Barbarin arraintxoak plantxan ziazerba eta otarrainxkekin

Iker Markinez / 2014-05-10 / 168 hitz

OSAGAIAK
4 pertsonarentzako osagaiak:

Dozena bat barbarin
Ziazerba sorta bat
2 dozena otarrainxka
2 baratxuri ale
Oliba olio birjina
Gatza
Perrexila
Limoi baten zukua
Gurina

• Barbarinak arrandegian erostean, hezurra ongi kendu eta xerretan jartzeko eskatuko dugu. Otarrainxken gorputzak zuritu azala kenduz, baina isatsa eta burua mantenduz. Baratxuriak ere zuritu eta pusketa txikietan moztu.

• Zartagin bat sutan berotzen jarri (oliorik gabe), eta berotzen den bitartean barbarinak gatzatuko ditugu. Zartagina ondo berotua dagoenean, barbarin xerrak bertan jarri, azala zartagin aldera dutela.

• Geroago, olio zorrotada fin bat bota, eta pare bat minutu pasatu ondoren, buelta eman xerrei, kontu handiz, eta beste bi minutuz frijitu.

• Ondoren, erretilu batean jarri, eta gauza bera egin barbarin xerra guztiekin. Jarraian, baratxuri txikituak zartagin berera bota eta baita otarrainxkak eta ziazerba hostoak ere.

• Gurin koilarakada bat gehitu, eta gurina urtzean, limoi baten zukua eta perrexil xehetua gehitu. Minutu pare batez nahastuz, zartaginean erregosi guztia.

• Arraina dugun platerera atera ziazerbak, eta otarrainxkak xerren gainean banatu, eta prest dugu platera mahaira zerbitzatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.