Hiriak, zuhaitzak eta klima aldaketa

Lander Muñagorri Garmendia / 2014-03-05 / 675 hitz

Zuhaitzek funtzio ugari bete ditzakete hirietan: tenperatura jaits dezakete itzalak sortuz, hezetasuna eragin, edota kutsadura xurgatu. Baina gaizki landatuz gero, kea leku berean kontzentratuta geratzeko arriskua dago.

Hiri batera joan, edozeinetara. Ingurura begiratu, eta zuhaitzen bat egongo da nonbait. Hiri antolamenduetako parte dira zuhaitzak; «ezinbestekoak herritarrei oxigeno burbuila bat emateko hiriaren erdian». Baina zuhaitz horiek jartzeko irizpidea estetikoa izaten dela gogoratu du Juan Angel Acero Natur Zientzietako doktore eta Tecnaliako ikertzaileak. «Leku batean edo bestean jartzeko arrazoiak itxuraren arabera hartu ohi dira». Ez dio erabaki horrek okerra izan behar duenik, edo behar ez den lekuan daudenik, baina askotan zuhaitzek hirietan bete dezaketen funtzioa «ahaztu» egiten dela uste du. Arboladiak ez baitira hiriak edertzeko soilik, ingurumena eta kutsadura aldatzeko gai izan daitezke era berean. Eta munduko edozein hiritan egin daiteke hori. Alberto Martilli fisikari eta Ciemat Espainiako energia, ingurumen eta teknologiaren ikerketa zentroko ikerlaria horretan ari da, bederen.

Hirigintza proiektuak nola egin jakiteko tresna bat garatzen ari da Martilli. Hain zuzen ere, munduko edozein hiritan aplikatu ahal izango den formula bat garatzen ari da, kutsadura eta tenperatura murrizteko hirigintza proiektuak nola egin jakiteko. «Hiri bakoitza ezberdina da, eta haren kokapen geografikoak asko eragiten du horretan. Ez baita berdina Atenas edo Bilboko klima». Baina gutxieneko batzuk jarri nahi ditu mahai gainean. «Oraindik ez dakigu non eta nola jarri beharko liratekeen, baina hori jakiteko tresna garatzen ari gara». Lehen urratsak egiten ari dira, eta teoria praktikara eramango dute laster. Madrilen eta Bilbon hasiko dira horretan.

Hiriaren klima, kalearen zabalera, eraikinen garaiera, errepidearen hedadura eta beste hainbat elementu kontuan hartuta kalkulatzen dute leku bakoitzean zein zuhaitz edo landare jarri. Hau da, eskala ertain eta txikiko azterketak eginda erabakitzen duten zer jarri beharko litzatekeen, non eta nola. Baina Acero ez dator horrekin bat. «Zehaztapen orokorrak ezarri ahal izango dira formula horrekin, baina hortik aurrera, lekuan lekuko esku hartzeak egin behar dira», dio.

Baina landareak eta zuhaitzak non jarri erabakitzeaz gain, zer landatu ere erabaki behar da. Eta horretarako ere ikerketa egiten ari da Martilli. Haren esanetan, bertako zuhaitzen aldeko apustua egin beharko litzateke batez ere, baina «horiek askotan ez dute hiriko giroan behar bezala erantzuten». Eta ez hori bakarrik, hosto mota bakoitzak kutsadura gehiago edo gutxiago xurgatu ahal dezake. Oraindik horren xehetasunik ez daukate, baina arbolen erantzunak aztertzen ari dira.

Ahalegin horiek guztiak munduko klima aldatzera doalako hartu dituzte, eta horri aurre egiteko hiriek lehentasuna dutelako. «Hortik aurrera ikusiko dugu», dio Martillik.

Urte asko dira klima aldaketari buruz hitz egiten hasi zenetik, eta Acerok uste du horren inguruan hirietatik lan egin daitekeela. «Munduko biztanleen bi herenak bertan bizi dira, eta datorren hamarkadan kopuru horrek %10 egingo du gora. Eta hirietako giroak hobea izan behar baldin badu, zaindu egin beharko da», haren esanetan.

Izan ere, hiriek oinarritik geometria jakin bat daukate, material artifizialekin eraikiak dira, eta bertan egin ohi diren ekintzak ere ingurumenarentzako kaltegarriak izan ohi dira. Eta hori bi bidetatik sumatu daiteke: airearen kutsaduran eta tenperaturan. Eta horien aurka borrokatzeko zuhaitzak edo landarediak egokiak dira. Kutsadura xurgatzen dute, itzala eta hezetasuna sortu, eta haizearen aurkako harresi natural gisa funtzionatu dezakete. Tecnaliak horren inguruko ikerketa bat egin zuen, Bilbon zuhaitz jakin batzuk landatzeak nola eragin dezakeen jakiteko.

Zuhaitz ilara bat errepide baten ondoan jartzen baldin bada, autoek sor dezaketen kutsadura xurgatu dezakete, betiere behar den kopurua jarriz gero. Bestela, «kutsadura zabaltzea galarazi dezake», Aceroren arabera, eta horrek berarekin ekar lezake leku jakin batzuetan airea beste leku batzuetakoa baino kaskarragoa izatea. Hori dela eta, hiriz hiri, edo kalez kale aztertu beharreko gaia dela nabarmendu du ikerlariak. Era horretan, plaza edo kale bateko giroa hobetzea lortuko litzatekeela dio. Eta adibide bat ere jarri du: Bilboko Indautxu plaza. «Kalez inguratutako plaza bat da, eta plazaren inguru guztian zuhaitz ilara bat jarriko balitz, hiru gradu jaitsi ahal izango zen bertako tenperatura zuhaitzek sortuko luketen itzalaren ondorioz. Eta kutsadurak ere behera egingo luke». Baina kasu jakin horrek bere alde txarra ere izango luke. Plazatik ke kutsagarriak saihestu ahalko ziren, baina inguruko kaleetan areagotu egingo zen kutsadura, landare harresiak ez ziolako igarotzen utziko. Horregatik, hirigintza proiektuetan faktore guztiak kontuan hartzeko eskatu du Acerok, «gaur egun ez bezala».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.