Bi hizki gehitu dizkiote bizitzaren alfabetoari

Erredakzioa / 2014-05-08 / 257 hitz

DNAren alfabetoan hirugarren nukleotido pare bat txertatzea lortu dute Scripps institutuko ikertzaileek.

Bizitzaren alfabetoa handitu egin dute. DNAren alfabetoa lau hizkiz osatzen da —A (adinina), T (timina), G (guanina) eta C (zitosina)—, eta hizki horiek bi nukleotido pare osatzen dituzte (A-T eta C-G). Orain, Kaliforniako Scripps Ikerkuntza Institutuko ikertzaileek izaki bizidun baten genoma berridatzi dute, artifizialki sortutako bi letra gehituz —d5SICS eta dNaM—. Hau da, hirugarren nukleotido pare bat txertatu dute E. coli bakterioan, eta ondo funtzionatu du.

Nature aldizkariak eman du Floyd Romesbergek zuzendutako lorpenaren berri. Hogei urte baino gehiago zeramatzan Romesbergen taldeak ikerketa lan horretan.

Orain arte, saio hodietan bakarrik lortuak zituzten emaitza onak, baina orain beste urrats bat egin dute, eta lehen aldiz, artifizialki sortutako bi letra horiek zelula bizidun batean funtzionatzea lortu dute. Bi letra berri horiek E. coli bakterioan integratu dituzte, eta organismoak ondo funtzionatzea lortu dute, hainbat egunez. Ikertzaileek askotan erabiltzen dute bakterio hori haien ikerketak egiteko, manipulatzeko duen erraztasunagatik.

Askotariko erabilerak

Lorpena biologia sintetikoaren alorrean egin den pauso garrantzitsua dela diote adituek. Hurrengo urratsa epe luzeko atxikipena lortzea izango da, Texas Unibertsitateko Sistemak eta Biologia Sintetikoa zentroko Ross Thyer eta Jared Ellefson ikertzaileen arabera.

Besteak beste, botika berriak sortzeko, bioerregaiak ekoizteko, elikagaientzako… erabilgarria izan daiteke Kaliforniako ikertzaileek egindako lana.

Bizitza artifiziala lortzeko beste urrats bat egin dutela uste dute hainbatek, eta bidea zabaldu duela organismo bizidunak eraldatzeko. Hala ere, zalantza ugari sortzen ditu, adibidez, artifizialki lortutako gene eta proteinekin patentatu ote daitezkeen izaki bizidunak. Lorpenak agerian utzi du gobernuek arautu egin beharko dituztela biologia sintetikoarekin lotuta dauden ikerketak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.