Estibalitz Ezkerra / 2014-04-13 / 723 hitz
Kapitalismoak eragiten duen indarkeriaren gaineko gogoeta eskaintzen du Kazuo Ishiguroren ‘Never Let Me Go’ nobelak. Indarkeria hori ez da aurrez aurre ikusteko moduan agertzen, baina daukan eragina ukaezina da.
Ingurumenari egindako kaltea epe laburrean neurtzerik ez dago, maiz urteak igaro behar direlako haren eragina nabaritzen hasteko. Horregatik, «indarkeria geldoa» dela esaten du Rob Nixonek: indarkeria da, azken batean, baina haren izaera geldoa dela medio, zaila gertatzen da gobernuak ingurumena babesteko neurriak hartzera bultzatzea. Kapitalismoarekin, zeina ingurumenaren egoera kaskarrarekin hertsiki loturik baitagoen, beste horrenbeste gertatzen da. Lehen munduko herritarra bere ongizatea posible egiten duten bidegabekeriekin bizi daiteke segundoro errudun sentitu gabe bidegabekeria horiek aurrez aurre ez dituelako, baina haien eragina ukaezina denean, begi bistakoa denean, bere buruari esango dio konponbidea ez dagoela bere esku, pertsona bakar batek ezin dezakeela mundua aldatu. Eta gauzek bere bidetik jarraituko dute. Baina zer gertatuko litzateke norberaren bizitza beste norbaiten bizitzari zuzenean loturik balego; norbera bizirik irauteak beste norbaiten heriotza ekarriko balu? Ideia horri lotzen zaio Kazuo Ishiguroren (Nagasaki, Japonia, 1954) Never Let Me Go (2005, Ez utzi inoiz alde egiten) nobela.
Lehen begiratuan, Never Let Me Go laneko lehen orrietan azaltzen den Hailsham izeneko barnetegiak, Ingalaterrako barnealdean kokatua, toki arrunta ematen du. Egia da irakasleek zaintzaile hitza erabiltzen dutela beren burua izendatzeko eta ikasleen osasunari arreta handia eskaintzen diotela. Irakasgaiak ere bitxiak dira: umeen artean sormen artistikoa bultzatzen dute batik bat, bestelako gaiak —eguneroko bizitzarako praktikoagoak izan daitezkeen kontuak, esaterako— aintzat hartu gabe. Hori kenduta, ohiko barnetegia ematen du. Baina narrazioak aurrera egin ahala, irakurlea ohartzen da Hailsham zinez bitxia dela. Umeek ez dute kanpoko munduarekin inolako harremanik; beren gurasoak nortzuk diren ere ez dakite. Sentimendu hitza ez da behin ere aipatzen, zainketa delako ikasleen arteko harremana—bata bestea zaintzea, alegia—gidatzen duen printzipioa. Hilabetean behin edo, Madame izeneko andre bat azaltzen da Hailshamen, umeek egindako artelanen artean onenak aukeratzeko eta ustez galeria batean gordetzeko.
Urteek aurrera egin ahala eta ikasleen jakin-nahia handituz doan neurrian, zaintzaileetako batek, Miss Lucy delakoak, beren patuaren berri ematen die. Ikasle guztiak klonak dira, organo-emaile izateko sortuak. Hortik haien osasunarekiko zaintzaileek duten neurrigabeko interesa. Donazio kopuru jakin bat bete behar du klon bakoitzak, eta hura osatuta, emailea hil egiten da —normalean 30 urte bete baino lehen gertatzen da hori—. «Hornikuntza» deritzo emaileen heriotza uneak, duten guztia eman dutelako —jasotzaileak hornitzen amaitu dute— beren bizi-helburua betez. Ikasleetako batzuek, baina, zaintzaile izateko eskaera egin dezakete. Onartuak izanez gero, gainerako haurrak donazio prozesura ohitzea eta heriotza onartzera laguntzea izango dute zeregin nagusi.
Hailsham ez da klonentzako egoitza bakarra. Beste hainbat daude Ingalaterran bertan eta beste herrialde batzuetan, baina hura da klonak modu gizatiarrean tratatzen dituen bakarra. Berez, esperimentu bat da Miss Lucy eta beste zaintzaile «iraultzaile» batzuek bultzatutakoa, klonek bizi-baldintza onak izan ditzaten bizirik dirauten bitartean. Horregatik da arte sormena hain garrantzitsua, Hailsham zabalik mantentzeko beharrezkoa baita hango ikasleek «arima» dutela frogatzea, eta arteak bakarrik erakus dezake hori.
Alabaina, organo emaile funtzioa modu esklusiboan beteko duten izakiak haztea ez da inoiz gatazka arrazoi nobelako pertsonaientzat. Hailshameko ikasleek beraiek onartu egiten dute beren patua, luzapenak lortzearekin amets egiten badute ere. Zurrumurrua da haien artean harremanik sortuz gero organoak emateko prozesua atzera daitekeela beren bizi-itxaropena luzatuz. Miss Lucyk ordea argi eta garbi esango die Kathy eta Tommyri, nobelako pertsonaia nagusietako bi, ez dela inoiz horrelakorik gertatu ezta gertatuko ere. Organo jasotzaileek zehazten dute organo emaileen bizi-itxaropena, horretarako baliabide ekonomikoak dituztelako. Horiek horrela, Tommyk eta Kathyk bikote izateari uko egin beharko diote. Horren ordez, Kathyk organo emate prozesuan lagunduko dio Tommyri, lehenago biek lagun zuten Ruthekin egin bezala.
Kezka klonen gizatasunaz
Nobela amaierarako Kathy da 30 urte betetzera iritsi den bakarra, zaintzaile lanetan aritu delako bere klon egoeraz jabetu zenetik. Etorkizuna, dena den, ez dago bere esku goiz ala berandu berak ere organoak ematen hasi beharko duelako. Hailsham ez da dagoeneko existitzen, klonen gizatasunaren gaineko kezkak zabaldu zirelako eta, halako eztabaidak mesedegarriak ez zirela iritzita, barnetegia diruz babesten zutenek hura ixtea erabaki zutelako. Hobe organo emate sistemaren onuradunek klonak ez gizakitzat jotzea edo, are hobeto, haien existentziaren berririk ez izatea prozesu guztia samurrago egiteko.
Never Let Me Go-k aurkezten duen kasua muturrekoa da, eta, horregatik, kritikak zientzia fikziozko lantzat jo izan du. Baina nobelan azaltzen den mundua ez da hain fantastikoa: dirua jaun eta jabe denean, edozer da salgarri eta erosgarri. Organo emaile funtzioa betetzeko izakirik hazten hasi ez bagara ere, organo trafikoa errealitatea bat da gure munduan.