Anjel Lertxundi / 2014-04-27 / 120 hitz
Hitzen baten bila bazabiltza, nahierako nahi adina hiztegi daukazu sarean. Zerbaiti buruzko informazio fidagarria (?) nahi baduzu, Wikipediara jotzen duzu. Idazten ari zarenak okerren bat egin orduko, hor hasten zaizu Xuxen abisu gorriak ematen. Zernahitarako egarria asetzen dizun iturria da Internet. Baina egunen batean, «Internet erori egingo da eta izuzko uholdeak biziko ditugu», iragarri berri du Dan Denett filosofoak. Momentu apokaliptiko hartan, Ebanjelioak salbatuko ez direnei iragarritako «egarra eta hortz-karraskak» entzungo dira, eta lehendabiziko paniko-egunak gainditzeko gai bazara, ez duzu beste erremediorik izango: entziklopedia zaharretara jo nahiko duzu, hiztegi horizkatuen bila hasiko zara, aspaldiko urtetan ukitu ere egin ez duen gramatika betikoa beharko duzu, baina, ai tamalaren lorra!, damu eternoa etorriko zaizu bi sosetan saldu zizkiolako bigarren-eskuko liburuen tratulari bati.