Zirrikituetatik ateratako hitzak

Igor Susaeta / 2014-05-21 / 379 hitz

Urteek bere baitan sortutako kontraesanez mintzo da Unai Baztarrika ‘Ezinbestean’ poema bilduman.

Pertsonalki hain oparoa izaten ari ez zen garai batean, Unai Baztarrika (Beasain, Gipuzkoa, 1982) konturatu zen urteetan bere baitan sentipen batzuek irmo altxatutako horma deuseztatzen ari zela pixkanaka eta, hortaz, zirrikituak sortzen ari zirela pareta horretan. Hortaz, pitzaduretatik kontraesan modura eta galdera ikurrari lotuta ateratako hitzak erabili ditu Ezinbestean poema bilduma idazteko. Blas de Otero-Bilbo Hiria Poesia Lehiaketa irabazi zuen, iaz, lan horrekin, eta Erein argitaletxeak kaleratu du.

Baztarrikaren aburuz, ez da erraza poema liburu baten muina azaltzea; areago, lan «erabat fragmentarioa» bada, zatika idatzia, «azkar, etorri ahala». Aleak berrirakurtzen ari zela ikusi zuen, ordea, hari batek lotzen zituela.

Pitzaduren, arrakalen kontzeptua, esaterako, errepikatu egiten da liburuan, eta hasieran, hain zuzen, Arrakalak izena jarri behar zion— izenburu hori du Gotzon Barandiaranen lehen poema liburuak, 2004an kaleratutakoak (Susa) —. Bere baitako hormen zirrikituetan kontraesanekin topo egin zuen, baina «dekadentzia hori» ez zuen modu negatibo batean interpretatu. «Fase aldaketa bat da, azken batean», argitu zuen Baztarrikak, atzo Donostian, liburuaren aurkezpenean.

Kontraesan horietako dezenteri galdera ikur bat gehitu die. «Poema asko hala bukatzen dira, baina ez naiz erantzun bila aritu». Urte askoan barruan pilatutakoa papereratu du. Besterik gabe. Eta idazteaz, ekintzaz beraz, ere mintzatu da. Izan ere, batxilergo garaian Azkue eta Urruzuno sariak irabazi zituen Baztarrikak, baina hamar urte baino gehiago zeramatzan «lan kontziente bat» ondu gabe. «Liburuaren izenburuak berak adierazi nahi du testuak hor zeudela, baina nik ez niela ateratzeko bidea ematen». Beraz, mintzo da idazteko ezintasunaz, horretarako bilatutako giro «ito eta itxiaz», hitzen bilaketaz… Idazten berrikasi duela pentsatzen du Baztarrikak, eta, horretarako, lagungarria izan zaio Bergarako Idazle Eskolak eman dion diziplina, haren esanetan. «Beldurrak uxatu ditut eskolan barneratutakoarekin». Poema bildumaren bizkarrezurra hiru astean idaztera behartu zuen bere burua, eta iruditzen zaio hori nabaritzen dela ale askotan.

Idazteko beldurra alboratu du, baina gogorra egin zaio liburu bihurtu duena berrirakurtzea. «Erresumin bat sortzen du nigan. Orain ez nuke hori idatziko». Haren bizitzako «fase aldaketa batean» ondu zuen, eta maitasuna, desira, zalantzak, denboraren igarotzea, «aurrera jarraitzeko besteen beharra» eta beste dituzte oinarrian kontraesanek. «Gure herriaren egoeraz ere hitz egiten dut, baina ez hain era zuzenean».

Aipatutako gaiengatik, sortzerakoan igarotako prozesuarengatik, Baztarrikak badaki jendeak liburu «ilunaren, gogorraren» trazak har diezazkiokeela Ezinbestean-i, baina idazlearentzat badira poema baikorrak. Hori bai: «Ez dago alferreko itzulingururik».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.