Juan Luis Zabala / 2014-04-30 / 484 hitz
Ana Jakak hiruki «atipiko» baten gorabeherak kontatu ditu ‘Ez zen diruagatik’ bere lehen eleberrian.
Olga da Ana Jakaren (Andoain, Gipuzkoa, 1973) Ez zen diruagatik (Elkar) nobelako protagonista nagusia eta narratzailea. 40 urtetik gorako emakumea da, «atipikoa» eta «kontraesan handiak dituena», egileak dioenez. «Alde batetik, emakume indartsua eta burujabea dela erakutsi nahi du, baina, bestetik, nahiko dependentea da: laguntza soziala jasotzen du, buruhauste handiak sortzen dizkio diru gabeziak… Ez du ohiko emakumearen papera betetzen: etxean nahiko desastrea da, bakarrik bizi da, ez du lanik, baldarra da…». Badu literaturan ia beti gizonezkoei dagokien ezaugarri bat: «pikaroa» da; baditu, ordea, aldi berean, «feminitateari lotzen zaizkion ezaugarri batzuk» ere, «gizonekiko dependentzia, adibidez». Bere bizimoduaren berri «apaindurarik gabeko» kontaketa baten bitartez ematen du Olgak, eta horrek markatzen du «eleberriaren tonua», Jakak dioenez. «Gauzak diren bezala kontatzen dira, gordintasun osoz».
Danik eta Mikelek osatzen dute, Olgarekin batera, nobelaren ardatz den «hirukia», hori ere «nahiko atipikoa». Dani pisukide du Olgak; etxetik ihes egin eta zerbitzari lanetan aritzen den gaztetxo bat da. Martin, berriz, ezkondutako gizon serioa da, Olgak baino sozialki onargarriagoa den bizimodua darama; baina iraganetik datorkion zama astun batek baldintzatuta bizi da.
Izenburuan ez ezik, nobelako aurreneko esaldian ere ageri da dirua, une intimo batean gainera, ohean dauden bi lagunek elkarrekin larrua jo ondoren duten solasaldiaren berri ematen duen pasartean: «Sos bat ere ez niola pasatuko esan nion», dio nobelako lehen esaldi horretan Olgak. Dirua testuinguru batzuetan tabua dela uste du Jakak —«batez ere adiskideen artean, harreman sentimentaletan eta abar»—; une jakin batzuetan dirua aipatzea itsusitzat jotzen dela. Horretaz zuzenean hitz egiten ez badu ere, gai hori «zeharka» ageri da nobelan. Krisi ekonomikoa ere ez da zuzenean aipatzen, baina «hondoko paisaia soziala» osatzen du, neurri batean. «Pertsonaia gehienak egoera ekonomiko prekarioan bizi dira, eta, nahiz eta arreta arazo indibidualetan jarri, krisi ekonomikoa presente dago kontaketan. Uste dut, gainera, ikusten dela bakartuen dagoen jendeak gehiago pairatzen duela gaur egungo egoera ekonomiko zaila».
«Baikortasun puntu bat»
«Mesfidantzak, gatazkak, harreman interesatuak, bikote kaltegarriak» agertzen dira kontaketan. «Baina gauzak beste era batean egiteko aukera ere ikusiko dute». Pertsonaiengan pentsatzean, «ispiluen joko bat» izan du buruan nobelaren egileak. «Azken batean, denek dituzte arazo larriak. Batek bestearen arazoak ikusten ditu, eta besteak batenak; konpartitu egiten dituzte, batzuetan ez oso arrazoi altruistengatik, eta une jakin batean hirurek bat egiten dute, eta topaketa horrek eragin egiten die hirurei. Nik nobelaren bidez azaldu nahi nuen harremanek, egiazkoak badira, gauzak mugitzen dituztela, nahiz eta harreman horiek ez izan hoberenak, ederrenak edo sakonenak. Azkenean, harremanak daudenean aukerak daude». Horrenbestez, nahiz eta nobelak «tristea edo iluna» dirudien, «baikortasun puntu bat ere» baduela uste du egileak.
Euskaraz argitaratzen duen aurreneko liburua du Ana Jakak Ez zen diruagatik nobela; ez da, ordea, berak sinaturik plazara irteten den estreinakoa: Mero amor / Línea discontinua (Everest) argitaratu zuen 2009an, gaztelaniazko bi poema sorta batzen dituen liburua. Horrez gain, askotariko idazlanak ditu bilduak Línea discontinua blogean (anajaka.blogspot.com), eta horien artean badira euskarazko hainbat ipuin labur ere.