Euskalkien sorlekuak

Ainhitze Ruiz / 2014-05-10 / 493 hitz

Euskalkiak noiz eta non sortu ziren aztertzen duen euskalkien mapa berritua atera du Koldo Zuazok.

Lehendik ere erakutsiak zituen euskalkiak hobeto zehaztu, eta, horrez gain, azpieuskalkiak eta hizkerak aurkeztu ditu Koldo Zuazok. Gaur egungo euskara ezagutze aldera, euskalkien mapa berritua egin du Euskalkiak liburuan. «Euskara nabarmen aldatu da euskara batua sortu zenetik, eta hori neurtu egin behar zela ikusi nuen. Euskara mende eta erdian nola aldatu den erakutsi nahi izan dut liburuan», azaldu du. «Hizkuntzak dinamikoak dira, eta hiztunok aldatzen garen neurri berean aldatzen dira hizkuntzak ere».

Euskararen aldaketarekin lotuta, hiztunen adina ere kontuan izan behar dela dio Zuazok. «Urrutira joan gabe, nire herrian bertan ikusten nuen gazteek eta adinekoek egiten zuten euskara ez dela berdina», esan du. «1960-70eko hamarkadan sumatzen nuen etena. Hamarkada horren ondoren jaiotakoek beste hizkera bat dakarte», esan du. Horrez gain, euskara batuaren sorrerak, ikastolen sorrerak edo euskara idatzizko zereginetan erabiltzeak ere euskarari gogor eragin diola adierazi du.

Gaur egungo euskara erakustearekin batera, euskalkien sorlekuak ere aipatzen ditu liburuan. Tokian tokiko euskaren azterketa zehatza egin du Zuazok. Bi lurraldeen artean dauden herrien euskalkiak aztertzen aritu da Zuazo, eta, horretarako, egonaldi luzeak egin ditu eremu horietan.

25 urteko emaitza da liburua, 1989an Araban hasi eta ondorengo urteetan Euskal Herriko hainbat txokotan ibili ondoren gauzatu duena. Idazleak azaldu duenez, erromatarren garaian euskara nahiko bateratuta zegoen. «Nire ustez, kohesio horren ardatza Iruñea izan zitekeen. Ondoren, Erdi Aroan, euskalkiak sortu ziren. Eta kohesio horretatik lehenbizi aldendu zirenak mendebaldea eta ekialdea izan ziren», esan du. Mendebaldean, Araba, Bizkaia eta Deba ibarra sartzen ditu. Ekialdean, berriz, Zuberoa, Nafarroa Behere eta Nafarroako Erronkari eta Zaraitzu ibarrak. «Ekialdean ez dago argi euskalkien sorlekua non dagoen, baina, beharbada, Huescaren alderdi batean egon liteke», esan du. «Gaur egun hor gazteleraz hitz egiten da, baina, Erdi Aroan badakigu gune hori euskalduna zela».

Ondoren, beste euskalki batzuk sortu ziren, eta hiru sorleku aipatu ditu Zuazok liburuan: «Bizkaiko euskalkiaren ardatzak Zornotza, Gernika eta Bermeo ingurua izan direla esan daiteke. Gipuzkoan ere bada gune sortzaile bat, eta kasu honetan, Beterri, Tolosa, Andoain eta Donostiako eremua izan behar du. Lapurdiko kostaldean bi ardatz izan dira nagusi: Donibane Lohizune eta Ziburu».

Azterketa zehatzagoa

Euskalkien jatorriekin batera, Zuazoren berrikuntza izan da azpieuskalkiak eta hizkerak azaltzea. 11 azpieuskalki aztertu ditu guztira. Hamasei hizkera berezi ere badaudela esan du egileak, eta horietako sei erakusten ditu liburuan: erdialdeko euskalkian eta euskara nafar-lapurtarrean bereizten dituenak.

Idazleak aipatu duenez, Zuberoan ez du azpieuskalki ezta hizkerarik atzeman. Lapurdin eta Nafarroa Beherean euskalki bat ikusi du: «Nafar-lapurtarra deitzen diot, eta horren barruan bi azpieuskalki eta hiru hizkera ikusten ditut». Gipuzkoan eta Nafarroako mendebaldean euskalki bat ikusi du Zuazok: «Erdialdekoa deitzen diot, eta horren barruan hiru azpieuskalki eta hiru hizkera bereizten ditut». Nafarroan, lau azpieuskalki eta hiru hizkera bereizi ditu. Mendebaldean, aldiz, bi azpieuskalki eta zazpi hizkera.

«Bizkaiko mendebaldea aztertzea geratzen zait oraindik, hau da, Bermeo, Gernika eta Zornotzatik mendebaldera egiten den euskara aztertzea geratzen zait». Idazleak azaldu duenez, sei urte barru guztia aztertuta izatea eta euskaldunok nolako euskara egiten den erakustea gustatuko litzaioke.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude