Juan Luis Zabala / 2014-04-04 / 365hitz
Duela ehun urte jaio zen Marguerite Duras, XX. mendeko idazle frantses ezagunenetako bat. Urte gutxiren buruan zahartu zen, berak aitortu zuenez, ‘L’amant’ eleberriko protagonista bezala.
Oso goiz izan zen beranduegi nire bizian», idatzi zuen L’amant eleberriaren hirugarren paragrafoan Marguerite Durasek. Eleberriko pertsonaia nagusi eta kontalariaren hitzak dira, baina idazlearenak ere izan zitezkeen, haren bizitza markatu zuen haurtzaroaren berri ematen duten neurrian. Duela ehun urte jaio zen, 1914ko apirilaren 4an, Gia Dinh herrian (egungo Vietnamgo Ho Chi Minh edo garai hartan Frantziaren mende zegoen Indotxinako Saigon hiritik gertu), Marguerite Donnadieu izenarekin, eta lau urte baino ez zituela hil zitzaion aita. Ama hiru seme-alabarekin geratu zen Indotxinan, eta iruzur baten ondorioz izan zituen arazo ekonomikoei aurre egiteko, une jakin batean prostituziora bideratu zuen Marguerite. Gertaera hark arrasto sakona utzi zion gero idazle izatera iritsiko zen neska gazteari. «Hemezortzi urterekin beranduegi zen jada», dio L’amant-eko kontalariak. Oso antzera mintzatu zen behin idazlea: «18 urte nituela zahartu egin nintzen. Ez dakit denei gauza bera gertatzen zaien. Zahartze hori izugarria izan zen».
L’amant eleberriak egilearen haurtzaroa du iturburu eta oinarri nagusi. Indotxinan jaiotako kolono frantziarren alaba den gaztetxo bat da pertsonaia nagusi eta kontalaria, Marguerite Duras bezala, eta neska horren eta merkatari txinatar aberats baten arteko amodiozko pasioa kontatzen du. 1984an argitaratu zuen L’amant Durasek, 70 urte zituela, eta Goncourt saria eskuratu zuen hari esker. Ordura arte ere egile laudatua baldin bazen ere, nobela horrek izan zuen harrera beroak bultzada handia eman zion haren obraren ezagutzari eta zabalkundeari. Jean-Jacques Annaud zinemagileak L’amant eleberrian oinarrituta zuzendu zuen izenburu bereko filma ere —1992an estreinatutakoa— oso arrakastatsua izan zen.
Zinemarako lan asko egina
Orotara 50etik gora liburu argitaratu zituen Marguerite Durasek, eleberriak nagusiki, baina baita narrazio laburrak eta antzerki lanak ere. Zinemarako ere lan asko egin zuen, hala gidoiak idazten nola filmak zuzentzen. Alain Resnais zinemagilearen Hiroshima, mon amour 1959ko filmaren gidoia du zinema arloko lanik gogoratuena. 1996an hil zen, Parisen.
L’amant eleberria 40 hizkuntzatara itzulia dago, eta horien arteko bat da euskara. Mikel Garmendiak euskaratu zuen, eta Ibaizabal argitaletxeak kaleratu, Literatura Unibertsala bilduman, 1996an. Horrez gain, beste hiru testu daude euskaratuta: Txinako iparraldeko maitalea nobelaren pasarte bat, Elearazi.org webgunean; eta Korridorean jarritako gizona eta Jean Pierre Cenon-entzat, begiak berde ipuinak, Maiatz aldizkarian.