Imanol Mercero / 2014-05-18 / 197 hitz
- Izenburua: Ez! Dio munstro txikik
- Idazle eta ilustratzailea: Aslaug Jonsdottir
- Itzultzailea: Garbiñe Ugarte
- Argitaletxea: Sushi Books
Munstroen istorio bat iritsi zaigu, Islandia urrunetik. Protagonistak, munstroak, bertako literaturaren ordezkari bihurtuta omen dabiltza azken urteotan, eta denbora kontua besterik ez da izan gureganaino iristea…
Islandiako haur literaturaren kontuez ari garela, grazia du jakiteak munstroen album hauek ez dituztela oraino ingelesez argitaratu, ezta alemanez ere; oraingoz, «soilik» Ipar Europako eta Pirinioez bi aldeetara gauden lurraldeotako hizkuntzetan ausartu dira. Kar-kar, gu amerikarren aurretik, kur-kur-kur… Eta horren ez al du esan nahiko egile hauen obra «onak» beste batzuk direla? Baliteke, nork daki… Egia esan Aslaug Jonsdottir idazle eta ilustratzailearen obra goraipatuena beste bat da, ingelesera itzulita badagoena eta euskara zein gainerako erromantzeetara ez! Izenburua, itzulpenarena, The Story of the Blue Planet da, norbaitek kontu hauetan arakatzen jarraitu nahiko balu. Eta beste datu bat, orain arte argitaratu diren munstroen sei istorio hauek, guztiak, islandieraz eta faroeraz gain, txineraz argitaratu dituzte. Ipar Poloaren urtzeagatik ote?!
Baina gatozen harira.
Liburuak haurrak bezala portatzen diren Munstro Txikiren eta Munstro Handiren adiskidetasuna hartzen du hizketa gaitzat. Egileen sakoneko helburua haurren harremanetarako gaitasunez hitz egitea dela ematen du. Istorioa bi liburutan kontatzen da, bakoitza munstroetako baten ikuspegitik eraikia.