Jeniotik talentura

Ainhoa Sarasola / 2014-06-11 / 747 hitz

Gazterik ondu zituen obrarik behinenak Richard Strauss konpositore alemanak, bizi osoan sortzen jarraitu zuen arren. Jaio zela 150 urte bete dira gaur.

Agian ez naiz lehen kategoriako konpositorea izango, baina banaiz bigarren kategoriako lehen mailakoa». Ezohiko apaltasunez, hala definitu zuen behin bere burua Richard Strauss konpositore alemaniarrak (Munich, 1864-Garmisch-Partenkirchen, 1949). Haren hitzen gainetik, ordea, bere garaiko musikagilerik handienen artean dago, XX. mendeko musikaren bilakaeran eragin handia izan zuena. Jaio zela 150 urte bete dira gaur.

Bavariako goi nobleziako familia batean jaio zen Richard Strauss, eta musikagile izatera kondenaturik zegoela esan liteke. Izan ere, haren aita, Franz Strauss, Municheko Gorteko Operan tronpa jotzaile bakarlaria zen, eta batez ere haren eskutik jaso zuen musikarekiko zaletasuna, baita goi mailako musika heziketa ere. Horretan izan zuten zerikusirik gainerako familia kideek ere: amarekin 4 urterekin hasi zen pianoa jotzen, eta osabarekin, berriz, 7 urterekin ekin zion biolinean trebatzeari. 6 urteko haurtxoa baino ez zela osatu zuen bere lehen konposizioa, eta zortzi hamarkadaz jarraitu zuen obrak sortzen.

Nerabezaroan, Municheko Gorteko Orkestrako entseguetara joaten zen, eta Wilhelm Friedrich Meyer zuzendariaren eskutik eskola pribatuak jaso zituen musika teoriari eta orkestrazioari buruz. Pianorako edo pianoa eta ahotserako obrak izan ziren bere lehen sorkuntzak; aitaren gustuek eraginda, zeina Wagnerren estiloaren etsai amorratua zen, Mozart, Haydn eta Mendelsonen formalismoaren bidetik jo zuen hastapen haietan, nahiz eta gerora aitaren bidearekin hautsi eta Wagnerren ildorantz egin zuen.

Haren obra hiru garaitan bereiz daitekeela uste dute hainbat adituk. Lehen garaiko lanek (1880-1887) maisu klasiko eta erromantikoen eragin sakona erakusten dute. Horien artean daude, besteak beste, Txelo eta pianorako sonata (1883) eta Aus Italien sinfonia fantastikoa (1887). Bigarren aroan, 1887 eta 1904 urteen artean, orkestrazioaren artean maisutasun handia lortu zuen, poema sinfonikoa bikaindu zuen, bereziki Wagnerrek garatutako leitmotivaren bidea erabili zuen, eta berrikuntzak egin zituen armoniari zein instrumentazioari dagokienez. Orduko lan nabarmenen artean daude Don Juan (1888), Till Eulenspiegel (1895), eta Friedrich Nietzscheren izen bereko obran oinarritutako Also sprach Zarathustra (1896) —Stanley Kubrickek askorentzat ahaztezin bihurtu zuena 2001: A Space Odyssey filmeko soinu bandaren sarreran sartuta—. Beste bi poema sinfoniko baino ez zituen ondu: Don Quixote (1989-1987) eta Ein Heldenleben (1897-1898). Bi sinfonia garrantzitsu ere utzi zituen garai hartan: Sinfonia domestica eta Eine Alpensinfonie.

‘Salomé’ eta ‘Elektra’

Aurrerantzean, operari eman zion bere onena musikagileak. XX. mendeko opera nabarmenen artean daude 1904 eta 1949 urteen artean Straussek sorturiko zenbait. Salomé izan zen lehena. Ondotik, lankidetza aro oparoa hasi zuen Hugo von Hofmannsthal poeta eta libretistarekin, eta bere opera sonatuenak sortu zituen, Elektra (1909), Der Rosenkavalier (1911) eta Ariadne auf Naxos (1912) aipagarrienen artean.

Mercedes Albaina Musikeneko irakasle eta adituak esaldi batean laburbildu du konpositorearen ibilbidea: «Straussi buruz esaten da hasieran jenioa zela eta gero talentuz beterik egon zela. Don Juan egin zuenean, adibidez, 25 urte zituen, eta ikaragarria zen. Oso gazterik izan zen jenioa». Hastapeneko obren bikaintasunarekin jo zuen goia, eta gerora, lan handiak egin bazituen ere, mailari eutsi bai, baina ez zuen hura gainditu, Albainaren ustez. «Bere maisulanak gaztetakoak dira; bere karreraren hasieran oso balioetsia zen, publikoaren aldetik bizirik zegoen gehien baloratutako konpositoreetako bat zen, baina gerora ez hainbeste. Bitxia da, adibidez, ez zuela eskolarik utzi. Beste musika lengoaia batzuk hasiak ziren ordurako».

«Orkestrazioaren arloa muturrera eraman zuen; erabat bikaina, jenioa zen horretan», Albainaren hitzetan. Bi ildo nagusi bereiz litezke garaiko musikagileen artean, bi mundu gerren arteko testuinguru sozial, politiko eta kulturalak eraginda: Austria-Hungariako Inperiokoa, Wagner buru zela, eta frantsesena. «Wagnerren ildoa muturrera eraman zuen Straussek, alemaniarrek gogoko dituzten metal askoko orkestra handi eta indartsu horiekin. Espresionismoaren ildotik jo zuten. Bere antitesi garaikidea Debussy litzateke, eta frantsesek orkestrari tratamendu sotilagoa ematen diote, hedonistagoa, sentsualagoa, espresionismotik bereizi nahian». Operan ere «ausarta» izan zela uste du irakasleak, Elektra-rekin, adibidez, Freuden psikoanalisiaren ideien bidetik jo baitzuen, nahiz eta gero ez zuen bide horretatik jarraitu eta opera «arinagoak» egin zituen.

Bigarren Mundu Gerran naziekin izan zituen harremanengatik ere kritikatu izan da, anbiguotasunean murgildu baitzen. «Beti esan izan da Straussek bizitzan bi oinarri zituela: musika eta dirua. Hoberen ordaindutako konpositoreetako bat izan zen. Reicheko Musika zuzendari izendatu zuten naziek, eta onartu egin zuen, baina egia da beste edozein kartzelara bidaltzeko moduko gauzak ere esan zituela». Libretista juduekin lan egiteko debekuari ere ez zion jaramonik egin. «Ahal zuen lekutik hoberena atera nahi zuela esaten da, eta ez zela batere konprometitua, beste artista batzuek jarrera hartu zuten unean berak ez zuela hartu, ez alde batera ez bestera, pribilegiorik ez galtzeko».

Bide berri bat hasi baino gehiago, Straussek aro bat itxi zuela uste du Albainak: «Musika instrumentalean Wagner eta Lisztekin hasi zen estetika bati amaiera eman ziola esan daiteke».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.