Garikoitz Goikoetxea / 2014-09-21 / 748 hitz
Eskolako jazarpenaren lege egoera ikertu du Perezek. Zailtasun batzuk badira kasuak zigortzeko: frogatu ahal izatea, adibidez. Ikastetxeek arduraz jokatu behar dutela nabarmendu du irakasleak.
Gaur dira hamar urte Jokin Zeberiok bere buruaz beste egin zuela. 14 urte zituen. Eskolan pairatzen zuen jazarpenetik ihesi erabaki zuen bere burua Hondarribiko harresitik behera botatzea. Hari eraso ziotelako, adingabeen auzitegiak bi urteko itxialdia ezarri zien Zeberioren zazpi ikaskideri, eta hiru hilabetekoa beste bati. Osotasun moralaren kontrako delitua egitea egotzi zien, eta kasu horietako zigorrik handiena jarri. Eskolaren aurka ere jo zuen Zeberioren sendiak, baina epaileek ez zuten haren erantzukizunik ikusi.
Zeberioren kasua mugarria da bullying-ari buruzko ikerketan. Ikasleen arteko jazarpenak lege aldetik duen egoera aztertu du Ana Isabel Perez EHUko zuzenbide irakasleak (Errenteria, Gipuzkoa, 1973). Kriminologiaren Euskal Institutuko kidea ere bada.
Adingabeen artekoa da eskolako jazarpena ia beti. Eta horietako asko 14 urtetik beherakoak. Lege aldetik, zer egin liteke hor?
Adingabeen kasuan, bide penalak esku hartzen du 14 urtetik gorakoak direnean erasotzaileak. Adin horretatik behera, ez du zeresanik. Orduan zer neurri hartzen dira? Estatuak, diputazioak hartu behar ditu neurriak: hezitzaileak, gurasoekin adostuak… Neurri horiek ez dira juridiko-penalak izango. Nabarmendu behar dira heziketa eta adingabeen garapena. Adin horietan heldutasuna oraindik ez da iritsi, eta hori bideratzeko neurriak izango dira.
Bullying-aren aurkako talde batzuek diote ez dela bidezkoa, 14 urte baino gutxiagokoen jazarpenak ez daukalako zigorrik.
Garbi izan behar dugu zertan datzan edozein pertsonaren garapena, pertsonalitatearen garapena. Zuzenbide penalak parte hartzen du ulertzen denean delitugile horrek kontzientzia duela. Psikologiak esaten du pertsonalitatearen garapenean hainbat fase daudela, eta fase batzuetan ez dagoela kontzientzia hori guztiz garatua. Gerta daiteke une batean edukitzea heldutasunarekin ulertzen dugun portaera bat, baina inertziaren ondoriozkoa izan daiteke. Zuzenbideak parte hartuko du delitugileak gutxieneko kontzientzia eta gaitasuna duenean zer egin duen ulertzeko. Nonbait jarri behar da muga, eta Europan 14 urtean dago. Zuzenbide estatu batean gutxieneko batzuk bermatu behar dira, eta, printzipio horiek onartu ditugunez, sistemak erabaki du muga 14 urtean jartzea.
Jazarpen batzuek hori zigortzeko delitu zehatza dute; lanekoak, adibidez. Eta bullying-ak?
Zeberioren kasuan aplikatu zena, Espainiako zigor kodeko 173.1 artikulua: osotasun moralaren aurkako portaera, tratu apalesgarriarekin. Umiliazio bat dago, eta, hori lortzeko, izaera askotako portaerak eduki dira, fisikoak edo psikologikoak. Bullying-ak ez du adierazten portaera bat bakarrik. Prozesu bat da: epe zehatz batean gertatutako portaerak, izaera askotakoak. Ez da portaera bat. Prozesua izateak ekartzen du larritasuna. Horrek bultzatzen du zuzenbide penalaren parte hartzea.
2010ean Zigor Kodearen erreforma bat egin zuten, eta lan arloko jazarpenaren delitua sartu zen. Bullying-aren portaerak ez daude hor sartuta, atal hori zehazki laneko portaerei buruzkoa baita. Bullying-ari aurre egiteko daukagu Zeberioren kasuan erabilitako artikulua. Egia da ez direla agertzen bullying edo jazarpen hitzak. Baina artikulu horrek barneratzen duen guztiarekin, nire ustez, erabat zigortuta dago bu- llying-aren gisako prozedura bat.
Jazarpena nola frogatu, hor egoten da zailtasuna askotan. Zeberioren kasuan, esate baterako, irakasleek ez zuten ezer ikusi.
Arazo bera dago laneko jazarpenean. Prozedura horietan gertatzen diren portaera batzuk fisikoak izan daitezke, eta edozeinek ikus ditzake. Baina, beste batzuetan, portaera psikologikoak dira: ikasle batekin ez hitz egitea, baztertuta uztea… Batzuetan oso zaila da zehatz frogatzea prozedura osoa. Eskolen arduradunek zerbait esan behar lukete. Egia esan, gero eta gehiago hartzen dira prebentziorako neurriak, ikuskaritza neurriak… Prebentziorako programa gehiago daude abian.
Azken arduraduna eskola da? Gehiegi esatea da, agian. Baina ez da ahaztu behar portaera guztiak eskolan gertatzen direla, biktimak adingabeak direla, eta delitugileak ere bai. Eskolek zerbait esan eta egin beharko dute, gutxieneko kontrol bat eramateko eta portaera horiek prebenitzeko.
Eskolaren aurka egin zuten Zeberioren gurasoek, ardura zutelakoan. Ez zuten zigortu. Eskolek lege erantzukizunik badute?
Zaila da. Lanean gertatzen den bezala. Normalean, adingabeak badira delitugileak, esan dezakegu euren gurasoek gutxieneko erantzukizuna izan dezaketela, ez dituztelako kontrolatu euren seme-alabak. Berdin gerta daiteke eskolaren kasuan. Baina askoz zailagoa da, noski. Kontuan izan behar dugu zenbat ikasle dauden eskoletan. Interpretatzen dugu edozein momentutan kontrolatuta daudela, baina, noski, oso zaila da jakitea zehatz-mehatz ikasle horrekin zer gertatu den, zergatik ez zegoen hor heldu bat.
Erasotzaileen gurasoei, berriz, bai, jarri zieten zigorra. Zenbaterainoko ardura daukate haiek?
Erantzukizun subsidiarioa dute. Isun bat zehazten da. Epaituak ez badauka ordaintzeko aukerarik, egon daiteke aukera delitugilearen gurasoak zigortzeko, garbi geratzen bada gurasoek izan dutela gutxieneko erantzukizuna.
Jazarpenaren susmoa dagoenean zer egin: ikastetxearekin hitz egin edo auzitegietan salatu?
Bi bideak. Prebenitzea da garrantzitsuena. Gurasoek sumatzen badute normala ez den portaera bat euren seme edo alabarengan, eskolara joan behar dute, ikusten badute etxean ez dagoela arazorik. Baina, egia esan, susmoren bat badaukagu bullying-aren aurrean gaudela, bi bideak jarraitu beharko genituzke: batetik, kereila bat jartzea, eta, bestetik, eskolako arduradunekin hitz egitea.