Jateko desioa kontrolatzeko teknikak

Arantza Lorenzo / 2014-04-01 / 568 hitz

Inguruko ohiturek eragin handia dute elikadurako jarreretan. Badira jatera bultzatzen gaituzten estimulu batzuk. Estimulu horiek ezagutzea eta neurriak hartzea beharrezkoa da, elikadura ohitura osasuntsuak izateko.

Elikadura portaera eraikitzeko garaian, familiako eta inguruneko ohiturek genetikak baino indar handiagoa dute. Nahiz eta gure gorputzak gose eta asetasun mekanismo neurobiologiko konplexuak dituen, badira jatera bultzatzen gaituzten beste estimulu batzuk ere. Estimulu horiek zeintzuk diren azalduko dugu, eta jateko joera kontrolatzeko ideiak eskainiko ditugu:

Jatera bultzatzen gaituzten estimuluak

Gosea eta asetasuna kontrolatzen dituzten mekanismoak, lehen esan dugun bezala, neurobiologikoak eta konplexuak dira. Baina badira, goserik izan ez arren, jatera bultzatzen gaituzten beste estimulu, egoera eta jokabideak. Gehiegi jatearen arrazoi bat «mekanikoki jatea» da. Hau da, gosea sentitzen dugun edo ez aztertu gabe, modu desordenatuan, oldarkorrean jatea. Mokadutxoak jateak, esaterako, gehiago jatera bultzatzen gaitu.

Goserik gabe, «mekanikoki, jatea» bultzatzen duten estimuluak bi motatakoak izan daitezke:

Barne estimuluak: gehiago jatera bultzatzen gaituzten sentitzeko moduak. Adibidez: lanean, estresa edo antsietatea dela eta, gehiago jatea; etxean, aspertuta egoteagatik edo lanetik, urduri iristeagatik gehiago jatea…

Kanpo estimuluak: janaria ikustean sortzen den estimulua. Adibidez, bazkari edo afaria prestatzeko garaian; telebista ikusten ari garen bitartean; justu erosketak egin ondoren, etxean janariak hozkailu edo armairuan sartzen ari garen bitartean; taberna, kafetegi edo edozein janari dendetan lan egiten delako… eta abar.

Dietista/psikologo elkarlana

Badira elkarlanean jarduten duten dietista-nutrizionista eta psikologoak. Elikadura jokabidearen tratamendu integral eta globala egiten dutenak, pazientea honako gauza hauetaz kontziente izan dadin: zein estimulu jasotzen dituen, hau da, aurreko zein estimulurekin sentitzen den identifikatua; harengan estimulu horiek nola eragiten duten; nola maneiatzen dituen, eta zein zailtasun dituen egoera horiek behar bezala, hau da gehiegi jan gabe, modu osasuntsuan bideratzeko.

Autokontrol teknikak: jaten dena kontrolatzeko teknikak eta gehiago ez jateko laguntzak

Elikadurarekin erlazionatutako psikologian, badira hainbat teknika, eta, horiek ongi erabiliz gero, gehiago jatera bultzatzen gaituzten ohitura edo joerak kontrolatzeko eta hobetzeko aukera eskaintzen dute.

Autobehaketa eta autokontrola: norbere burua zintzoki eta egiaz ezagutu, hori da hobekuntzarako lehen pausoa. Horretan, dietaren eguneroko batek asko lagundu gaitzake, jaten duguna kontrolatzen eta jatean izaten ditugun sentimenduak identifikatzen. Egunerokoan, egun osoan jaten dugun guztia apuntatu behar da, noiz jaten den, non, zenbat, eta nola sentitzen garen. Horrek gure portaera desegokiak ezagutzen laguntzen digu, eta hobetzeko lehen pausoak martxan jartzeko aukera eskaintzen du.

Behin arazoa identifikatu dugunean, dietista eta psikologoaren artean estimulu askotarikoak kontrolatzeko planteamenduak hausnartzen dira, eta pazientearen ezaugarrietara egokitzen. Horien artean, hauek ditugu batzuk:

Gelditzeko teknika: jatera bultzatzen gaituen arrazoi edo estimulua zein den pentsatzeko, gelditu. Zehazteko, benetan gosea den edo jateko desioa, jatunkeria, elikadura desordenatua… Gelditzeko teknika hori egin, besteak beste, hozkailua ireki aurretik, sukaldean edo edozein janari dendatan (gozo denda…) erostera sartu aurretik, galleta batzuk ireki aurretik…

Ordezkapen teknika: gehiegi jateko joera dugun momentuan, antolatu beste jardueraren bat egiteko, adibidez, etxetik atera eta bakarrik edo norbaitekin nahiago bada kirolen bat egin (ibili, palan, erraketan, igerian…. bakoitzak gustuko duena eta luzera mantentzeko aukera izan dezakeena). Edo telebista, ordenagailu aurrean jateko ohitura dutenek momentu horretan txikle bat-edo hartu, ikusi delako momentu horietan jateko joera dutenek ohartu ere egin gabe asko jaten dutela. Izan ere, telebista programan edo ordenagailuan kontzentratuta daudenez, ez dira ohartu ere egiten zenbat barneratzen ari diren. Horregatik, momentu horietan ahoan txikle bat-edo sartzeak hori saihets dezake.

Gustuko alternatibak: norberarentzat gustuko eta oso atseginak izan daitezkeen alternatibak pentsatzen eta antolatzen hasi horiek aurrera eramateko: irakurri, musika entzun, argazkiak ikusi, erlaxazio teknikak, hitz gurutzatuak, yoga, josi…

Edonola, jateko desio horrek gainditzen gaituela sumatzen badugu, profesionalengana jotzea izango da aukerarik egokiena.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.