Egilea: Karlos Linazasoro
Ilustratzailea: Antton Olariaga
Argitaletxea: Pamiela
Bilduma: Gazte literatura
Urtea: 2013
ISBN: 978847681-812-1
R: 7.093
83 orriko liburua da hau. Lau hitz llabur, lau izeneko sarrera bat du. Bertan historian zehar eta euskal tradizioan Suak, Urak, Lurrak eta Aireak izan duten garrantzia azaltzen du batetik, eta bestetik, idazlearen helburua zein izan den liburua idazterakoan. Ondoren, mota desberdinetako poemak ditu (koplatxoak, lirak, serbentesioak, haikuak… ekitaldi bakarreko antzerkitxo bat, beste hiru poema, hiztegi bat eta esaera zaharrak izeneko atala. Guztiak lau elementu hauen inguruan sortutakoak dira, nahiz eta beste gai batzuei, esaterako, maitasunari, tartea egiten dioten.
Gazte literaturan ez da asko lantzen den generoa poesia. Liburu honek geletara poesia hurbiltzen lagun diezaguke. Egileak sarreran dioen gisa, liburu hau jolas-liburu bat da. Lau elementu hauek aitzakiatzat hartuta eta umorea erabilita sortua da, eta geletan jolasteko erabil daiteke. Ez dut uste jarraian irakurtzeko liburua denik. Nire ustez, taldean irakurtzeko aproposa izan daiteke; gelan egunero poema bat irakurri denen aurrean eta ondoren, hau eredutzat hartuta, antzekoak sortzeko bidea ematen duela iruditzen zait. Beste horrenbeste esango nuke lau elementuen hiztegi berriari edo azken ataleko esaera zaharrei buruz. Hauek abiapuntu gisa hartuta, beste elementu batzuen inguruan antzeko hiztegiak edo esaldi bildumak sor daitezke. Antzerkitxoak, berriz, ikasleen artean antzezteko aukera ematen du. Atal guztiak dira “probetxugarriak” edo literatura irakasgaian zukua ateratzeko modukoak.