Imanol Mercero / 2014-04-06 / 201 hitz
- Izenburua: Gaueko sukaldean
- Idazlea eta ilustratzailea: Maurice Sendak
- Itzultzailea: Manu Lopez Gaseni
- Argitaletxeak: Pamiela eta Kalandraka
Irakurle txikienetik hasi eta zaharrenetara arte, guztiontzako balekoa den proposamena egin zuen Maurice Sendak (Brooklyn, 1928-Connecticut, 2012) ilustratzaile emankorrak Komiki honekin. Egilea ezagutzen dugu Piztiak bizi diren lekuan (Kalandraka, 2009, 2. arg.) obra berea delako, Pippi Langstrumpena dirudien amets inkonformista haren egilea, baina gizon honek lan askoz gehiago sinatu zituen. Besteak beste, oraintxe euskarara ekarri duten Gaueko sukaldean hau.
Ametsezko munduetan barrena bidaiatuko dugu eta Oliver Hardy (Gizena eta Argala bikote komikoko potzoloa) hirukoitz bat topatuko dugu, sukaldariz jantzita, Mikel protagonista esnetzat hartu eta berarekin pastel bat egiteko pronto. Zorionez, Mikel labetik aterako zaie, eta esango die bera ez dela esnea eta ogi-orearekin hegazkin bat eginda, esnearen bila abiatuko da, benetako zorigaitz bat gertatu baino lehen, Esne-Bideraino eta buelta.
Winsor MacCay-ren Nemo Txikia (Little Nemo in Slumerland, MacCay, 1906-19011) gogoangarriaren ametsak bezala egituratua dago obra, ibilbide txundigarri batekin, ohean hasi eta amaitzen delarik.
Tramaren tentsio-gunea haurra sukaldatzeko (eta irentsia izateko?) mehatxua izanik, pentsa liteke ahozko fasea deritzon horretan dauden pertsonei begira egindako obra dela, edo zehazkiago, kitzikapen horrek eraginda bizi garenoi begira.
Obra hau Sendak-i aurki itzuliko dizkioten mordoxka baten lehena omen da. Zain gauzkate.