Hulot jauna?!

Imanol Mercero / 2014-06-29 / 165 hitz

  • Izenburua: Ibiltzaile onaren eskuliburua
  • Egilea: Raimon Juventeny
  • Itzultzailea: Jose Angel Irigarai
  • Argitaletxea: Pamiela, Kalandraka eta Pol-len.

Presaka dabilen munduarekin larriturik, marrazketa tresnak hartu, eta ibiltari onaren eskuliburua egitea deliberatu du Raimon Juventenyk.

Aldarrikapena hogei aholkutan bildu du, eta bakoitzari orri-biko ilustratu bat eskaini dio. Esaera ulerterrazak dira, denak baturik kausaren aldeko aldarrikapen originala bihurtzen direnak.

Badute baieztapen horiek, hala ere, irakurketa trabatzeko ohitura desatsegina, hitzen ezohiko erabileragatik eta joskeragatik.

Joskerari dagokionez, galdegaia ezohiko eran agertzen da maizegi. Eta uste dut ez duela asmatu. Koma erabilita konponduta zegoen: Ibiltzaile ona, liluratu egiten da handitasunarekin.

Baina ez dezagun dramatizatu; testua ongi ulertzen da, agian soilik niri egingo zait desatsegin joskera, edota «paseante» «ibiltzaile» bihurtzea, «ibiltari» beharrean.

Guztiz bestelako iritzia sortu dit ilustrazioak. Liburu honetan nahitaez begiratzen da irudia. Mezua, bere osotasunean, irudiekin jasotzen da. Paper arrearen gainean, tintaz bustitako belakia (edo antzeko zerbait) erabiliz, nahi hainbeste ñabardura agertzen dira, ibiltzera atera zaigun protagonistaren inguruan.

Ba al da haur, gazte edo heldu, aholku horiei jarraitzea komeni ez zaionik?

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.