Alex Gurrutxaga / 2014-05-04 / 437 hitz
- Izenburua: Apirila
- Egilea: Iñigo Aranbarri
- Argitaletxea: Susa
Ez da arraroa gatazka garaikideei buruzko literaturan distantziarekin jokatzea. Izan ere, urruneko herri zapalduen egoerak edo aspaldiko gatazketako tragediek berehala ekartzen dizkigute gurearen oihartzunak. Iñigo Aranbarrik XVIII. mendeko Azkoitiko matxinada eta egungo egoera soziala uztartu ditu Apirila nobelan.
Bi garaien arteko lotura egiteko moduan Julio Cortazarren Gaua ahoz gora narrazioaren teknika sumatzen da: bi espazio-denbora nahasten dira, eta, une batean, ez protagonistak ez irakurleak dakite zein den benetako egoera eta zein irudimenak sortua. Horrela, idazleak aukera du orduko egoeraren eta gaurkoaren arteko paralelismoak bilatzeko; jakina, irakurleak pentsatu beharko du paralelo horiek zenbat gerturatzen diren elkarrengana, eta iradokitako lotura egitea kontzeptualki zilegi ote den.
Historiaren eskutik, memoriak toki garrantzitsua du Aranbarriren literaturan. «Horixe da historia, kea. Lurruna. Lausoa», zioen Zulo bat uretan nobelako protagonistak; «puzzlea da iragana» esaldiak gurutzatzen zuen Zamaontzia; Apirila nobelan, berriz, begi bistan jartzen zaigu Historia garaileek idazten dutela: «Izenak dira mundua bitan banatzen ari direnak», eta aurrerago, «hala doaz izen batzuk hitzez hitz zikintzen». Horregatik, esangura berezia du Esteban Alberdiren ekintza xumeak: tabernako komuneko atean «Nikos Kokkinias» idazten du, Greziako Legebiltzarraren aitzinean bere buruari su eman zion gizonaren izena, eta izendatze hori memoria ariketa umil bezain noblea bihurtzen da. Memoria ariketa da protagonistak osatzen duen hildakoen mapa ere, krisiak hil dituenak mapan kokatuz egindako kartografia lana. Historia mugatzen duten hesolak garaileek jartzen badituzte, espazio horretatik kanpokoa da Aranbarrik bilatzen duena; «esan bestela nork idatziko duen honetaz».
Nobelaren eragozpen nagusia subjektuaren aldaketa da. Hasieran —lehen lau kapituluetan— pertsonaia garaikidea aurkezten zaigu protagonista nagusitzat; baina gero, iraganeko istorioan, bere errainua ia erabat desagertzen da. Orainaldia hizpide duten atalak ez dira guztien herena ere, eta iraganean erdigunean dagoena ez da Esteban, ez eta norbanakoaren tragedia pertsonala ere, baizik subjektu kolektiboa eta gertaera sozialak. Arazoa ez da indar gehiena matxinadak izatea, zinez baita interesgarria istorio hori, baizik eta bi garaien arteko lotura gorpuzten duen pertsonaia ia erabat desagertzea pasarte luzeetan.
Matxinadari dagokionez, erretratu sozial zabala eraikitzen du nobelak. Ikusten da, gainera, idazleak manikeismoa saihestu duela; hor daude, besteak beste, gatazkan funtzio esanguratsua hartzen duten Teresa edo Olaskoaga erretorea. Pertsonaien gogoetak, berriz, zehar estilo librea dotore baliatuz ematen zaizkigu. Azkenik, bereziki nabarmentzekoa da Apirila-ren estiloa. Aurreko nobeletan baino elipsirako joera gutxixeagorekin akaso, narrazioa are orekatuagoa da. Aurrera jauzi txikiak egin eta gero berriz atzera etorriz, ahozkotasun airea du ia kontakizunak, betiere erritmo eta kadentzia gustagarrian, eta hizkuntza joriarekin.
Inondik ere, subjektu aldaketak badu zerbait tranpa literariotik. Inork esango du norbanakoaren desagerpenak egiatik ere baduela puska bat, eta hori ere baliteke. Azken batean, oso ongi ekartzen du Apirila-k historia literaturara; trama interesgarria, memoriari eta egoera sozialari buruzko lerroarteko gogoetak, eta literatur estilo fina.