Juan Luis Zabala / 2014-04-29 / 567 hitz
Mikel Etxaburuk ezin izan du eragotzi bere bigarren poema liburuak ere espetxea izatea gai nagusi.
Kartzelatik irten berri samar zenean argitaratu zuelarik, Mikel Etxaburuk (Ondarroa, Bizkaia, 1969) kartzela izan zuen gai nagusi Zu zara orain txoria (Elkar, 2011) bere aurreneko poema liburuan. Hodeiak zapatetan (Susa) bere bigarren liburuko poemak idazten hastean, ez zuen kartzelaz aritzeko asmorik, baina ezin izan du saihestu. Etxaburuk argi du oraindik ere «era batean edo bestean» kartzelan jarraitzen duela. Honela azaldu du gertatu zaiona: «Konturatu nintzen eguzkiak oraindik ere atzetik jotzen didala eta itzala ni baino aurreraxeago doala. Itzal hori gainditzea benetan kostatzen ari zaidanez, erabaki nuen ahaleginduko nintzela itzal hori, ezin aurreratu nuen itzal hori, klarion zuri batez lurrean siluetatzea. Preso gera zedin itzala bera; eta nik aurrerapauso bat gehiago emateko aukera izan dezadan; nik, eta beste hainbatek».
«Poetak esaten zuen desio bati izena ipintzen diozunean eta desio hori lortzen duzunean izena baino ez dela geratzen», azaldu du Etxaburuk. «Niri hori pasatu zait. Kartzelan dagoenaren desioa askatasuna da, baina sarri askotan askatasuna lortzen duzunean izena baino ez da geratzen, oraindik ez zarelako aske. Egia da desio bat betetzen duzunean baduzula beste desio batzuetarako lekua, baina egia da, baita ere, beste poeta ezagun batek esan zuen moduan, kartzelan egon denaren gogoa beti itzultzen dela kartzelara».
Orain, «kanpotik barrura»
Bada alde nabarmen bat, hala ere, aurreneko liburuaren eta bigarrenaren artean, egileak azaldutakoaren arabera. «Aurreko liburua barrutik kanpora idatzita dago, eta hau, kanpotik barrura».
«Gabeziak, maitasuna, konpromisoa eta kartzela» ditu hizpide, besteak beste, Hodeiak zapatetan liburuak: «Gure herri honetan kasik halabeharrezko sekuentzia bat osatzen duten gaiak», egileak dioenez. «Sentitzen dudan moduan idazten dut, eta idazten dudana benetan sentitzen dut», dio Etxaburuk, bere idazkeraren berri emateko. «Gehiegi loratu gabe, baina barruko ate horiek ahalik eta gehiena zabalduz. Poema hauek azala zabalik idatzitakoak direla esan dezaket, barru-barrutik, eta azala askotan arrakalatuta. Azala zabalik idatzitako poemak dira, askotan neu ere hala sentitzen naizelako, hainbat gertakari, bizipen eta oroitzarekin».
Poemak «berba soilak» eta «egitura soilak» baliatuz osatu ditu. Esan nahi duena «argi» esan nahi du, eta horretaz gain poema bakoitzak bere «barne erritmoa» edo «barne ibilbidea» izan dezan bilatu du, poema horiek musikatzeko modukoak izan daitezen. Lehen liburuko hamasei poema kantu bihurtu dituzte estilo askotako hainbat musikarik —Keu Agirretxea, Governors, Siroka, Hutsa, Arkada Social…—, eta horrek Etxaburu «bete» egiten du. Bigarren liburuko poemak ere libre daude musikatuak izateko.
Liburua hiru zatitan banatuta dago: Oroitzak, Oskola eta Gerezi gorriak. «Oroitzak eta Oskola atalek bi ni ezberdin erakusten dituzte: lehena, Oroitzak, kanpoan, kalean, etxean dagoen norbaitena izan daiteke; eta hitz egiten dio beste ni horri, Oskola-koari; eta bigarren partean dagoenak, gisa berean, lehenengoan dagoenari hitz egiten dio». Bi atalen artean «elkarrizketa txiki batzuk» ere aurkituko ditu irakurle erneak.
Gerezi gorriak atala izenburu bereko poema bakar batek osatzen du. «Hirugarren atala da neu. Eta neu esaten dudanean da Mikel Etxaburu Osa, izen-abizenez. Beste guztia ere neu bada, hau da neu izen eta abizenez. Neurea den testigantza bat ematen dut, hala irakurri nahi duenarentzat, eta desio bat ere azkenean, gerezi gorriekin zerikusia daukana. Uste dut desio horrek emango digula berriro ere grina eta gogoa urratsak aurrera egiteko». Honako hiru lerrookin amaitzen da poema: «Gaurtik aurrera / gerezi gorriak / jango ditugu elkarrekin». Lerro horiek, errealitate bat baino gehiago, «desideratum bat» adierazten dute.
Errezitalen bidez aurkeztuko du jendaurrean Etxaburuk Hodeiak zapatetan: bihar, Eskoriatzan, Huhezi fakultatean; maiatzeko azken asteburuan, Zarautzen, Literaturiaren barruan; uztailean, Eako poesia egunetan… Ondarroan, Bilbon, Elorrion eta Durangon ere aritzekoa da.