Presenta for mi balia… for yu bustana

Iñaki Petxarroman / 2014-09-04 / 813 hitz

Harreman joria izan zuten euskal baleazaleek Islandiarekin iraganean. Orain aztertzen ari dira haiek utzitako arrasto arkeologiko, historiko eta linguistikoa.

Baleak ikustea da egun Euskal Herritik Islandiara bidaiatzen duten askoren helburua. Ez da zaila izaten. Hamaika turismo agentzia ari dira horretan Reykjavik hiriburuan eta Husavicen, 3.500 biztanleko iparraldeko herrian. Harridura eragiten du animalia erraldoia gertu ikusteak. Are eta harridura handiagoa sortu zion euskaldun talde bati abuztuan mendebaldeko fiordoen eskualdean ikusitako panel batek: «Garai batean ugariak ziren baleak Islandian, baina lehenik euskal arrantzaleen eta gero norvegiarren erruz eskasagoak dira orain».

Hain justu, mendebaldeko fiordoetara joaten hasi ziren animaliatzarrak harrapatzera baleazale euskaldunak, gutxienez XV. mendetik. Balearen olioa oso preziatua zen Europa osoan, harekin argiztatzen baitziren hiriak eta egiten xaboiak. Euskaldunak hasieratik jardun ziren industria oparo horretan, eta, Kantauri itsasoan baleak amaituz joan ahala, bazter urrunagoetara joaten hasi ziren. Hala egin zuten topo Ternua eta Labradorrekin, Ameriketan; baina, hura baino lehenago, baita Islandiako ur hotzekin ere.

Islandiako XV. mendeko izkribuetan ageri dira euskal balea arrantzaleen presentziaren lehen testigantzak. Arrantza egiteko eta ondorengo prozesua oztoporik gabe burutzeko eskubideak erosten zizkioten Danimarkako erregeari: txikitu, gantza urtu, upelak bete, haragia gatzatu… Uda partean iristen zirenetik udazkenera arte, etxez eta lantegiz osatutako gune zehatz batzuk erabiltzen zituzten. Euskal balea arrantzaleek XVII. mendean erabili ohi zuten estazio bat ikertu dute Ragnar Edvarsson eta Magnus Rafnsson Reykiavikeko unibertsitateko irakasleek, eta ondorioak Basque Whaling Around Iceland lan akademikoan laga dituzte.

Urteetako harreman luze eta iraunkor horren ondorioz, islandieraren eta euskararen pidgin moduko bat ere egin zuten. Islandian idatzitako bi glosariotan oinarrituta egin zuen unibertsitate tesi bat Nicolas Gerardus Hondricus Deen Herbehereetako filologoak 1937. urtean: Glosaria Duo Vasco Islandica. XVII. mendeko bi hitz zerrendetan du jatorria liburuak, eta biak Kopenhageko Arnamagnaeanako liburutegian aurkitu zituzten XVIII. mendean. Gaur egun, Reykjaviken daude. Nicolas G.H. Deen-en liburua 1991n argitaratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lehen hitz zerrendak 517 hitz ditu, eta 16 orri, eta bigarrenak, 10 orri eta 228 hitz. Bigarren glosario horretan, hitzak ez ezik, esaldiak ere ageri dira.

Jose Ignacio Hualde Illinoisko (AEB) unibertsitateko irakasle eta hizkuntzalariak ikertu ditu glosarioak. Haren ustez, «hitz solteek ez bezala, esalditxoek erakusten dute benetako komunikazioa egon zela euskaldunen eta islandiar batzuen artean». Zer-nolako harremana? Komertziala, nagusiki. «Euskal arrantzale gehienen eta nekazari islandiarren arteko harremanak, onak ziren uneetan ere, ziur asko ez ziren oso sakonak. Itxura guztien arabera, gure eskuetara heldu den pidgin mugatu horrek garapen tikia izan zuen: saltzeko eta erosteko erabiltzen zuten euskal arrantzaleek; ez askoz gehiagorako».

Islandiera-euskara pidgin moduan iritsi bazaigu ere, islandieraren arrasto gutxi du zerrendak. «Ez da benetan euskara-islandiera pidgin bat, Islandian aurkitutako euskal pidgin bat baizik. Ez dago islandieraren elementu argirik glosario hauetan. Euskal hitzak ez badira, gaztelera edo frantsesetik datoz gehienetan. Badira, halaber, ingelesezko for me eta for you esapideak eta holandera edo Alemaniako kostaldeko hizkeretatik hartutako hitz bakan batzuk ere. Islandieraren aztarna garbirik ez dago. Horrek erakusten du euskal arrantzaleek garatu zutela pidgin hori ingeles, holandar eta alemanekin zeuzkaten harremanetan, eta saiatu zirela hura erabiltzen islandiarrekin ere».

1615eko hilketak

Adituen eta historialarien arabera, arrantzale euskaldunek, oro har, harreman adeitsua izan zuten islandiarrekin, baina gertakari beltz batek odolez zipriztindu du iraganetik iritsitako gertakarien hotsa.

1615. urtean 32 balea arrantzale euskaldun hil zituzten Islandiako mendebaldeko fiordoetan. Urte hartan, Danimarkako errege Kristian IV.ak debekatu zien atzerritarrei Islandian balearen arrantzan edo beste edozein jarduera komertzialetan aritzea. Udaberri hartan, hiru itsasontzi irten ziren Donostiaatik Islandiara, 80 bat marinelekin. Irailerako amaituta zuten arrantza aldia, eta ez zuten arazorik izan, erregearen debekuak debeku. Alabaina, Euskal Herrira itzuli behar zuten egunaren bezperan ekaitz gogor batek jo zuen Reykjafjordurko fiordoa. Han zeuden itsasontziak. Urte bereziki hotza izan zen hura, eta izotz ugari zegoen. Hala, izotz puska haietako batek barku bat jo eta hondoratu zuen. Bigarren itsasontzia ere nora ezean utzi zuen, eta, harkaitz batzuekin jota, hondora joan zen hura ere. Hirugarren itsasontzia ere erabilezin geratu zen.

Oso egoera txarrean geratu ziren baleazaleak. Ontziak galduta, txalupetan alde egin zuten, eta bi taldetan banatu ziren. Batzuek iparraldera jo zuten, eta besteek hegoaldera. Iparraldera jo zuten 32 marinelek Aedey uhartean hartu zuten babes. Batzuek kanpalekua prestatzen zuten bitartean, besteek janaria lapurtu zuten. Lapurretaren berri izan zuenean, Ari Magnusson gobernadoreak arrantzaleen bila jo zuen. Gauez harrapatu zituen marinel batzuk, lotan, eta hiltzeko agindua eman zuen. Beste talde bat salbatzen saiatu zen kapitaina, apaiz islandiar baten laguntzarekin, baina ez zuten gobernadorearen errukirik jaso, eta denak hil zituzten.

Hegoaldera jo zutenek, negua igaro ondoren, bandera ingeleseko itsasontzi bat eskuratzea lortu zuten, eta alde egin zuten Islandiatik. Gertakarien berri Jon Godmundsson garaiko kronikalariak jaso zuen Espainiarren naufragio eta borrokaren inguruko benetako gertakariak idazkian. Kopla haietan, euskal marinelen zuzentasuna nabarmendu zuen Godmunssonek, eta gobernadorearen jarrera gaitzetsi. Donostiatik abiatutako hiru itsasontzietako kapitainak Pedro Agirre, Martin Villafranca eta Esteban Telleria ziren. Hildakoa Villafranca izan zen.

Gertakari latz horien ondoren ere jarraitu zuten euskaldunek balearen arrantzan, baina jarduera hartan izan zuten lidergoa galtzen hasi ziren. XVII. mendean, Herbehereetako itsasontziek hartu zuten protagonismoa Islandiako balearen arrantzan, nahiz eta itsasontzi haietan zihoazen marinel gehienak euskaldunak izan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.