Ilargi Agirre / 2014-05-01 / 739 hitz
Bere herriko, Hernaniko, bertsolaritzaren historiaren inguruan idatzi du Eizagirrek ‘Bertsoaren haria’ argitaratu berri duen liburuan. 80 bertsolari inguru ageri dira lanean.
Hitzak eta hariak elkarrekin lotuz osatzen da bertsoa, eta historiako hari matazak josiz idatzi du Estitxu Eizagirre Kerejeta Argiako kazetari eta zuzendariak (Hernani, Gipuzkoa, 1979) Bertsoaren haria liburua. Hernaniko bertsolaritzaren historia biltzen duen lan mardula da, 750 orrikoa.
Zein da liburuaren abiapuntua?
Duela sei urte, Hernaniko bertso eskolak hiru ardatz zituen proiektu bat osatu zuen. Bertsolaritza Hernanin izeneko DVDa kaleratu zuten, 2010ean, herriko hainbat laguni egindako elkarrizketekin. Bigarren ardatza webgunea da, eta hirugarrena liburu hau. Udalak apustu sendoa egin zuen proiektuaren alde hasieratik, eta diruz lagundu du.
Nola dago egituratuta lana?
Zortzi ataletan banatuta dago. Atal bakoitzean Urko Apaolaza Avilak garai hartako Hernani kokatzeko sarrera labur bat egiten du: herriko ekonomia, gizartea, kirola, politika… Ondoren, garai hartan kantatzen zuten bertsolarien biografiak daude, eta gaiak izeneko atala dato gero. Hainbat gairen inguruko bertsoak sartu ditugu hor, garai ezberdinetakoak. Gerrako bertsoak, sagardotegiak, Santa Eskea eta beste aipatzen dira.
Iturri asko erabili dituzue.
Unai Agirrek eta Jesus Mari Irazu bertsolariek 35 elkarrizketa egin zituzten DVDrako, eta nik beste 15 egin ditut libururako. Horrez gain, Auspoa liburuen sailetik ere hartu dugu informazioa. Liburu bilduma horretako Hernaniri buruzko erreferentziak bildu, eta gurera ekarri ditugu. Garairik zaharrena osatzeko erabili dugu, ahozko testigantza askoz gutxiago baitaude. Zeruko Argia eta Argiako artxibotik bertsoak, kronika eta argazkiak hartu ditugu, eta Bertsozale elkartearen datu basera ere jo dugu.
1800. urtean abiatu duzue liburua. Zergatik?
Aurkitutako guztia sartu dugu liburuan, eta horregatik atera da neurriz ere mardula. Ahalik eta galbahe gutxien egiten saiatu gara, ahalik eta jende gehien ateratzeko. Hernanin ezagutzen dugun lehen bertsolaria Txabolategi da. 1769an jaio zen, Ereñozun. Oso ezaguna da, gainera, Euskal Herrian ezagutzen den lehen desafioa jokatu zuelako. Villabonan (Gipuzkoa) abestu zuen Juan Inazio Zabalaren aurka. Ezagutzen den lehen bertsolaria izateko bere bat-bateko bertso ugari bildu dira.
Familian jarraipena izan du, gainera .
Bai, bitxia da. Gaur egun, Hernanin kantuan dabilen bertsolaririk gazteena Eli Pagola da, eta Txabolategi haren birraitona zen. Erronkarako grina zuen Txabolategik, eta Pagolak ere bai. 2013an herriko tabernetako txapelduna izan baitzen.
Txirrita da iraganean Hernaniko bertsolaririk ezagunena. Hari egindako elkarrizketa bat ere ageri da liburuan.
Bai. www.larrabetzu.org webgunetik berreskuratu dugu. Txirritaren bertso asko ezagutzen ditugu, eta Txirritarenak omen ziren gertakizun pila bat ere bai, baina haren elkarrizketarik ez dago. Madrilgo La Estampa aldizkariak argitaratu zuen, eta Larrabetzukoek aurkitu zuten.
Orain arte ezagutzen ez zena Joxepa Zubeldia bertsolariaren istorioa da.
Paradigmatikoa da. Adibide horrek erakusten du gure historian emakumeak nola geratu diren liburuetatik kanpo. Oraindik izenak jartzen ez dizkiogun artista eta batez ere, emakume asko bizirik dauzkagu alboan, eta horregatik da hain garrantzitsua lehenbailehen testigantza horiek jasotzea.
Zein zen, bada, Zubeldia?
Maria Joxepa Zubeldia Txirritaren garaian bizi izan zen bertsolari bat zen. Haren bertsoak oso ezagunak ziren Hernanin, baztangaren pasadizoa kontatzen zutelako. 1818an, gobernadoreak erabaki zuen Lasarte-Orian (Gipuzkoa) baztanga zuten gaixoak Hernaniko benefizentzia etxera ekartzea. Garai hartan, baztanga hilgarria zen, eta izurritea zabaltzeko arriskua zegoen. Udalak eta herritarrek kanpoaldean beste zerbait jartzeko eskatu zuten, eta kalean protesta egin zuten, gobernadoreak kasu egin zien arte. Egun horretan egin zuten herri bazkarian kantatu zituen Zubeldiak bertsoak, jendaurrean. Denda bat zuten, eta balkoitik ere kantatzen zuen. Gaizki ikusita zegoen orduan jendaurrean kantatzea; haren alabak asko lotsatzen ziren. Ama hil eta gero, amak bertso idatziz eta poemez beteta zituen koadernoak erre zituzten alabek. A zer nolako galera.
Hernaniko bertsolaritzan izandako aldaketak Euskal Herrian gertatutakoarekin lotuta doaz, edonola ere.
Euskal Herriko fenomenoek Hernanin nola eragin duten ikus daiteke. Adibidez, Amurizak bertsotan ikasi egiten dela esan zuenean sortu zen iraultza Hernanin ere ikusi zen. Herrian ikastaro bat antolatu zuten Amurizarekin, eta herriko bertsozale eta bertsolari askok eman zuten izena. Hortik sortu zen taldean biltzeko dinamika, eta ikastetxetan bertsoa eta bertso eskolak. Eta Hernanin egindakoak Euskal Herrian nola eragin duen ere ikusten da. Joxe Manuel Lujanbio Txirrita eta Maialen Lujanbio puntako bertsolariak atera dira herritik. Horrez gain, Juanjo Uria herriko alkate izandakoa Bertsozale elkartearen sorreran ibili zen, www.bertsoa.com webgunea ere sortu da herrian… Ondorio nagusia da Hernanin bertsoaren haria ez dela sekula eten belaunaldien artean.
Ikerketa lan hau beste herritan egitera animatzen duzu jendea.
Bai, hala da. Udalak diruz laguntzera eta jendea elkarrizketak egitera animatuko nuke. Batez ere, elkarrizketa horiek grabatu daitezen. Oinarrizko lan hori egitea oso garrantzitsua iruditzen zait, etengabe goazelako belaunaldiak galtzen. Bertsolaritza eta gure kultura ahozkotasunean oinarritu izan da orain dela gutxira arte. Ahoz transmititu da eta ahoz jasota geratu behar du, bestela bidean galtzen baita.