Alex Gurrutxaga / 2014-06-29 / 400 hitz
- Izenburua: Inon ez, inoiz ez
- Egilea: Iban Zaldua
- Argitaletxea: Elkar. Alex Gurrutxaga
Errealitatearen kontrapuntua da, Iban Zalduaren liburuak iradokitzen duenez, fikzioaren lekua: ez dago inoiz, ez inon. Aldi berean, Zalduaren literatura errealismoari atxikitzen zaio; horren irudikatze gisa uler daiteke Inon ez, inoiz ez-eko lehen ipuina: plazaren erdian dago protagonista, jendartean, hemen eta orain.
Errealismoa jarrera literarioa da Zalduaren obran: ipuinek gupidagabe heltzen diete pertsonen arteko harremanei —arazoei, bereziki—, ohiko bizimoduaren ertzak bilatzen dituzte, eta giza portaeraren alde ilunetan dabiltza aztarrika. Era berean, begirada ironikoa absurdoz eta fantasia jostariz tindatzen da: konbinazioaren indarra nabarmena izanik, esango nuke azken liburuan magiaren eta fantasiaren bidean pauso bat urrunago joan dela Zaldua.
Hiru ataletan daude sailkatuta ipuinak eta, idazlea bildumaz mintzo bada ere, nahiko ipuin-liburu egiten du egituraketak: lehen ataleko ipuinetan heterotopiak dira espazio asko (Twitter, hegazkinak, zahar-etxea, e.a.); hirugarren ataleko gehienek denborarekin jolasten dute (denbora ezinezkoak, atzeranzkoak, hil ondokoak, e.a.); azkenik, tarteko atalekoek gaiko mun bat dute —euskal gatazka—. Lehen eta hirugarren ataleko ipuin askok informazioa dosifikatuz eta irakurlearen aurreikuspenekin jolastuz funtzionatzen dute. Hemen, orain erdiko atalekoak, berriz, gehiago dira pintzelkada xumez eraikiak eta iradokitzaileak; ipuin guztiak ez dira indartsuak, baina nola edo hala elkar osatzen dute, mosaiko itxurako panoramika bat eginez gatazkari buruz. Tartean, Lagunduko al naun? edo Kanpainaren amaiera nabarmendu daitezke, adibidez.
Gaietan nola, kontatekniketan ere anitza da bilduma. Pertsona narratibo desberdinak ageri dira, eta oso ugariak dira elkarrizketa soilak ere. Halere, ipuin gehienak lehen pertsonan narratuak daude eta, salbuespenik gabe, irakurlea ezin fida daiteke narratzaile horretaz. Pertsonaia mugan jartzen dute ipuinek, eta hor azaleratzen dira subjektuaren desorekak.
Honezkero badaki irakurleak Zaldua literaturari buruzko literaturaren idazle aipagarria dela, eta hemen ere badaude kontakizun metaliterarioak. Esaterako, irakurzaletasunari buruzko ipuin fina da Gaixoa; Ohean irakurtzea ipuinak, berriz, plano-joko klasikoaren berridazketa interesgarria egiten du. Aldiz, desorekatuta sumatzen dira errealismoa eta metaliteratura ezkontzen dituzten ipuinak; esaterako, Madrid-Roma, 2646 hegaldia edo Bulebarreko erlojua ipuinen amaierek, planoa ireki eta irakurleari dei egiteko jokoarekin, behera egiten dute. Nabarmena iruditzen zait hori Bila ipuinean, non errealismoz fokalizatutako istorio kateatzailea idazketari buruzko (beste) ipuin bat bihurtzen den —pista batzuk eta amaierako sorpresa medio—.
Oro har, bildumako ipuin luzeak nabarmendu zituen Ramon Saizarbitoriak liburu honen aurkezpenean, eta bat nator: koxka bat gorago daude Gerra Zibilak, kasik antologikoa, Williams edo Zeta-harrak. Edonola ere, liburuaren azala behatuz —Gasteizko eskultura ezagunean oinarritua—, gustatzen zait pentsatzea icebergaren teoriatzat har daitekeela: hankak ikusten zaizkio norbaiti, hankak bakarrik, gainontzekoa irakurleak asmatu behar du.