Anjel Lertxundi / 2014-05-03 / 118 hitz
Sareko hauts asko harrotu ditu Asturiaseko hotel bateko nagusiak lan eskeko gutun bati emandako erantzunak: «…Beste okasio baterako, gomendatzen dizut ken dezazula zure curriculumetik hizkuntzen sailean ematen duzun gailegoaren ezagutzari buruzko informazioa, barregarria baita, absurdua eta alferrikakoa. Gomendatzen dizut baita ere zure ingeles maila hobetzea, eta, posible bazenu, frantsesarena eta alemanarena. Gailegoa Galizian bakarrik erabil zenezake, uste dut, eta tamala da denbora galdu izana hizkuntza hori ikasten, eta ez beste batzuk oinarrizkoagoak». Mezuak bi esaldi labur ditu aurretik: «Eskerrik asko zure informazioarengatik, baina lan-taldea osatuta daukagu».
Frantsesaren eta alemanaren ezagutzari gailegoarena ere gehitzen dion Curriculumaren bidaltzailea —eta gutuna zabaldu duena— ez da galiziarra, madrildarra baizik. Baina erantzunak batez ere Galizian harrotu ditu hautsak. Madrilen, batere ez. Uste dut.