Azalak irakurtzeko modu bat

Ion Olano Carlos / 2014-04-04 / 852 hitz

Azaleko irakurketarekin lotu izan da komikia, literaturatik; irudiak irakurtzea ez omen da helduentzat, aurreiritzien arabera. Atzo ospatu zuten Ipar Amerikako zaleek promozio eguna: Free Comic Book Day.

Azalpenik behar ez badu ere, badirudi hizkuntza batez ari zela Kirmen Uribe, «azalak irakurtzeko modu bat» lerroa idaztean. Esaldia komikietara bihurrituz, esan genezake bi kode, bi azalera mota deskodetzen dituela irakurleak, istorioan aurrera segitze aldera. Hitzak irakurtzean, ikono erabat abstraktuak interpretatzen ditu; irudien kasuan, abstrakzio maila apalagoa da, eta aldakorra betiere. Baina, berez, zer da? Generoa? Arte hibridoa? Berezko espresiobidea? Ez da lan erraza azaltzea zer den komikia.

Scott McCloud saiatu zen, Understanding comics. The invisible art (1993) liburuan, gutxi-gora-behera honako definizio hau emanez: «elkarren ondoan jarritako irudiak, nahita egindako segida batean, informazioa hedatzeko eta irakurlearengan erantzun estetikoa eragiteko». McCloud-ek «irudiak» dioen tokian, jakina, hitzak ere sartuko genituzke, haiek ere ikono diren heinean. Dena den, hitzaren erabilera ez da baitezpadakoa komikigintzan; baina, erabiltzen denetan ere, hitzak beti du irudia lagun, eta elkarren arteko zentzu jokoan osatzen du irakurleak azalera bien zentzua.

Will Eisner maisuak askoz ere laburrago hesitu zuen kontzeptua: «arte sekuentziala» izena eman zion, hain zuzen, Comics and sequential art (1985) liburuan. Laburrago bai, noski, baita zabalago ere. Eisnerren esanetan, 1934an hasi ziren azaltzen lehenbiziko komiki liburuak AEBetan. Mende erdi bat geroago, nobela grafikoen agerpenarekin, inoiz baino ageriago gelditu ziren —Eisnerren ustez betiere— komikien egiturak dituen aukera ugariak. «XIX. mende amaierako egunkarietan lehenengo zintak azaltzen hasi zirenetik, irakurtzeko modu honek [arte sekuentzialak] zale ugari izan ditu eta, bereziki, gazte askoren literatur dietan osagai izatera iritsi da».

1977ko Harvard Educational Review aldizkarian honela idatzi zuen Tom Wolfek: «Azken ehun urteotan, irakurmena estuki lotuta egon da irakurtzeko eta idazteko ahalmenekin. Irakurtzen ikastea, hitzak irakurtzen ikastearekin lotu izan da. Dena den, pixkanaka ari dira adituak irakurmena birpentsatzen. Azken ikerketek erakusten dutenez, hitzak irakurtzea jarduera askoz zabalago baten zati baino ez da (…); horren baitan daude sinboloak deskodetzea, informazioa integratu eta antolatzea (…). Hain zuzen, irakurmena (bere zentzurik zabalenean) pertzepzio jardueratzat har daiteke. Hitzak irakurtzea jarduera horren parte da, baina badira era berean beste batzuk ere: marrazkiak, mapak, diagramak, musika notak…».

Eisnerrek dioenez, hitz eta irudi muntaia da komikia; hortaz, irakurleari eskatzen dizkio biak ulertzeko ahalmenak. «Egiazki, marrazkiaren (perspektiba, simetria, pintzelkada) eta literaturaren (gramatika, argumentua, sintaxia) ezaugarriek elkar gain hartzen dute. Komiki liburuaren irakurketa norabide bikoitzeko ekintza dugu: pertzepzio estetikoa eta josteta intelektuala». Baina, jolas horrek ba al du araurik? Alegia, joko ote da jolasa? Definiziorik oinarrizkoenean, komikiak irudi errepikatuz eta sinbolo ezagunez baliatzen dira. Hortxe dago koska, Eisnerren ustez: «Horiek behin eta berriz erabiltzen badira antzeko ideiak ulerrarazteko, orduan bihurtzen da lengoaia, edo nahiago baduzu, forma literario. Aplikazio diziplinatu horrek sortzen du arte sekuentzialaren gramatika».

Doako komiki liburuak

Gaur egun «komiki» esaten diogun espresiobidea hitz idatzia eta marrazkia bezain zaharra da. Antzinako Egipton topa daitezke protokomikiak, baita Erdi Aroko tapiz europarretan nahiz Kolon aurreko Ameriketan ere. Dena den, 1920ko hamarkadatik aurrera hasi zen garatzen AEBetan komiki industria. Harrez geroztik, fokuen argipean bezainbeste ibili izan da lurpean; izan ere, Donald ahate xalo eta kokoloa bezain komikitarra da Fritz katu axeria. Haur nahiz helduentzat entretenigarri, gozagarri eta elikagarri izan dira komikiak.

Literaturtasuna zalantzan jarri izan zaie, baina kontakizun diren neurrian, narrazio teknikak eskatzen dituzte, literaturak bezalaxe. Komikiek badute erritmoa, tempoa, poesiak eta narratibak bezalaxe; komiki askotan elkarrizketak dira kontakizuna bultzatzen duten elementu nagusiak, antzerkian gertatzen den bezalaxe; pertsonaien eraikuntzaz, zer esanik ez. Komikiek badituzte generoak eta azpigeneroak, literaturaren gisa berean; kontua da maiz nahastu izan dela generoarekin, alegia, komikia generotzat hartua izan dela. Egun, gutxik jarriko dute zalantzan arte molde bereizia dela.

Hitzez bai, baina gehienbat irudiz osatua denez, komikiak harreman estua du ikusmenezko arteekin ere. Marrazkia, pintura eta zinema ditu gertuko senide, baina horien aldean duen berezitasuna da —Eisnerri jarraiki— arte sekuentziala dela. Hain justu, komikiak zinemarekin duen kidetasunetik sortu zen 2002an Free Comic Books Day ekimena. Estreinako aldiz, Ipar Amerikako komiki industriak bat egin zuen, beren arteari gorazarre egin, eta zaleei komikiak oparituz, zaletasuna sendotzeko asmoz. Aitzakia izan zen, hain zuzen, enegarrenez egokitu zutela zinemarako Spiderman pertsonaiaren istorio bat.

Ekimenaren aldekoek diotenez, haurrak irakurzaletzeko ahalmena dute komikiek. Izan ere, liburu irakurle askok komikien konpainian ematen dituzte lehenengo pausuak literaturan. Urrutirago joan gabe, lerrook idazten ari den honek. Hala eta guztiz ere, Quebeceko Joseph Torres komikigileak zera adierazi du berriki: «[liburu] irakurle ez direnak irakurle bihurtzea eragin dezakete, baina ez da hori komikien helburua. Arte eta literatura molde bereizia da [komikia], berezko espresiobidea».

——————

Zerrenda

Literaturarekin lotura estua duten zenbait komiki:

The Book of Genesis Illustrated by Robert Crumb (2009)

Apu Ollantay [antzezlan inka], The Graphic Canon vol. 1 bilduman. Caroline Picard (2012)

Justine and The Story of O. De Sade eta Reage, Guido Crepax-ek egokituak (2000)

City of Glass. Paul Auster, Paul Karasik, David Mazzucchelli (1994)

Gabo. Memorias de una vida mágica. Oscar Pantoja (2013)

Pasolini. Davide Toffolo (2006)

The Trial (Prozesua). Franz Kafka, David Zaine Mairowitz, Chantal Montellier (2008)

Kafka. David Zaine Mairowitz, Robert Crumb (2007)

The Beats. Harvey Pekar, Ed Piskor (2009)

Moby Dick. Herman Melville, Matt Kish (2011)

The Raven. Edgar Allan Poe, Yien Yip (2012)

Fahrenheit 451. Ray Bradbury, Tim Hamilton (2009)

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.