Iker Tubia / 2014-05-30 / 1.052 hitz
Sormen lan baten ibilbidea ezagutzeko aukera eskaintzen dute eskuizkribuek. Kritika genetikoak haiekin lan egiten du, sormen lan baten garapena aztertzeko. Frantzian zabaldu da ikerketa bide hori, baina Euskal Herrian ere sartzen ari da.
Lehenbiziko letra, lehenbiziko esaldiak, lehenbiziko ezabaketak eta zirriborroak. Lehenbiziko eta azkeneko. Denak du balioa. Sormen prozesuaren parte dira guztiak. Horregatik, garrantzitsuak dira eskuizkribuak, hasierako eta bukaerako oharrak. Hori aztertu egiten du testuen genetika edo kritika genetikoa deitutako ikerketa bideak. Obra berrezagutzea da helburua.
Eskuizkribuen balio ekonomikoa handia izaten da batzuetan. Hala izanen da ekainaren 24an enkantean jarriko duten kantu baten zirriborroa. Bob Dylanen Like a Rolling Stone, hain zuzen ere. Milioi bat eta bi milioi dolarren artean salduko dela aurreikusi dute, 700.000 eta 1,45 milioi euroren artean alegia. Dylanek 1964an idatzitako paperak dira, son handiko kantua egiteko erabili zituen zirriborroak. Kantuaren hitzak ez daude bukaturik, eta hamaika ohar dituzte.
John Lennonek idatzitako A Day in the Life kantuarena da enkanteko markarik onena. 2010. urtean saldu zen. Hori gainditu nahi dute Dylanen eskuizkribua bi milioi dolarretan salduta.
Sosak alde batera utzita, musikari estatubatuarraren eskuizkribuak informazio anitz biltzen du. Han ikus liteke Like a Rolling Stone kantuaren hitzak prestatzean kendu edo gehitu zirenak, hausnarketak eta abar. Informazio hori aztertzea ez da izanen, aitzitik, enkantean erosiko duenaren helburua, seguruenik. Fetitxismo anitz dago eskuizkribuen inguruan, ez soilik pertsonen aldetik, baita instituzioen aldetik ere. Gainera, sarri asmo ekonomikoak daude horren atzean.
Kritika genetikoaren bitartez, baina, Dylanen kanta hori sortzeko prozesuan barneratzeko aukera egonen litzateke. Batik bat Frantzian garatu den ikerketa bidea da kritika genetikoa, eta sorkuntza prozesua aztertzea du helburu. Azterketa bide horrek defendatzen du obra bat ez dela inoiz bukatzen. Hala azaldu du Mikel Aierbe EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak: «Lekukotasun batzuek sorkuntza prozesuaren berri ematen digute, eta askotan, egilearen berri ere bai». Balio dezake autore baten lan egiteko modua aztertzeko, edota bukatu gabeko obrak aztertzeko ere. Adibidez, horrelako datuekin jakin liteke —eta lekukotasuna idatzia izan— Bernardo Atxaga Obabakoak liburua Obaba-Hamburgo izendatzekotan zela.
Bestelako datuak ere jaso litezke. Aierbek aipatu duenez, Raymond Carver idazlearen eskuizkribuak azterturik informazio interesgarria lor liteke: «Pentsa liteke Carverren estiloa ez zela hain Carver; Gordon Lish bere editorearen aholkuak onartu zituen. Nork esaten digu Kafkaren lanak Kafkak idatzi bezala iritsi zaizkigula?».
Horretaz gainera, bestelako erabilera ere eman dakieke eskuizkribuei. Adibidez, publikatzea. Andolin Eguzkitza hil zenean, Susak bere eskuizkribu batzuk argitaratu zituen, bere horretan, bukatu gabe. Horrek Eguzkitza lantzen ari zena ezagutzeko parada eskaini zuen. Koaderno berdean gordetzen zituen orriek informazio anitz eman zezaketen. «Irakurleak hobeto ulertuko du idaztean Andolinek jarraitzen zuen bidea», esan zuen orduan Gorka Arrese editoreak. Mixel Itzainak ere Xalbadorren eskuizkribuak argitaratu ditu berriki. «Lehen ukaldikoan ikusten ahal da bertsolari edo olerkari normal bat. Bigarren ukaldi horretan, lana egin, eta Xalbador ikusten da», zioen liburua aurkeztean.
Eskuizkribuak eta aztertzeko kritika genetikoa gertutik ezagutzen du Joana Pochelo Euskal Ikasketetan doktoreak. Izan ere, bere tesian Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea eleberria aztertu zuen. Ikerketa korronte horren helburua azaldu du: «Obra baten azken aldaera baizik ez dugu ezagutzen, eta ikus liteke beste liburu posible batzuk izaten ahal zirela, eta ikusi testu batek barnetik nola eta zergatik funtzionatzen duenA». Lehen eskuizkributik inprimatu artekoa ez ezik, ondorengo berrargitalpenak ere kontatzen dira, betiere autorea bizi den garaikoak.
Literaturan ez ezik, musikan, artean eta antzerkigintzan ere erabiltzen da kritika genetikoa, besteak beste. Partitura batean ageri diren oharrek eman dezakete informazioa. Antzerkian konplexuagoa da azterketa, idatzitakoa taula gainera igarotzerakoan aldaketa anitz izaten baitira. Aldaketa horiek sarri paper muturretan edo gal litezkeen tokietan idazten dira. Aurelia Arkotxa Bordeleko Montaigne Unibertsitateko irakasleak azaldu duenez, antzerkia «biziki sentsiblea» da horretan, ohar asko bota egiten baitira. Baina orain lehen baino hobeki aztertzen dela onartu du.
Batzuetan zentsura politikoa ere agerian gel liteke eskuizkribuen bitartez. Jean-Paul Sartreren Les Séquestrés d’Altona (Altonako bahituak) antzezlanean II. Mundu Gerraren testuinguruan gertatzen da istorioa. Arkotxak azaldu duenez, zirriborroei begiratuta, Sartreren helburua Aljeriako gerra kritikatzea zela jakin liteke. Eskuizkribuetan dago hori, ez argitaratutakoan.
Frantziatik Euskal Herrira
Kritika genetikoa duela hamar urte inguru ailegatu zen Euskal Herrira, Arkotxaren eskutik. Lehenagotik, Frantzian garatutako ikerketa bidea da, eta han murgildu zen kritika genetikoaren munduan. ITEM Institut des Textes et Manuscrits Modernes erakundean landu da praktika hori, batik bat. Horretaz gainera, Frantzian badira laborategiak. Adibidez, Normandiako IMEC Institut Memoires de l’Edition Contemporaine. Zentro horretan idazleek haien eskuizkribuak eta oharrak utz ditzakete, baina maileguan, etorkizunean berriz erabili nahi badituzte har baititzakete. Gainera, besteek ere begiratu dezakete material hori.
Bestelakoa da egoera Euskal Herrian. Arkotxak bere eskolen bitartez zabaldu zuen ikerketa bidea, Baionako fakultatean literatur teoria eskoletan. Gero, Euskal Herri osoan zabaldu nahi izan zuten, eta EHUra jo zuen, Mari Jose Olaziregirekin batera. Udako Euskal Unibertsitatean ikastaroa antolatu zuten, eta El taller del escritor (Idazlearen tailerra, EHU, 2010) liburua argitaratu zuten Javier Lluchek, Olaziregik eta Arkotxa berak.
Ikerketaren alorra ari da gutxika zabaltzen. Aierbe hiru euskal idazle aztertuko ditu bere tesian: Gabriel Aresti, Ramon Saizarbitoria eta Bernardo Atxaga autoreen sorkuntza prozesua nola garatu den. Pocheluk, berriz, 2004an aurkeztu zuen bere tesia. Atxagak Soinujolearen semea egiteko erabili zituen ordenagailuko artxiboak utzi zizkion. Ez ziren eskuizkribuak, horiek uztea zailago egiten zitzaiolako, koaderno eta paperak berriz erabiltzen dituelako. Baina han ziren oharrak ere: pertsonaia bat gehiago lantzeko zioena edota zita bat bilatzeko gogoragarria. «Helburua nobela haren idazketa prozesua barnetik aztertzea zen», azaldu du tesiaren egileak.
Parisko laborategian informatika programa bat sortu dute testu beraren bi aldaera konparatzeko. Hori ere erabili zuen. «Erakutsi nahi izan nuen informatikaren garaian ere testuen genetika eta idazketa prozesua ikertzen ahal dela, ez dela beti eskuizkribuekin bakarrik egiten».
Kontzientziazio beharra
Kritika genetikoa gutxi ezagutzen da oraindik, horretan bat datoz Pochelu, Aierbe eta Arkotxa. Azkenak, baina, ontzat hartu du orain arte egindakoa. Arkotxak dio hamar urte gutxi direla ikerketa berri baterako. «Oso garaikidea den ikerketa bidea da, beraz, hori zabalduko duten pertsonak behar dira». Arkotxa da horietako bat. «Ongi pasa da biziki, eta espero dudana da zabalduko dela». Haren aburuz, sentsibilizazioa beharrezkoa da. Bide horretan, lagungarri izanen da, besteak beste, Aierberen tesia, adibidez.
Aierbek eta Pocheluk artxibo eta laborategien beharra nabarmendu dute. «Ez dago artxibo nazionalik, ez dago artxibatzeko ohiturarik, eta ate-joka ibili behar duzu», dio Aierbek. Adibidez, Jon Miranderen artxiboa biblioteka nazional batean egon beharko lukeela uste du. «Inportanteena ez da edukitzea, aztertzeko aukera izatea baizik».
Pocheluk esan duenez, idazleek ere izan beharko lukete kritika genetikoaren berri, haien lana azter daitekeela alegia. Dena den, zirkulu itxia da: «Artxiboak balira, beharbada ikerketak egonen lirateke, baina ikerketa garatuago balego, beharbada artxiboak sortuko lirateke».