Estibalitz Ezkerra / 2014-06-08 / 698 hitz
Asteon 25 urte bete dira Txinako Askapenerako Armada Herritarrak Tiananmen plazan bilduta zeuden herritarren kontrako eraso odoltsua jazo zela; gertakariaz gogoeta egin du Ma Jianek ‘Beijing Coma’ nobelan.
Ez dago argi zenbat pertsona hil zituen Askapenerako Armada Herritarrak 1989ko ekainaren 4an Tiananmen plazan (Pekin, Txina), bildutakoak indarrez kanporatzeko agindua aurrera eraman zuenean. Batzuek diote ehunka lagunek galdu zutela bizia; beste batzuen aburuz, milaka izan ziren hildakoak. Biktimen izenak, iturri ofizialek bere garaian kontra-iraultzaile izendaturikoak, ez dira inoiz ezagutzera eman. Haien senideek debekaturik dute omenaldirik antolatzea, modu publikoan zein pribatuan. Sarraskiaren data gertu denean, poliziek plaza hartzen dute hildakoak oroitu eta omentzeko saio klandestinoak eragoztearren. Komunikabideek ezin dute sarraskia aipatu ere egin. 1989ko ekainaren 4ko gertaerak inoiz jazo ez balira bezala jokatzen du Txinako Gobernuak, eta herritarrek beste horrenbeste egiten dute.
Amnesia kolektiboa ezartzeko saioek funtzionatu egin dutela dirudi, duela gutxi Pekingo Unibertsitateko ikasleekin egindako esperimentuaren emaitzei kasu eginez gero. Tiananmen plazari buruzko argazki ikoniko bat erakutsi —gizon bat plastikozko erosketa poltsa eskuan plazarantz abiatzen ari diren tankeei aurre egiten azaltzen duen hori—, eta batek ere ez zekien zeren gainekoa zen. Bere garaian ikasle mugimenduko buruak izandakoek —Txai Ling, Li Lu, Wang Dan, Shen Tong, Wu’er Kaixi— erbestera jo zuten aspaldi, eta haietako batzuk sistema kapitalistaren parte-hartzaile eta sustatzaile arrakastatsu dira gaur egun. Bien bitartean, beren herrikideak Maoren agintaldiko trauma eta gabezia materialetik kontsumismo basatira igaro dira. 1970eko eta 1980ko hamarkadetako demokraziaren aldeko borrokek antigoalekoak dirudite haientzat, erosahalmena askatasunaren (bere aldaera politiko, kultural eta sozialean) pareko balitz bezala. Ma Jianen (Qingdao, Shandong probintzia, Txina, 1953) Beijing Coma (2008) nobelako Da Weik esaten duen bezala, «inork ez du Tiananmeneko protestez gehiago hitz egiten».
Hamar urte igaro dira Tiannanmen plazan poliziek buruan tiro egin ziotenetik, eta, ordutik, Txina bera bezala, koman dago Da Wei. Bere gorputzaren preso da, egunetik egunera ustelduz doan gorputza. Bere kabuz baliatzeko ezgai utzi ostean, gobernuak debekatu egin zuen inongo ospitalek gaztea artatzea. Izan ere, Dai Weiren existentzia mehatxu bat da klase agintariarentzat. Ezin du hitz egin, ezta mugitu ere, eta, hala ere, gobernuak zorrotz zaintzen ditu haren nondik norakoak. Sarraskiaren urteurren bakoitzean, bera eta bere ama bizi diren apartamentutik atera eta beste nonbaiten ezkutatzen ditu, disidentziarako aitzakia bihur ez daitezen. Amak bere esku dagoen guztia egingo du semearentzako sendagaiak lortzearren, giltzurrunetako bat saltzea barne.
Gorputza ez bezala, Dai Weiren adimena energiaz, emozioz, desirez eta, oroz gain, oroitzapenez beterik dago. Hain zuzen, komak pentsatzeko askatasuna, ingurukoek dutena baino handiagoa, eman diola uste du. «Ziurrenik gobernuaren jazarpenezko neurriak babesten duen adierazpena sinatu ez duen hiritar bakarra naiz», pentsatzen du. Bere gorputza Tiananmen bezalakoa da, «zulo bat, irteerarik gabe», eta bere adimena, berriz, «espazio bero bat da, taupaka ari den bihotzarekin, hiri hotz baten erdian harrapatuta».
Bere odol-hodi eta organoak barrutik arakatu bitartean, Txinaren erretratua eskaintzen digu Dai Weik, Kultur Iraultzatik gaur egunera arte. Demokraziaren aldeko agerraldiak antolatzeko saio frenetiko eta traketsen gainean gogoetan ari dela, hauxe ondorioztatzen du: «Adoretsuak ginen, baina esperientziarik gabeak, eta Txinako historiari buruz ezagutza handirik ez genuen». Izan ere, Dai Weiren aburuz, protestagileek ez zuten Txinan antzinatik datorren krudeltasun autokratikorako, mendekotasunerako eta onespenerako joera aintzat hartu, eta hortik gobernuaren jazarpen odoltsua ez aurreikusi izana. Gobernuak bidalitako tankeek belaunaldi baten arima hautsi eta epai etikoak egiteko ezgai utzi zuen, bizirik iraun ahal izateko nortasun eskizofrenikoak garatzera behartuz.
Atzerrian ekoizturiko hainbat lanen antzera, mingostasunez mintzo da Beijing Coma gaur egungo Txinaz. Nobelak, alde batetik, Txinako Alderdi Komunistaren tirania eta iragana ezabatzeko ahaleginak salatzen ditu, baina, era berean, gogor kritikatzen du herritarrak narkotizaturik dauzkan materialismo berriaren eta garapen ekonomikoaren ustelkeria. Horren aurrean, norbanakoaren salbazio espirituala proposatzen du lanak. Lagunek eta senideek abandonatuta, txolarre bat da Dai Weiri geratzen zaion lagun bakarra —bere apaltasunagatik Mao Zedongek suntsitu beharreko espezie izendatu zuen txolarre bat—. «Esnatzen banaiz», dio nobelaren amaieran, «ziur aski politika ahaztu eta bizitza zoriontsua izaten jarriko dut arreta guztia». Erbestean denak edo herrialdean bertan oparotasunean bizi den gutxiengoak agian erraza du Txinaren arazo konplexuei bizkarra ematea, baina aukera hori ez dago txinatar guztien eskura. Tiananmen plazako protestek ez zuten gobernuaren tirania deuseztatu, horra haien porrota, baina Dai Weik une batean onartzen duen bezala, hauxe frogatu zuten: «Jendea talde baten parte bihurtzen denean, lehenago zeukanik ere ez zekien adorearen jabe egiten da». Lezio garrantzitsua da hori.