Gorka Erostarbe / 2014-09-05 / 712 hitz
Iñaki Eizmendi ‘Basarri’-k 1931tik 1943ra bitartean idatzitako artikuluak bildu ditu Joxemari Iriondok, eta bi liburukitan plazaratu ditu, Auspoa argitaletxearen eskutik. Gerraurreko kazetari lana jasotzen du lehenak eta gerra garaikoa bigarrenak; «estilo hotzaren aurkako estiloa» zuen.
Erakusbide ederra benetan aurtengo negu illun eta naigabetsu onetan euzko abertzale zintzoak azaldu dutena». Iñaki Eizmendi Basarri-k (1913-1999) Euzkadi egunkari jeltzale ele bikoan idatzitako Anaitasuna erakutsi lehen artikuluko lehen hitzak dira. 1931ko abenduaren azken-aurreko eguna zen, 30a. 18 urte baino ez zituen.
Hastapenetik, lehen artikuluetatik, garbi utzi zuen zein izango ziren bere gai nagusiak, bere obsesioak, ez baitzen epelbideetan ibili zale. Honela zioen artikulu horren amaieran. «Nork du langillenganako maitetasuna eta nork egiten dio laguntza langilliari, soziolistuak ala abertzaleak? Zabaldu begiak». Batzuek goratuz eta besteei eztena sartuz hasi zuen kazetari ibilbidea. Abertzaletasun sabindarraren defentsa, kristautasunarena, euskara, nekazari eta baserritarren batasuna… zituen idazgai.
«Hasierako estilo ausarta»
«Basarrirena estilo hotzaren guztiz kontrakoa zen», Joxemari Iriondo lagun eta kazetariak dioenez. «Berak iritzia ematen du artikulu guztietan, eta ausardia handiz ematen du gainera». Iriondok berak bildu ditu Basarrik 1943ra bitartean idatzitako artikulu guztiak, eta bi liburukitan plazaratu ditu Auspoa argitaletxearen eskutik. Lehenak, Basarri. Gerraurrean kazetari izenburua dauka, eta 1931 eta 1935 arteko aldia jasotzen du, eta bigarrenak, Basarri. Gerratean kazetari, eta 1936 eta 1943 arteko aldia jasotzen du. «1946tik 1960ra bitarte gazteleraz argitaratu zituen testurik gehienak, edo gazteleraz argitarazi zizkioten, orduan La Voz de España-k ezartzen baitzituen arauak». Lehen urte horietan «gerora izango zen baino ausartagoa izan zen; berak aukeratzen ditu gaiak eta pentsatzen duena esaten du», Iriondoren hitzetan. «Oso aberatsa da lehen aldi hartan berak egindako ekarpena». Ausarta eta zuzena bai, baina zenbaitetan ñabardurak ere egiten zituen; esaterako, kristautasunaren aldeko testuak idazten zituen, baina artikulu bat baino gehiagotan jartzen du zalantzan hainbat kristau eta eliz-gizonen dirurako zaletasuna.
Idazten hasi zenerako, bertsotan zaildu samarturik zegoen Basarri, nahiz artean oso gazte izan. Errezilen jaioa zen, Granada baserrian, baina zazpi urte zituenez gero Zarautzen bizi izan zen. Azken Portu taberna hartu zuten gurasoek, eta han jaso zuen bertso giroa, eta han hasi zen bera ere bertsotan. Bertsolari modura eskuratu zuen gerora ere sona eta errekonozimendua. Txapelketa nagusia birritan eskuratu zuen (1935 eta 1960), eta bertsolaritza taberna eta sagardotegietatik plazara eta antzokira ateratzen ahalegin berezia egin zuen, baita bertsolari zaharren artean boladan zeuden hainbat hizkuntza joera zarpail txukuntzen ere.
Baina bertsotan jarduteaz gain, Basarrik idazle izan nahi zuen, idatzi egin nahi zuen. «Kazetari kontzientzia baino gehiago, idazle kontzientzia zuen, baina egunero idazten zuen, eta kazetaritzatik ere bazuen, jakina. Bertsolari ez ezik, idazle ere izan nahi zuen. Euskarazko hedabideei, bai Argia-ri, bai Euzkadi-ri, bai El Día-ri eta baita Eguna-ri ere, oso ondo etorri zitzaien gazte haren idazteko grina. Euskarazko oso idazle gazte gutxi baitzen». Eta berari ere ondo etorri zitzaion gerraurreko giro hartan euskaraz idazteko aukera izatea, hitz lauz ere trebatzeko eta bere nahia bete ahal izateko. Zarauzko berriemaile Frantzisko Juaristik eman zion lehen bultzada, eta Esteban Urkiaga Lauaxeta Euzkadi-ko euskarazko atalaren arduradun zela hasi zen idazten. El Día Donostiako egunkarian (1930-1936) euskara gutxi erabiltzen zuten, baina Argia aldizkaria erabat zen euskarazkoa. Eguna euskara hutsezko lehen egunkariaren sorkuntza prozesuan parte hartu zuen Basarrik beste zenbaitekin batera. 1936ko urtarriletik ekainera bitarte iraun zuen hark.
Gerrak iraun zuen artean Euzko Deya-n ere idatzi zituen artikuluak, eta gerra amaitu ostean ezin konta ahala hedabidetan aritu zen: Gudari, Enda, Gure Herria, Arantzazu, Anaitasuna, Zeruko Argia, Goiz-Argi, Egan, Egin, Tierra Vasca, Herria, Agur, La Voz de España eta El Diario Vasco-n. Ezagun egin zen Basarriren Nere bordatxotik izeneko zutabea, hainbat hedabidetan idatzi zuena, eta La Voz de Guipuzcoa irratian ere eskaintzen zuena. Auspoa argitaletxeak berak kaleratu zuen haietan argitaraturiko bertso bilduma.
«Irabazteko» esperantza
Bigarren liburukian, gerra garaikoari dagozkionak biltzen dituenean, lehengo aldiko hariari lotutako gaiak jorratu zituen hasieran, «baina denbora aurrera joan ahala, 1937az gero, Euzko gudarien borroka eta ekintzak, Gipuzkoa eta Bizkaian han-hemenka izandako eraso eta gatazkak (Andazarrate, Bidaniko garaitza, Azkoitiko gudari gaztearen hileta…), eta gudari lagunak animatzeko idatzitakoak daude, batez ere», Iriondok azaltzen duenez. Tartean gazteei aholkuak, gudaren ondorioz Ingalaterrara joan ziren umetxoei buruzkoak, gudako eta nekazarien kontuak, Amaya opera zela eta Gabirel Olaizolarekin egindako elkarrizketa luzea, Bizkaiko herri batera bertsotara joan eta han nabaritutako giro erdalduna… «eta behin eta berriz, guda irabazteko esperantza, halaxe sinesten zuelako, edo halaxe sinistu nahi zuelako».
Gerra igaro ostean, bestelako gaiak eta estiloa nagusitu zitzaizkion; herri kirolak, jaiak, bertso kronikak, eta beste.