Neanderthalak eta gu

Mikel Iriondo / 2014-04-24 / 512 hitz

Gure espeziea Afrikan sortu zen orain dela 200.000 urte inguru eta ondoren Eurasiara atera ginen bertan zeuden neanderthalekin gurutzatuz. Honen inguruan hainbatetan hitz egin dut zeharka zutabe honetan, baina azken boladan gaia pil-pilean dago eta gertaturikoaren xehetasunak ezagutzeko moduan gaude. Egia esateko, orain dela lau urte, lehen neanderthalaren genoma sekuentziatu zutenean inork ez zuen aurreikusten noraino helduko ginen urte tarte labur horretan. Sekuentziaturiko genoma zahar horietaz gain, beste baliabide berri bat dugu orain eskuragarri: 1.000 genomen proiektua —www.1000genomes.org—. Proiektu horretan gutxienez mila gizakiren genomak sekuentziatu dituzte, gure espeziearen genoma mailako aldakortasuna zehazteko helburuarekin. Eta informazio berri hau genoma zaharrekin bateratzen denean emaitza berri ugari agertzen hasi dira. Zutabe honetan azken hilabeteetan lortutako ondorio adierazgarrienak aipatuko ditut.

Alde batetik, Vernot eta Akey Science aldizkariko otsailaren 28ko zenbakian eta Sankararaman eta lankideak Nature aldizkariko martxoaren 20ko zenbakian 1000 genomen proiektuko datuak hartu eta gaur eguneko gizakietan neanderthalen genoma zatiak bilatu dituzte. Bi ikerketa horiek Afrikatik kanpoko gizakion DNAren %1-%3 neanderthaletatik datorrela baieztatu dute, baina lan horien ekarpenik garrantzitsuena neanderthalen DNA horren banaketan dago, DNA hori ez baitugu zoriz banatuta gure genoman zehar. Horrela, gene askotan neanderthalen generik aurkitzen ez dugun bitartean, beste gene batzuetan neanderthalen DNA oso ugaria da. Adibiderik argiena larruazaleko, ileko eta azazkaletako keratinari eragiten dioten geneetan dago. Horietan eurasiarren %60ek neanderthal geneen bertsioak ditugu. Badirudi, neanderthalekin gurutzatu ondoren gene horien neanderthalen bertsioak lagungarriak izan zirela klima hotzetara moldatzeko. Neanderthalekin emandako nahasketek ondorio onuragarriak ekarri bazituzten ere, desabantailak ere agerian geratu dira aipaturiko lan horietan. Horrela, gene askotan, guk ditugun neanderthalen bertsioak zenbait gaixotasunekin erlazionatu dituzte, hala nola lupusarekin, zirrosiarekin edo Crohn-en gaixotasunarekin. Badirudi gure eta neanderthalen genomak ez zirela guztiz bateragarriak, eta hori dela eta batzuetan gure genomak eta neanderthalen geneek ez omen diote modu egokian elkarri eragiten. Beste modu batean esanda, pertsonaren batek neanderthalen gene konkreturen baten bertsioa duenean, gerta daiteke gene hori modu egokian ez funtzionatzea gure genomaren baitan; eta, hortaz, lehenago aipaturiko gaixotasunen bat edukitzeko probabilitate handiagoa edukiko du.

Beste alde batetik, Gokhman eta lankideek Science aldizkarian apirilaren 17an argitaratu berri duten epigenetikaren inguruko ikerketa ekarri nahi dut hona. Irakurleak jakingo duenez, epigenetikak DNA sekuentzia aldatu gabe geneen adierazpenean egon daitezkeen aldaketa heredagarriak ikertzen ditu. Mekanismorik ezagunena DNAren metilazioa da Prozesu horretan metilo talde batzuk gehitzen dira nukleotidoetara geneen adierazpena desaktibatuz. Gauzak horrela, Gokhman eta lankideek metodo bat sortu dute DNA zaharrean metilaturiko eta metilatu gabeko zitosinak bereizteko, eta neanderthalen genoman aplikatu dute. Gurekin konparatuta %99an berdinak gara baina baditugu 1.100 bat eskualde genomiko ezberdintasun garrantzitsuekin. Horiek, genoman zehar sakabanaturik aurkitzen badira ere, bost bat elkarturik aurki ditzakegu HOXD geneen taldean. Gene horiek gorputz-adarren garapena kontrolatzen dute, eta badirudi beso eta hanken luzera ezberdinekin edo artikulazioen sendotasunaren ezberdintasunarekin erlazionatu dituzte.

Laburbilduz, neanderthalen genoma sekuentziazioarekin mundu berri bat zabaldu zaigu gure eboluzioa ulertzeko. Dagoeneko galdera ez da zein portzentajetan neanderthal garen, baizik eta zertarako izan zaigun onuragarri edo kaltegarri nahasketa, edota zein ezaugarri genetiko espezifikoetan ezberdintzatzen garen ulertzea. Paleogenomikaren inguruko lan berriak hilero ateratzen hasi dira eta harrituko nintzateke nire hurrengo zutabea lerro honetakoa izan behar ez badu. Hurrengo hilabeteetan ikusiko dugu nire aurreikuspena betetzen den ala ez…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.