagoela bistara. Izan ere, bideo edo argazki batek azalean erakusten duen baino informazio gehiago gordetzen du bere barruan.

Azken belaunaldiko kamerek, ateratzen dituzten irudiekin batera, metadatuak gordetzen dituzte. Testuinguru datuei esaten zaie metadatuak; datuen izaera edo kokapenari buruzko informazioa ematen dute, hain zuzen. Irudietarako, EXIF edo Exchageable Image File Format izena hartzen dute. Argazkia noiz atera den, gailua, objektiboa eta lentearen uneko ezarpenak ageri dira. Baina geokokapenerako gaitasuna edo GPS gaitua duten gailuetan, kokapen zehatza ere gordetzen dute. Garbi dago, beraz, azken belaunaldiko edozein telefono edo tabletarekin egindako argazkiek informazio asko jasotzen dutela barruan. Baita Internet sarbiderik gabe egonda ere.

Sare sozialen datuen babesa

Hots, etxean egindako argazkia partekatzean, norbere helbidea publikatzeko arriskua dago harekin batera. Alabaina, kokapena partekatu nahi den galdetzen dute sare sozial gehienek haien web eta aplikazioetan partekatu orduko. Ezezkoa aukeratuz gero, informazio horiek arbuiatzen dira irudi eta bideoen kopiak zerbitzarietan kargatzerako. Alde horretatik babestuta egon arren, aintzat hartzekoa da gero ere igotzen diren argazkien jabetza intelektuala eta erabilpen eskubideak galtzen dituela erabiltzaileak. Baina hori beste kontu bat da.

Facebook, Twitter, Google+, Linkedln, Instagram edo Tuenti-k datu pribatuak arbuiatzeko aukera ematen dute. Ostera, Foursquare nahiz Pinterest zerbitzuek haien web aplikazioetatik argazkiak igotzeko garaian etorri ahala gordetzen dituzte argazkiak, iragazki gabe.

Ordea, bien kasuan telefonorako aplikazioa erabiltzen bada, datu horiek ez gordetzeko eskaera egiteko aukera dago. Bestelakoa da Flickr eta Picasa zerbitzuen kasua. Horietan, fitxategia kargatzeko orduan ez da salbuespenik egiten, eta metadatu eta guzti jartzen dira irudiak sarean. Edozein zelatariren eskura.

Bistakoa da sare sozialak pribatutasuna babesteko doikuntzak egiten ari direla, baina gaur-gaurkoz, gabeziak dituztenak badira. Arriskuak ezagutuz gero, zer partekatu behar den bakoitzaren erabaki bihurtzen da.

Metadatuak egiaztatzeko zein ezabatzeko erak

Informazioa eskuratzeko zein ezabatzeko ordenagailurako programak erabil daitezke. Irudi baten barruan dauden metadatuak begiratzeko, EXIFTool tresna erabil daiteke. Windows eta Mac-erako dago eskuragarri webean: http://www.sno.phy.queensu.ca/~phil/exiftool/. Metadatuak idatzi eta editatzeko ere erabil daiteke gainera. GNU/Linux banaketetan komando lerrotik egin daiteke instalazioa, egiaztaketa eta ezabaketa, hurrenez hurren:

• sudo apt-get install libimage-exiftool-perl

• exiftool /tmp/nire_argazkia.jpg

• exiftool -all= /tmp/nire_argazkia.jpg

Bestela, informazio gutxiago eskuratzen den arren, ezer instalatu gabe jaso daiteke testuinguru informazioa. Baita ezabatu ere: Windows-en kasuan, irudiaren gainean eskuineko botoiarekin klik egin eta Propietateak-Xehetasunak atalean ikusten dira, eta beheko aldean Kendu propietateak eta datu pertsonalak aukera ageri da.

Mac OS X sistemetan, irudiaren gainean eskuineko botoiarekin klik egin eta Get Info atalean ageri da EXIF informazioa. Euskarri honetan metadatuak ezabatzeko era errazena irudiaren kopia bat egitea da, honela: argazkiaren aurrebistan File-Export-PNG formatua aukeratu. Testuinguruaren informazio gabe egiten du kopia orduan, eta era berean, hori erabil daiteke amaraunean jartzeko. Ubuntun, berdin: informazioa ikusteko, irudiaren gainean eskuineko botoiarekin eginda, Propietateak atalean aurkitzen da atal hori.

Dena dela, irudia atera aurretik aldi baterako GPS desgaitzeko aukera egin daiteke. Pribatutasuna babesteko ondorengo eragiketak aurrezteko balio dezake. Izan ere, partekatzen ez den informazioa beti dago babespean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.