Ahots bat beltzarentzat

Alex Gurrutxaga / 2014-05 18 / 448 hitz

  • Izenburua: Munduko poesia kaierak. Aimé Césaire

  • Apailatzailea eta itzultzailea: Iñigo Aranbarri
  • Argitaletxea: Susa


Filosofia, politika eta poesia eskutik doaz Aime Cesaireri buruz ari garenean. Identitate kolektibo baten bilaketak eta beronen aldarrikapenak zeharkatzen dute alderik alde martinikarraren obra —«gure izate-arrazoiaren hutsaltasun zantarra», dio bere poema ezagunenean?—; erreibindikazio horrek, poetikoki gauzatzen denean, sakoneko gogoeta du jatorrian, eta oihartzun politikoak jarraitzen dio ezinbestean.

Aipatutako identitatearen epizentroan négritude kontzeptua dago; zer den laburki esateko gogora genezake Cesairek berak 1987ko Discours sur la Négritude ezagunean emandako azalpen sintetiko hau: «Hori guztia izan da Negrotasuna: gure identitatearen bilaketa, desberdin izateko dugun eskubidearen adierazpena; eskubide hori aitortzeko eta gure komunitate-izaera errespetatzeko guztiei egin diegun eskakizuna».

Negrotasunarekin batera, Cesaireren poesiaren beste osagai funtsezkoa surrealismoa da. Andre Bretonek, surrealismoaren aitak, irakurri orduko sentitu zuen Cesaireren poesiarekiko lilura, eta gerora behin eta berriz goraipatu zuen. Cesaire, berriz, surrealismoari atxiki zitzaion 40etan. Bi ildo nagusi horiek aintzat hartuz, euskal irakurlearentzat interes gehien duena ez da beharbada Cesaireren poesia surrealistena, eta alde horretatik hautu egokia ematen du antologia honetan egin dutenak.

Bi atal nagusi bereiz daitezke liburuan: batetik, Sorterriratze baten kaiera legoke, poetaren lan ezagunena; eta bestetik, atzetik datozen beste 14 poema, hainbat liburutatik hartuak. Sorterriratze baten kaiera 1939an argitaratu zuen Cesairek lehen aldiz, eta negrotasunaren poesiaren testu nagusietakoa da. Euskaraz bazen lehendik zati bat, Jose Luis Otamendi eta Iñigo Aranbarrik —antologia honen itzultzaileak berak— ekarria euskarara (Susa aldizkaria, 26. alea, 1990). Poema luzean, inguratzen duen mundua berreraikitzen du poetak: mina da nagusi, eta agerian daude zapalduaren mila eratako zauriak; gisa berean, kritika zorrotza egiten du, ironiaz blaitua munduaren jabe europarrei zuzentzean. Estilo aldetik, iruditeriak eta prosodiak egiten dute hain berezi poema: irudi tarteka ilun tarteka zakarrek giro indartsua sortzen dute; prosodia horditzaileak, berriz, aditz gutxi eta sintaxi maiz bihurriarekin, poemari aurrera tiratzen dio. Gainerako poemak molde eta taxukera desberdinekoak dira, hala surrealismotik nola esperimentalismotik dutenak, eta gehienetan Cesaireren gai nagusiei lotzen zaizkie.

Ahots poetiko bat jarri zion Cesaire-k beltzari, eta negroaren ahots nagusia da. Ingurura begiratuta «hain jendetza zaratatsu eta harrigarriro mutu hau» sumatzen duelarik, aldarrikatzen du: «Ene ahoa ahorik gabeko zorigaitzen ahoa izango da, ene ahotsa, etsipenaren ziegan eroritakoen askatasuna». Antologiako azken poemaren azken lerro utopikoa da hau: «Ontasun berri bat dator zerumugan gero eta handiago». Cesaireren poesiak funtzionatzen du oraindik, zerumugan deus gutxi mugitzen dela iduri duen arren, edo beharbada horrexegatik; hunkitu egiten gaitu, eta akaso estualdiren bat ere eman behar lieke gure bihotz zuriegiei.

Azken ohar gisa, esan beharra dago edizio honetan bibliografiarik ez dagoela. XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduma ezagunean poemek data edukitzen zuten oinean, eta amaieran bibliografia etortzen zen. Hemen bietarik batere ez dago; akaso hutsune larria ez den arren, irakurle askok eskertuko luke poemen jatorriari buruzko daturen bat, gutxi gorabeherakoa izanik ere.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.