Gartzia euskal deituraren inguruan

Xabier Kintana / 2014-05-03 / 792 hitz

Duela zenbait egun, Espainiako telebista bateko albistegi batean, Euskal Herrian giroturiko eta arrakasta handia lortu duen film baten izenburua dela eta, berriaren aurkezleek umorezko iruzkina egin zuten, gaurko Euskal Herrian deitura ezagunenen artean ez dela euskal jatorrizkorik bat ere ageri azpimarratuz. Hori frogatzeko, bai Euskal Herrian eta bai Espainian ere deiturarik ugariena Garcia zela aipatzen zuten.

Beherago ukituko ditut -ez amaiera duten gainerako deituren ustezko gaztelau jatorriaz bat ez etortzeko arrazoiak, baina, hasteko, Garcia deiturari buruzko datu batzuk eskaini nahiko nituzke, ene ustez garrantzizkoak.

Euskaraz idatziriko liburuetan Arnaut Oihenarten Les proverbes Basques recueillis par le Sr. D’ Oihenart, plus les poésies basques du mesme auteur obrako 182. atsotitzean azaltzen da: Garzea, gaxto batak diazaguk bertzea, hau da, Garzea, gaixto batak ezagutzen dik bestea. Lehenago ere, bai latinezko eta bai erromantzezko testuetan, izen hau maiz ageri da aipaturik, non eta Nafarroako erresuman, euskaraz mintzatzen zen tokian, lehenik 789. urtean eta Nafarroa Berrean, hain zuzen.

Gaurko euskalarientzat hitzak etimologia argia du: Alfonso Irigoyen euskaltzainak bere garaian idatzi bezala, Garzea edo Garcia antzinako *garzea hitzetik datoz, hots, «gaztea» esan nahi zuen berbatik. Hor, berze, borz, ortzadar eta hertze toki batzuetan beste, bost, ostadar eta heste bilakatu diren bezala, antzeko eboluzioa gertatu da garze/gazte hitzen artean.

Ramon Menéndez Pidal eta Antonio Tovar jaunek ere deitura horren etimologia euskaran aurkitu behar zela uste zuten, baina, datu hoberik ezean, iturria hartz bernan zetzal pentsatu zuten, beharbada Otsoa deituraren hurbiltasunagatik. Nolanahi ere, arazo larriak genituzke Garzea hartz-etik eratorri nahi bagenu, baina ez dago bat bera ere Garzea-tik abiatuz gero.

Kopiatzeko tentazioa ez da gaurkoa, eta ezin ahantz dezakezu antzinatean ere auzo herrietako modak eta ohiturak imitatzeko joera izaten zela. Egia esan, Gartzea edo Gartzia euskal izenok Europako beste hizkuntza batzuetan aurkitzen diren antzeko izenen baliokideak ditugu. Horretara, latinezko Iuvenis, frantsesezko Lejeune, italierazko Giovane, ingelesezko Young edota alemanezko Jung deituren parekoak dira. Bide batez, derragun Gasteiz izena, gure Euskal Autonomia Erkidegoaren hiriburuaren deitura, dirudienez, garze/gazte hitz horretan oinarritua dela.

Izen hori, Erdi Aroan nafar erresumak izandako garrantzi eta eraginaren ondorioz, bere inguruko gaztelar eta aragoitar herrialdeetara ere hedatu zen, eta horrexen ondoan Semeno, Santxo eta Eneko bezalako euskal izenak ere, horietatik erdarazko Jimeno, Sancho eta Iñigo ezagunak sortu arte.

Pertsonen ezaugarri fisikoak ez bezala, deiturak ez dira genetikaz era naturalean hedatzen. Berez banako askoz osaturiko gizataldeetan izen bereko jendakiak banan-banan bereizteko premiatik sortzen dira. Horretarako, pertsonei beste izen bana eransten zitzaien, haien ezaugarri fisiko edo morala, lanbidea, gaitzizena, aitaren izena, bizitokiarena edo jaioterriarena. Azken datu hauek, aitaren eta etxearen izenak, alegia, kasu anitzetan errepikatzen dira.

Deitura patronimikoak eratzeko, hots, aitaren izena aipatzen dutenak, notario eta eskribauek latinaren genitiboa imitatzen zuten eredua zerabilten, -is amaiera erantsita. Bukaera honek penintsulako herrialdeetan eboluzio ezberdinak izan zituen tokian tokiko hizkuntza jatorren arabera: galego-portugalera, asturiera, gaztelania, euskara, aragoiera eta katalana kontuan izanda.

Euskal Herrian Erdi Arotik -ez, -etz, -oitz, -is, -itz amaierako patronimikoak dokumentatzen dira, guztiok —is latinaren genitibotik eratorriak, eta hor euskarak latin jatorriko gainerako hitzen antzeko eboluzioa erakusten du: gorputz (< corpus), gurutze (< crucem), bortitz (< fortis). Ondorioz, egiaz esan daiteke mende askotan gure artean latin-jatorriko euskal deiturak izan genituela, hala nola, Martineitz, Martinitz, Martiniz, Rodrigitz, Ruitz, Urruiz, Ferrandeitz, Ferranditz, Errantz, Errandoiz, Sanzitz, Santxeiz, Santxiz, Santxetz, Santz, Lopeitz, Lopitz, Lopetz, Pereiz, Peritz, Peris, Petroiz, Gonzaletz, Gonzalbitz, Gutierritz, Gutierriz, Joaneitz edo Joanitz.. Geroago, baina, administrazioaren eraginez, horiek bazterturik gelditu ziren gaztelaniazko Martínez, Rodríguez, Ruiz, Fernández, Sánchez, López, Pérez, González, Gutiérrez edo Ibáñez ereduen mesedetan, euskal aldaki jatorrak gure oroimenetik erahantzi arte.

Beste kasu batzuetan, -is latin atzizkia alde batera utzi eta euskal patronimikoak aitaren izenari —en edo —rena atzizkiak erantsiz eratu ziren: Antsorena, Ernandorena, Errandonea, Martinena, Mitxelena, Otsotorena, Perurena edo Petrirena, esaterako.

Horretara jokatzean, baina, belaunaldi batetik hurrengora patronimikoa aldatuz zihoan, aitaren izena formaz ezberdina izaten baitzen. Sistima horren arabera, kasu, Martin Lopitz Ulibarrikoaren semea Ferrando Martinitz Ulibarrikoa izan zitekeen eta haren iloba, aldiz, Eneko Ferrandiz Ulibarrikoa. Lehen deituraren aldaketak gaizki-ulertuak ekar zitzakeen, eta XVI. mendeaz gero, aitonaren deitura bikoitza egonkortu eta fosilduz joan zen, egiazko aitaren arabera aldatu gabe. Hori dela eta, pertsona gehienak ez ziren jada lehen deitura horrekin identifikaturik sentitzen eta alde batera uzten zuten, bigarren deitura hobetsiz, hau da, pertsona horren etxea, herria edo lanbidea aipatzen zuen elementua. Era horretara hasi ziren gure artean galtzen ordura arte oso ugari ziren Martinez de, Pérez de, Rodriguez de edo Sanchez de haiek. Edonola ere, Euskal Herriaren hegoaldean, Araban batez ere, patronimikoek iraun egin zuten, Lopez de Ayala, Martinez de Gereño, edo Pérez de Mendibil bezalako arabar deitura ohikoak sortuz.

Ez dira gutxi izan euskal deituren jatorria eta bilakabidea aztertu duten ikertzaileak. Horietako bat, bere metodologia serio eta lan bikainengatik bereziki aipatzekoa, Patxi Salaberri Zaratiegi nafar irakasle eta euskaltzaina dugu. Gainera, beraren Euskal deiturategia: Patronimia liburua irakurtzea gomendatuko nuke, 2002an Udako Euskal unibertsitateak argitaratua, eta merezimendu osoz Juan San Martín ikerkuntza-bekaz saritua.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.