Amaia Portugal / 2014-05-08 / 640 hitz
Hala uste bazuten ere, duela bi mendeko kalabaza batean gordeta dagoen odola ez da Luis XVI.arena, Iñigo Olaldek eta beste zenbait ikertzailek argitu dutenez.
Irudian ageri den hori kalabaza bat da, Frantziako Iraultzari erreferentzia egiten dioten sinboloz eta pertsonaiez apaindua. Itxura berezia du, gordetzen duena ere halakoxea zela uste baitzuten. Izan ere, Luis XVI.a gillonatinatu berritan, haren odolaz zapi bat busti eta bertan gorde omen zuten. Istorio polita zapuztu egin du, ordea, Bartzelonako Biologia Ebolutiboaren Institutuak Scientific Reports aldizkarian argitaratu berri duen artikulu batek. Ikertu ahal izan duten neurrian, ez dirudi 1793an eraildako erregearen odolik dagoenik hor.
Iñigo Olalde biokimikari gasteiztarra da artikulu horren egileetako bat. Lan horretan izan duen arduraren lekuko, haren sinadura ageri da aurrena, hemeretziren artean. Olaldek Biologia eta Biokimika ikasi zituen Opus Deiren Nafarroako Unibertsitatean, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan master bat egin ondoren, hiri horretako bertako Biologia Ebolutiboaren Institutuan dabil orain doktore tesia egiten.
Olaldek ez ditu hain DNA garaikideak aztertzen normalean, baina haren laborategiko buru Carles Lalueza-Fox ospe handiko genetista da, eta ondorioz, historialari frantses batek Lalueza-Fox berari propio eskatu zion kalabaza horretan zer zegoen ikertzeko, duela lau urte. Olaldek azaldu duenez, «odolez bustitako zapi bat gorde zuten, baina duela berrehun urte pasatxo izan zen hori, eta egun zapirik ere ez da geratzen. Lagina ez nuen nik erauzi, baina esan didatenez, kalabazaren hondoan orban txiki bat baino ez dago. Oso gutxi erauzi zuten, baina laginak DNA baldin badu, ez dago gehiagoren beharrik. Odol tanta bakarrak milioika zelula izan ditzake, eta zelula bakoitzak du DNA».
Lehenengo ikerketa batean, Y kromosoma aztertzea lortu zuten, eta dagoeneko atariko emaitzek iradokitzen zuten hura ez zela Luis XVI.aren odola. Olalderen parte hartzea izan duen bigarren lan honetan, berriz, erauzitako odolaren jabearen genoma osoa sekuentziatu dute, eta hasierako emaitzak berretsi.
Begi marroiak
Izan ere, batetik, Luis XVI.aren zuhaitz genealogikoaren informazio dezente dago, eta horren arabera, haren arbasoak gaur egungo Polonia eta Alemaniatik datoz nagusiki. Kalabazako odol laginak, berriz, italiar eta frantses jatorria duen genoma iradokitzen du. Bestetik, itxurari dagokionez, Luis XVI.a oso garaia eta begi urdinekoa zela diote garai hartako kronikek eta margolanek. Olaldek eta enparauek sekuentziatu duten genoma, baina, garaiera arrunta eta begi marroiak zituen gizonezko batena da.
2005aren bueltan genomaren sekuentziazio teknika azkar eta merkeagoak zabaldu zirenetik, askoz ere ikerketa gehiago egiten da gaiaren inguruan. Aurretik eginiko horiek bidea erraztu diete lan honetan, Olaldek dioenez: «Norbanako modernoen azterketetan oinarritu gara. Begi urdineko jendearen genoma aztertua dago dagoeneko, begi marroidunena ere bai… Hala, ondorioak atera ahal izan dira, eta identifikatu daiteke zer genek dakartzaten ezaugarri horiek. Gaur egun badakigu, genomaren bederatzi posizio zehatz aztertuta, begien kolorea iragar dezakegula. Beste hainbeste gertatzen da garaierarekin. Noski, ez da erabat zehatza eta bariazioak egon daitezke. Baina begiena, adibidez, auzitegi medikuntzan erabiltzen da jada».
Emaitzok eskuan, ondorioztatu daiteke kalabazan gorde zuten zapian zegoen odola ez zela Luis XVI.arena. Hala ere, badago zirrikitu bat. Biologia Ebolutiboaren Institutuan bakarra ikertu ahal izan badute ere, badakite kalabazan lau DNA daudela. «Nagusi batek hartzen du %80, eta beste hiruren artean banatzen da gainontzekoa. Nagusia besterik ezin izan dugu aztertu. Orduan, ezin da erabat baztertu beste hiruretako bat Luis XVI.arena izatea, baina proportzioa hain txikia denean, ezin da aztertu», dio Olaldek. Dena dela, ezin ahaztu erregea gillotinatu zuten toki berean beste dozenaka lagun erail zituztela, eta gainera, kalabaza eskuz esku ibiliko zela berrehun urteotan… arrastook hautagai asko dituzte.
Lehen genoma modernoa
Hala ere, egindako lanak badu balioa. Aipatzekoa da hau dela sekuentziatu den lehen genoma osoa, aro historiko moderno bateko norbanako bati dagokiona.
«Ez da halako berritasuna ere; izan ere, duela 40.000 urteko genomak ere baditugu dagoeneko. Baina egia da aro garaikide bati dagokion lehena dela», dio Olaldek. Etorkizuneko azterketetarako ere baliagarria izango da haiek utzitako ondarea. Esaterako, baliatutako prozeduratik abiatuta, azterketa funtzionalak egiteko: «Auzitegiko zientzian, genomaren zati batzuk aztertzen dira susmagarriari lotzen ote zaizkion ikusteko, baina ez da genoma osorik ikertzen. Ez da halako azterketa funtzionalik egin oraindik».