Mikel Arrizabalaga / 2014-05-02 / 562 hitz
1976an Montejurrako magalean izandako istilu larrietan, Franco diktadorearen aldeko eskuin muturrekoek Karlos Hugo Borboikoaren aldeko bi kide hil zituzten. Ordutik, esangura berezia eduki du.
Mendi honek balio estrategiko handia izan du betidanik, batik bat XIX. mendean izan ziren karlistadetan. Karlistentzat gotorleku garrantzitsua izan zen; urte batzuetan izandako garaipenek ezaguna bihurtu zuten mendia, 1876an azken karlistada galdu zuten arte. XX. mendeko 50eko hamarkadan karlistak Montejurrara (Nafarroa) erromeriak egiten hasi ziren, karlisten kondaira iraunaraziz. 1976an, berriz, Sixto Henrike Borboikoa buru zela, eskuin muturreko Franco diktadorearen jarraitzaileek Karlos Hugo Borboikoaren aldeko bi pertsona hil zituzten mendiaren magalean izandako istiluetan. Gerora, urtez urte omendu izan dituzte karlistek.
Gurutze bidea
Itzuliaren bukaeran bisitatuko dugun Iratxeko monasterioa aukeratuko dugu abiatu ahal izateko. Mendi honek duen isurialderik ikusgarrienerantz joko dugu asfaltatutako bidetik; autobidearen azpitik pasa eta lehen bidegurutzera iristean, ezker aldetik ateratzen dena aukeratuko dugu; Gurutze bidea edo San Cipriano bidea esaten zaio, igoera hori erabiltzen baita gehien. Pista zabal horren lehen zatia autobidearen paraleloan beteko dugu, eta aurrez aurre Lizarrako (Nafarroa) ikuspegi ederra zabalduko zaigu. Bidegurutze nabarmen batean pista zabala utzi, eta mendi aldera igotzen hasiko gara.
Aldapan sartuta, eskuin aldera hedatzen den bidea utzi, eta ezkerrekoari segituko diogu, altuera irabaziz. Gertu, karlistentzat espiritualki mendi honen esanahia erakusten duen plaka dago, bertan hil ziren karlisten alde otoitz egiteko eskatuz. Hor hasten da gailurreraino eramango gaituen Karlisten bide-gurutzea. Bidea estutu egiten da, eta tarteka ikusiko ditugun gurutzeek erakutsiko digute jarraitu beharreko norabidea. Laster helduko gara talaia bikain batera, eta, gertu, karlisten gurutze bidearen mugarri garrantzitsuenaren ondora. Hiru gurutzez koroaturik, bertan 1936ko gerran hil ziren karlisten tertzioak zehazten dira. Gorantz segitu, eta berehala iritsiko gara San Cipriano ermitaren ondora, eta handik Lizarrako eta inguruko herrietako ikuspegi bikainaz gozatu ahal izango dugu. Ermitatik metro gutxira kapera ireki bat ikusiko dugu Kristo gurutzatu batekin. Karlistek hor ospatzen dute beren urteko ekintza erlijiosoa.
Gailurrak
Hiru tontorrek osatzen dute Montejurrako gailurreria. Lehena, Kristo gurutzatuaren kaperaren gain aldean kokatzen da, eta haren ondotik ateratzen den xenda ikusgaitz batek eskuin aldetik tontorrera eramango gaitu bizpahiru minututan. Gurutzearen ondora igo, eta handik ikusiko ditugu segidan zapaldu nahi ditugun beste bi tontorrak. Etorritako bidetik atzera egin, eta bidezidor nabarmen batek oso denbora gutxian bigarren tontorrera gerturatuko gaitu. Tontor nagusia da, eta gutunontzia eta ezpata ditu. Handik Lizarrako merindadea, Lokizko harresi luze eta bikaina, Urbasako goi lautada, Kodesko mendiak, Deioko gazteluaren hondarrak eta beste hamaika leku esanguratsu identifika daitezke. Azken tontorra, berriz, zatarra da, antena erraldoi batek okupatzen baitu; eta, horren ondoan, erpin geodesikoa. Hiru tontorren artean dagoen altuera aldea apenas bi metrokoa da.
Abiapuntura itzultzeko tenorean igotzen den porlanezko pistatik jaisten hasiko gara. Berehala, altuera galdu, eta pinudia zeharkatzen duen bidetik belaze zabal batera (Montejurrako Lautada) aterako gara. Laster, pista zabala utzi, eta cairn batek erakutsiko digu hartu beharreko norabidea. Xenda batek pista zabal batera jaitsiko gaitu, eta sigi-sagan autobidetik gertura jaitsiko gara. Bide zati hori aspergarri samarra da, eta tarteka zidor desberdinak aurkitu ahal izango ditugu jaitsiera laburtzeko. Behera iristean, Camino de la Corona idatzia duen egurrezko hesola batek erakutsiko digu jarraitu beharreko norabidea. Artadian murgildu, eta azkar helduko gara autobidearen tunelaren ondora. Kilometro bat eskas Iratxeko monasteriora ailegatzeko.
Aiegi udalerrian dagoen XI. mendeko monasterio bikain hori erromesentzat ospitale, unibertsitate, erlijiosoen ikastetxe eta beste izan zen. Donejakue bidearen ertzean eraiki zen; beraz, Santiagorantz zihoazen erromesentzat atsedenleku. Barruan sartu, eta, besteak beste, XII. mendeko eliza erromanikoa, klaustro platereskoa, dorre herrerianoa eta beste zenbait eraikuntza ezagutu ahal izango ditugu.