Jabier Agirre / 2014-03-04 / 865 hitz
Hamar pertsonatik zazpik jasango dute lidiko-erretentzioa bizitzako uneren batean, batik bat emakumeek. Uda izan ohi da urteko sasoirik okerrena, tenperatura altuek odol-zirkulazioa eragotzi eta sintomak areagotuko baitituzte. Dieta eta ariketa dira neurririk eraginkorrenak.
Zangoak astunak sentitzea, betiko gerrikoak gehiegi estutzea, eraztunak kentzeko zailtasunak izatea, gizentzeko joera ezin ulertzea… Horiek dira gaur jorratuko dugun egoeraren sintomarik ohikoenak. Likidoen erretentzioa ez da aparteko larritasunik eragiten duen gaitz bat, baina, hala ere, erabat deserosoa eta nekagarria gerta daiteke kasu askotan.
Zergatik gertatzen da?
Likidoen erretentzioa ez da gaixotasun bat bere hartan, hainbat egoeratan agertzen den sintoma bat baizik. Beroa, hormonen gorabeherak, gehiegizko gatza eta idorreria bezalako faktoreek, alde batetik, eta gibeleko nahiz giltzurrunetako gaitzek, bestetik, garrantzi handia dute. Izan ere, arrazoi horietako baten edo guztien ondorioz, gorputzeko ehun bigunak puztu egiten dira, ehun horietan likidoari eutsi egiten baitzaio.
Nola detektatu?
Zure dieta behar bezala zaindu eta kontrolatu arren, inola ere galdu ezin ditzakezun kilo horiekin ernegatuta bazaude, litekeena da ura izatea soberan, gantzaren ordez. Egiazki likidoen erretentzioa dela egiaztatzeko, eta bide batez beste osasun arazo posibleren bat baztertzeko, errepara ezazu ea pisua gehitzearekin batera beste sintoma hauek ere agertzen ote diren:
• Nekea. Normala baino nekatuagoa egotea izan ohi da trastorno honen seinalerik usuenetako bat, batez ere nekea inolako arrazoirik gabe eta goizeko lehen orduetatik agertzen bada, are gau osoan behar bezala atseden hartu ondoren ere.
• Hantura. Puztuta gehien nabarmentzen diren atalak eskuak eta oinak izaten dira: gorputz-adarrak handituta, agian deformatuta ere ikusiko ditugu, gauean batik bat; ohikoa izaten da, esate baterako, gau aldera eskuetako hatzetatik eraztunak kentzeko zailtasunak edukitzea.
• Zangoetako astuntasuna. Zirkulazio txarra duten pertsonek, gainera, zangoak oso astunak sentituko dituzte.
Eta prebentzio gisa, zer?
Likidoen erretentzioaren atzean bestelako alterazio garrantzitsuago bat ez baldin badago —eta hori medikuak soilik ziurtatuko digu—, oso litekeena da neurri hauek hartuz arazoa desagertzea.
• Edan ura. Edateari utzi arren, gorputzak ez dio likidoak eusteari utziko, justu alderantziz baizik. Horregatik, behar-beharrezkoa da egunero ur nahikoa edatea, toxinak kanporatzeko.
• Murriztu gatza. Substantzia horrek likido gehiegi eustera behartzen du gorputza. Horregatik, otorduetan, mahaian gaudela janariei gatzik ez gehitzeaz gain, berez gatz asko daukaten elikagaiak eta prestakinak saihestea komeni da (adibidez, aurrez prestaturiko jakiak, kontserbak, aperitibo gaziak, gazta onduak etab.).
• Dieta osasungarria. Gehitu zure jan-neurrian diuretikoak diren janariak, frutak eta berdurak, esaterako —egunean bi fruta-ale eta hiru berdura-arrazio hartzea da neurririk onena—. Potasio ugariko elikadura egitea komeni zaizu, mineral hori ezinbestekoa baita gorputzeko likidoen maila erregulatzeko. Lekaleetan, platanoetan, fruitu lehorretan, meloian, letxugan eta tomatean aurkituko duzu, besteak beste, potasioa.
• Konponbide naturalak. Txikoria-belarra bezalako landareak ere oso baliagarriak dira arazo honi aurre egiteko, bai hosto freskoak erabiliz —oso goxoa geratzen da entsaladan— eta baita hosto lehorrarekin ere —infusioan—. Eta egunero-egunero hartzeko modua daukazu, gainera.
• Ariketa. Sedentarismoa da gaitz hau jasateko arrisku-faktorerik garrantzitsuenetako bat. Horregatik, egunero kirola edo ariketa fisikoa egitea gomendatzen da, hogei minutuz gutxienez, betiere pertsona bakoitzaren adina eta sasoi fisikoa kontuan hartuz.
• Eduki zangoak goian. Egunean ordu asko eserita edo zutik pasatzea izan daiteke zangoetako hanturaren arrazoi posibleetako bat. Horri aurre egiteko, saia zaitez hankak goian dauzkazula atseden hartzen, egunean ordu-erdiz gutxienez. Ur hotzeko dutxak eta itsasertzean egindako ibilaldiak ere oso lagungarriak izango zaizkizu.
Trastornoa arintzen duten neurriak
Aurreko aholkuez gain, hona erraz betetzeko moduko gomendio batzuk:
• Arnasketa sakona. Behar bezala oxigenatzeak gorputzean pilatzen diren toxinak kanporatzen eta likido-erretentzioari aurre egiten lagunduko dizu. Horretarako, abdomenarekin arnasten saiatu behar duzu, airea hartzean bularraldeaz gain sabela ere erabat zabalduz.
• Hidroterapia etxean. Gorputza uretan sartzen denean, dela itsasoan, dela igerilekuan edo baita etxeko bainuontzian ere, likidoak drainatzen laguntzen duen masaje oso egokia egiten dio urak gorputzari. Eta horretaz gain zangoak mugitzen badituzu, uraren eragina are hobea izango da.
• Konpresioko galtzerdiak. Likido-erretentzioak batez ere zangoei erasaten badie, horrelako galtzerdiek hantura txikitzen lagunduko dute. Mota askotako galtzerdiak daude, eta denak ez dira egokiak kasu guztietan; horregatik, galtzerdi horiek erabili aurretik beti medikuari galdetzea komeni da.
• Produktu naturalak. Dietetikako dendetan, arazo honen kontra baliagarriak diren hainbat produktu aurkituko dituzu. Boldoa eta azeri-buztana bezalako landare diuretikoen kapsulak oso eraginkorrak izan ohi dira; gatz hiposodikoek, berriz, gatz gutxiko jan-neurriak jasangarriago egiten lagunduko digute.
——————-
Gaitza eragin dezaketen beste faktore batzuk
Ez da beti erraza izaten likido-erretentzioaren arrazoiak zeintzuk diren argitzea. Zalantzarik izanez gero, pentsa ezazu ea hurrengo puntuetakoren bat izan daitekeen trastornoaren sortzailea.
• Hilekoa. Hantura zikloaren bigarren fasean gertatzen bada, hilekoaren aurretik gertatzen diren gorabehera hormonalek zerikusia izango dute seguruenik. B bitaminatan aberatsak diren elikagaiak gai dira alterazio horiek erregulatzeko (zereal integralak, hosto berdeko berdurak etab.).
• Idorreria. Ez bazara komunera maiz eta erregularki joaten, toxinak pilatuko zaizkizu gorputzean, eta likidoen erretentzioa areagotuko da. Zuntz ugariko dieta batek bi arazoei aurre egiten lagunduko dizu (idorreriari eta likido-euspenari).
• Tabakismoa. Tabakoak hodi kapilarrak ahultzen ditu, eta likido-erretentzioa gertatzeko arriskua gehitu. Tabakoaren aztura bertan behera uztea, beraz, trastorno horren kontra borrokatzeko neurri egokia da.
• Eguzkia eta beroa. Tenperatura beroek odol-hodiak dilatatzen dituzte, eta horrek ehunetara likido gehiago pasatzea dakar. Giro freskoan ahalik eta denbora gehien egotea eta eguzkipean jartzea saihestea lagungarri gerta dakizuke.
• Farmakoak. Hipertentsioaren kontra errezetatzen diren botika batzuek, kortikoideek, antidepresibo jakin batzuek eta ahotiko antisorgailuek, likidoen erretentzioa eragiteko joera handi samarra daukate albo-ondorioen artean. Horrela, bada, horietako botikaren bat hartzen ari bazara, galde iezaiozu zure medikuari.