Anjel Lertxundi / 2014-05-04 / 119 hitz
Asko gizendu den lagun batengatik norbaitek esan zidanean zabotuta dagoela, bueltak ematen hasi nintzaion aspaldi entzun gabe neukan hitzari, eta analogiak babotuta iradokitzen bazidan ere, banekien ez zutela zerikusi zuzenik, nahiz babotuta egotearen efektuak eta hitzaren hurbiltasun fonetikoak asko laguntzen duten zabotuta ulertzen. Hiztegian begiratu nuen. Berez eta zehazki, landareak eta animaliak zabotzen dira edo puzten, handitzen, hanpatzen, eta hedadurak askorako ematen du: zabotuta geratzen da sekulako jipoia jaso duen boxeolaria, pastilla asko hartzen duen gaixoa, alkoholaren edo drogen eraginez pertzepzioa lausotu zaiona. Lo faltak zabotu egiten ditu begiak, kirurgia estetikoak ezpainak-eta zabotzen. Futbolak zabotuta gauzka, zabotuta zabor mediatikoak ere.
Gai bakar baten obsesioak diskurtsoa ere zabotzen baitu, asko gizendu den lagun batek du gaurko zutabea zabotu izanaren kulpa.