Erredakzioa / 2014-05-29 / 233 hitz
Elkar argitaletxeak hamar eta hamabi urtetik gorako irakurleentzako lau liburu argitaratu ditu Xaguxar sailean: Antxiñe Mendizabalen Printzesa guztiek dute bere ipuina, Maite Gurrutxagak ilustratua, hamabi urtetik gorakoentzat; Ramon Olasagastiren Sugaar, Bruno Hidalgok ilustratua, hamar urtetik gorako irakurleentzat; Gus Jimenezen Moradero, Nuria Fortunyk ilustratua, hamar urtetik gorako irakurleentzat; eta Gaizka Arostegiren Karlisten altxorra, Julen Ribasek ilustratua, hamar urtetik gorako irakurleentzat.
Antxiñe Mendizabalen Printzesa guztiek dute bere ipuina narrazioko printzesak Raisa du izena. Raisaren zeregina itxarotea bada ere, jakin-minak bere ametsaren bila abiaraziko du. Granadako Alhambra (Espainia), Baztan eta Tutera ageri dira, besteak beste, Mendizabalen kontakizunean.
Sugaar narrazioarekin Xabier Lizardi saria irabazi du aurten Ramon Olasagastik. Eki du pertsonaia nagusi. Gaixo dago, eta medikuek ezin dute igarri zein gaitz duen. Ekiren arrebak, Izadik, gogoan du Eki bere lagun Martxelekin jolasean ibili zela Lindozuloko aintziran, eta susmoa du horrek zerikusia izan dezakeela Ekiren gaitzarekin.
Moraderoko erlojuak
Gus Jimenezen narrazioa June eta Nelise ama-alabek Moraderotik jasotako gutun batekin jartzen da abian. Gutun horren bidez jakingo du Nelisek Saal dela bere aita. Beste kontu harrigarri askoren berri ere ematen du gutunak, Moraderoko erloju bereziei buruzkoak horien artean: erloju horiei esker, Moraderoko bizilagunek denbora galdu beharrean irabazi egiten dute.
Alex eta Irati dira Gaizka Arostegiren Karlisten altxorra eleberriaren protagonistak. Udako oporraldian Alex Baztango familia baten etxera bidaltzea erabaki du haren aitak. Ikasturte osoa alferrik galdu duenez, aitak uste du komeni zaiola ohiko girotik aparte bolada bat ematea, jarrera zuzentzeko.