Jon Rejado / 2014-03-13 / 578 hitz
Esparru teoriko orokorretatik abiatu eta gai zehatzetara jotzeko eskatu du Sanmartik, betiere ikaskuntza esanguratsuaren bila.
Edukiak irakatsi beharrean, galderak egiten irakastea ezinbestekotzat jo du Neus Sanmarti (Bartzelona, 1948) Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko zientzia irakasleak. Ikastolen Elkarteak Zientzia ikasi eta irakatsi zertarako? lelopean antolatutako XXI. Jardunaldi Pedagogikoetan zientziaren irakaskuntzak duen garrantzia azaldu du Sanmartik, haur hezkuntza eta lehen hezkuntza jomugatzat hartuta.
Zientzia… Zergatik eta zertarako?
Zientzia gizateriak sortu duen kulturetako bat da, besteak bezain garrantzitsua. Arrazionaltasunean oinarritutako pentsamendua garatzen laguntzea da zientziaren funtzio espezifikoa. Baieztapenak frogetan oinarritu behar dira. Horrez gain, zientziek ekintzak egiteko moduan eragiten dute. Zergatik bota behar dugu zaborra edukiontzi zehatz batera? Horri esker, ez ditugu erabakiak hartzen norbaitek agintzen digulako, baizik eta hala erabaki dugulako. Are gehiago, proposamenak ere egingo ditugu.
Zein da helduen lana gazteei zientzia irakasteko prozesu horretan laguntzeko?
Lehen gauza da galdera onak mahaigaineratzen irakastea. Zientzian esan ohi da galdera on batekin ikerketaren erdia eginda dagoela. Eskolan ere ikasleak, galdera on bat eginez gero, ikaste prozesuaren erdia egin du.
Eta nolakoa da galdera on bat?
Nola duten galderak dira. Nola gertatzen da zerbait? Horrek prozesuetan pentsatzera behartzen gaitu. Hori da lehen ideia. Erantzuteko esparru teorikoak eraiki behar ditugu, eta umetatik egin daiteke hori.
Nola lortzen da hori?
Ezin dugu elefanteei buruz hitz egin, aurretik animaliak zer diren ez badakigu. Orokorretik zehatzera joan behar dugu. Horrez gain, gauzak gertatzearen zergatia azaldu behar zaie haurrei. Gauzak ez dira magiaren ondorioz gertatzen. Umeek galderak egin ditzaten sustatu behar dute helduek, ez gorputzaren hezur guztiak buruz ikasi dituztela ziurtatzea.
Zeintzuk dira esparru teoriko orokor horiek?
Zientzia diziplinen arabera antolatu da, eta horien inguruan funtsezko ideia batzuk daude. Gakoa da, hasieran, ideia globala irakastea. Zerbait azaltzeko eredu teoriko horiek irudikatzen ditugu. Oso gutxi dira, baina oso indartsuak. Lau dira, funtsean: bizitza interpretatzeko eredua, materia interpretatzekoa, sistema fisikoena eta lurra eta unibertsoarena.
Zer garrantzi du inguruak prozesu horretan?
Zientziak hiru alor ditu. Pentsatzea da lehena; nork bere buruari galderak egitea. Bigarrena da galdera horien erantzuna frogetan oinarritzea. Azkenik, hirugarren alorra da hitzez adieraztea; komunikatzea, besteen iritzia jasotzeko. Zientzia eskola batean ez bada hori egiten, zientzia ez den beste zerbait egiten ariko dira. Pentsatzetik, frogatzetik eta hori komunikatzetik ezagutza sortzen da.
Ondorioak komunikatzeko asmo horrek umeari hizkuntza garatzen laguntzen al dio?
Lehenik eta behin ideia sortzen da, eta gero etiketak jartzen dizkiogu. Ez da izenetan oinarritutako hezkuntza bat sustatu behar, eta hori da egun egiten duguna. Izenei ematen diegu garrantzia, eta hori ez da egokiena. Izenak ahazten dira, baina esparru teorikoa ez.
Hortaz, badago zer hobetu egungo heziketan.
Nire haur batek galdera asko egiten zituen. Irakasleak txosten batean idatzi zuen eskola trabatzen zuela asko galdetzen zuelako. Zergatik hartzen dugu gatazkatsutzat kuriositatea duen ume bat? Bai eskolan, bai etxean. Unean-unean ez badiegu erantzuten, edo gezurra esaten badiegu, umeak galdetzeari utziko dio.
Zein jarrera hartu beharko litzateke?
Helduek eredu bat islatu behar dute. Interesa agertu behar dute. Telebista ikusten dutenean, galderak egin behar dituzte. Baieztapen bat egiterakoan frogak bilatzen dituen pertsonak izan behar dute, eta eztabaidatzeari ateak irekitzen dizkiotenak. Gauzak ez daude ondo edo txarto; hobetzeko modua bilatu behar da.
Jakin-mina izatea?
Jarrera hori alor guztietan izango bagenu, umeek izugarri ikasiko lukete. Baina aspertu egiten dira. Biologian hamaika izen ikasi behar dituzte, eta fisikan beste hamaika formula.
Gertu dagoen horren interesa falta al zaio ikaskuntzari?
Ikasten dugun horretan interesa badugu, horri buruzko galderak egingo ditugu. Sukaldean, jolasean… Zergatik galtzen da maionesa? Galderek zentzua duten unean, zientzia ikasteak ere zentzua izango du. Bestela… Zertarako ikasi zerbait? Heldu izaten naizenerako? Oso urrun dago hori…