Alex Gurrutxaga / 2014-04-06 / 446 hitz
- Izenburua: Milwaukeen
- Egilea: Iñigo Barbancho
- Argitaletxea: Hiria
Hauxe da, guk dakigula, Iñigo Barbanchoren estreinako literatur lana. Liburu interesgarria da, tematika eta kontamolde garaikideak dakarzkiguna. Inondik ere, Postmodernitatearen bideak ongi ezagutzen dituen luma sumatzen ahal dugu lerrootan.
Generoaren mugetan dabil liburua. Nobelatzat har daiteke, baina apika ez da nobela. Ezin esan narrazio edo ipuin bilduma denik ere. Pertsonaien konstantziak short story cycle bat iradokitzen du, eta fragmentuen forma anitzei begira, berriz, pieza literario multzoa dela esango luke inork. Baina, oroz gain, protagonistak egiten duen erretratua nabarmentzen da, berea eta inguratzen duenarena, eta horrek ematen dio Milwaukeen-i nobela eitea. Bestalde, bere zutabe nagusiak, pertsonaiez aparte, gaien eta motiboen errepikapena dira. Motiboetako asko (hamahiru, zehazki) atalen tituluetan ematen zaizkigu —euria, argia, izenak, ametsak, parkeak, e.a.—, eta beste zenbait testuan bertan aurki genitzake —aitaren heriotza, hiria, joateko beharra, e.a.—; horien bitartez, espiral gisako batean garatzen da egitura.
Lehen piezatik azkenekora, bizitzaren eta heriotzaren arteko tentsioa presente dago. Lehen atalaren intertestualitateak T. S. Eliot-en The Waste Land-en hasierara eramaten gaitu, non poetak udaberria eta krudeltasuna lotu zituen. Hemen ere udaberria da, baina lilien haziak lur gogorra hautsi ezinik daude; eta metaforikoki, nobelako gertaera garrantzitsu batekin lotzen da hori: protagonistaren aita hil egin da. Baina bizitzaren eta heriotzaren arteko borroka konstantea da testuan; aurrera egin ahala, hainbatetan aipatzen dira lau elementu klasikoak —lurra, sua, ura, airea—, eta naturaren denbora ziklikoari pertsonaren denbora lineala kontrajartzen zaio. Jon Kortazarrek hitzaurrean dioen bezala, gainbehera, noraeza eta galera nagusitzen dira, baina baita, hein batean, itxaropena ere. Azken piezak, ez alferrik, argia du mintzagai: «sua ikusi eta sua bizirik mantentzen saiatu».
Aipaturiko erretratu orokorraren osaeran espazioak ere garrantzitsuak dira. Milwaukee dago batetik, urruneko hiria, pertsonaia anitzen lekua; bestetik, etxea dago, protagonistaren espazio pertsonala. Eta espazio bietan protagonista deserrian sentitzen da. Periferian dago etxean, altzariek eta ispiluek itota, eta bazterrean dago hirian ere, roulotten, zirkuen eta trenen ezlekuetan.
Hasieran iradoki bezala, testuan ez dago hari narratibo argirik. Horrez gain, piezen tonua aldakorra da: gehiena narrazio soila izanik ere, elkarrizketak dira Ametsa-ri dagozkion atalak, pasarte lirikoak dira Aldiriak, eta badago aforismo eta poema itxurako piezaren bat ere. Ezin aipatu gabe utzi magiaren indarra; hildakoak, mamuak, berpiztuak… hemen berdin balio du errealak zein fantasiak, hilik gaudenak zein bizirik zaudetenak. Era berean, errealismo magikoa oso presente dago: ongi lortua da, eta Bernardo Atxagaren literatura gogorarazten du animalien presentzia dela-eta —txoriaz ari diren kontakizunetan, besteak beste—.
Fragmentazioa, beraz, funtsezkoa da. Milwaukeen «amarauna» dela dio Kortazarrek hitzaurrean, eta ados nago. Esango nuke, gainera, amaraun horrek ongi eusten diola liburua hasi eta buka: espazioek, pertsonaiek eta motiboek zedarritzen dute literatur eremua. Lurralde horretan, protagonistaren begietatik eraikitzen den erretratuak, norbere irudiak nahiz besteen argazkiak, identitate garaikidearen gatazkak eta ertzak mahaigaineratzen ditu.