Labirintoan

Gorka Julio / 2014-05-15 / 301 hitz

Googlek, YouTube zerbitzuko RSS bidezko jarioak eten ditu. Aurretik ere, RSSaren aurka egin izan du enpresak; erabaki gogorrena, beharbada, bere zerbitzua zen Google Reader itxi zuenean.

Webgune batean maiz eguneratzen den edukia jasotzeko edota harpidetzeko aukera ematen duten fitxategiak dira RSS jarioak. Informazioaren bila joan beharrean, jario irakurgailu baten bidez era erosoan jasoko dugu berritasunik dagoenean.

Hori baino gehiago ere badira. Formatu estandar horri esker, webgune bateko informazioa zurrupatu eta beste leku askotan zabal edo erakuts daiteke. Nolabait sortzen duzun hori hedatzeko sistema automatizatuak egin daitezke.

Bada, Googlek RSSaren aurka egin nahi du, oraingoan YouTubeko bideo berrien jarioak etenez. YouTubeko bideoak jario irakurgailu bidez jaso edota RSS baliatuz bere webgunean erakusten zituztenak jai izango dute hemendik aurrera.

Google Reader itxi zenean, Feedly eta Flipboard tresnek gorakada izugarria izan zuten. Erabiltzen zutenetako askok oraindik ere beste tresna horien bidez erabiltzen dituzte.

Oraingoan, berriz, zailagoa izango da, eguneraketak jasotzeko era bakarra posta bidezkoa eta beren zerbitzu bidezko harpidetza izango da. Azken urteetako joera markatuena hauxe da, beren zerbitzuen morroi bihurtu nahi ditu erabiltzaileak. Google labirinto batean bilakatu da.

RSS jarioak kentzearen erabakia ez da erabaki tekniko soila, estandar irekien erabileran atzerapauso bat ere bada. Ez da bakarra, Hangout zerbitzuan ere aurretik erabiltzen zen XMPP edo Jabber protokoloa erabiltzeari uko egin zion. Beste arlo askotan oraindik web ireki baten aldeko tresna irekiak erabiltzen baditu ere, elkarrekintzarako aukera ematen dutenak gero eta gehiago baztertzen ari da. Kontuz ibili beharko da Google oreka zaila honetan. Jendeak bere zerbitzuak erabiltzen jarraituko du, baina ez behartuta; Google+ da horren adibide larriena, beharbada. Obsesio apur batekin ari da dena G+ sare sozialera bideratu nahian. Azken albisteen arabera, bilaketa emaitzetan ere erabakigarria izan daiteke sare sozial honetan egon ala ez.

Bere labirintoan nahi gaitu Googlek, baina labirinto gehienetatik ateratzeko bidea esku bat pareta batean jarrita mantenduz aurrera egitean datza soilik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.