Maialen Unanue / 2014-09-09 / 881 hitz
Eztabaida piztu du Brasilen mezuak anonimoki bidaltzeko Secret aplikazioak; anonimotasuna nahi dute, ordea, sare sozialen zenbait erabiltzailek.
Txutxumutxuak, zurrumurruak, esamesak. Oso ozen esan ezin daitezkeenak esateko keinu ohikoa da hizlariak elkarrengana gerturatzea. Inoiz denek egindakoa. Etxekoa. Zenbat eta gertukoagoa izan esamesaren protagonista, orduan eta zirrara, harridura eta jakin-min handiagoa. Nork bere sekretuak, ordea, nekez zabalduko lituzke lau haizeetara. Baina, ezta era anonimoan esateko aukera izanez gero ere? Horixe bera egiteko balio du Android eta iOS gailuetarako Secret aplikazioak: nork bere sekretuak aireratzeko plaza birtuala da. Birtuala, baina plaza. Publikoa.
Gisa horretako aplikazio gehiago ere badira, baina Secreten inguruan sortu da albistea. Auzitegi batek debekatu egin du Brasilen, bullying kasuak direla eta. Mezuak era guztiz anonimoan idazteko balio du sare sozial gisa dabilen aplikazioak: sekretuak besterik gabe bidal daitezke, edo argazki batez lagundurik, eta jendeak iruzkinak egin ditzake. Telefono zenbakia erregistratuz edo Facebookeko kontuaren bidez erabil daiteke: bidalitako mezuak aplikazioa instalatua duten bateko edo besteko kontaktuek soilik ikusiko dituzte.
«Askotan esaten da jende lotsatiarentzat errazagoa dela zenbait gauza pantailaren eta teklatu baten aurrean esatea, sasi anonimotasun batetik: zure txokoan zaude idazten duzunean, eta nolabait, babestuago-edo sentitzen zara», azaldu du Jabi Asurmendi Bitarlan Informatika eta Web Zerbitzuak enpresako kide eta irakasleak. Etxearen erosotasunean idatzikoak, baina, ez dira hor gelditzen, Asurmendik gogoratu duenez: «Sarean botatzen dugun guztia herriko plazan botako bagenu bezala dela kontuan izan behar dugu».
Iritzi berekoa da Unai Bilbao, Akting enpresako kidea: «Jendearentzat Interneten ibiltzea oraindik zerbait birtuala bakarrik da. Zure etxeko ordenagailuan zerbait idazten baduzu, badirudi hor gelditzen dela idatzitakoa, ez zarela jende guztiaren aurrean ari. Hori horrela ez dela konturatzen zarenean, zenbait gauza idazteari utziko diozu». Norbere sofatik botatakoak uste baino urrunago irits daitezke, baina atzera egitea, beste kontu bat da, Bilbaoren arabera: «Informazioa zabaltzea oso erraza da, baina kentzea ez. Beraz, kontuz ibili behar da zer jartzen den eta zer ez».
Secretek ez du oihartzun handirik izan, oraingoz, Euskal Herrian; baina arrakasta itzela izan du, nagusiki, Txinan, Errusian eta Israelen. Codesyntax enpresako Luistxo Fernandezek sakelako telefonora deskargatu zuen aplikazioa, barrutik ezagutzeko, eta azaldu duenez, ez dio interes berezirik piztu: «Zaratari gehitzen zaion burrunba gehiago besterik ez da —Interneten, bestela ere, zarata handia dago—. Batzuek nahiago dugu zarata albo batera utzi, eta informazio eta iritzi pixka bat kualifikatuagora jo; eta horretatik, zorionez, zer edo zer badago». Twitterren izen-abizen eta argazki erreala erabiltzearen aldeko kanpainen sustatzailea izana da Fernandez; beraz, ez da harritzekoa hark erabiltzaile anonimoen mezuei balio gutxi ematea: «Sekretuak modu anonimoan esanda, zer balio dauka horrek? Norberak ematen diona». Kontuan hartzea edo ez gauza bat da, baina jakin-mina elikatzea beste bat: «Humanoak gara, ezta? Eta txutxumutxuen edo zurrumurruen zaletasuna badaukagu, eta kuriositatea, eta besteen kontura berba egiteko gogoa…».
Anonimotasuna zertarako erabiltzen den da gakoa. «Zerbait anonimoki aitortzea lehenengo urratsa da, gero, mundu errealean horren inguruko elkarrizketa bat izateko», adierazi du Chrys Bader aplikazioaren sortzaileetako batek. Brasilgo kasuak erakutsi du, ordea, aplikazioa asmo txarrekin erabiltzeko ere aproposa dela. «Anonimotasuna defentsa mekanismoa izan daiteke, baina baita erasorako mekanismoa ere —dio Fernandezek—. Arriskutsua ere izan daiteke, batez ere, jende gaztearengan pentsatuz: eskola inguruko bullying-arekin bestela ere nahiko saltsa badago, eta horrelako aplikazio bat zabaltzen bada, min handiagoa egin dezake».
Teknologia, «neutroa»
Asurmendik teknologiaren alde egin du, erabilera okerraren ardura erabiltzaileena delakoan: «Teknologia neutroa da, eta ondo edo txarto erabil daiteke. Erabileran dago gakoa». Bilbaoren ustez, Interneten nabigatzean anonimoa izateko nahia ez da, berez, zerbait txarra, ez bada behintzat beste erabiltzaileei kalte egiteko erabiltzen: «Guztiok izan nahi dugu anonimo, edo, behintzat, ez dadila erregistratuta geratu egiten den guztia. Jendeak askatasuna nahi du, baita Interneten ibiltzeko ere».
Umorez dio Fernandezek, ahalko balu, erabiltzaile guztiak izen-abizen errealekin ibiltzea dekretatuko lukeela. «Agian ez gara ausartuko dena esatera, edo noizbait mugaren bat gaindi dezakegu, eta okerra esan; baina okerrak bere gain hartzen ere ikasi behar du pertsona batek, ezta? Hori bezainbeste ordaintzeko prest egon gaitezke». Abantaila ugari ditu Fernandezentzat hala ibiltzeak: «Dialogo zibilizatuak izatea, edo sinesgarritasuna lortzea adibidez; iritzia eta informazioa konfiantzaz eraikitzeko aukera. Ez badakit nor den, ez dut gogorik izaten ez erantzuteko ez elikatua edukitzeko. Ez dakit nire arau honek balio duen jendearentzako, baina niri zentzuzkoa iruditzen zait».
Adinaren arabera sare sozialetan esaten dena gehiago edo gutxiago zaintzen dela uste du Asurmendik: «Normalean, izen eta abizenekin idazten duenak zaindu egiten du idazten duena. Adingabekoak batez ere, baina ez eurak bakarrik, ez dira konturatzen hor idazten dutena publikoa dela. Dena den, helduok ere sartzen dugu hanka, noizean behin». Asurmendik berak onartu du bera ez dela «oso zorrotza» bere pribatutasunari dagokionez: esaterako, bere sakelako telefonoaren zenbakia sarean dauka, lanerako ondo datorkiolako. «Lehen erabiltzen nituen arren, ez zaizkit gustatzen geolokalizazioa eskatzen dizuten aplikazioak, adibidez».
Anonimotasuna, posible
Baina badago, benetan, Interneten anonimotasuna mantentzeko modurik? Guztiak bat etorri dira: baiezkoa da erantzuna. «Tor sarea, eta abar, edonoren esku daude; ez da ezagutza berezirik behar erabiltzeko, baina egia da erabiltzaileen profila nahiko teknikoa izaten dela», azaldu du Asurmendik. Webguneetara sartzean, konexio bakoitzak IP zenbaki bat du, ordenagailu bati lotua eta erregistratuta geratzen dena, Bilbaok azaldu duenez: «Nabigatzean, zure IP zenbakia, zure datuak, egiten duzun bidea, azken batean, jarraitu egin daiteke». «Tor sarearen bidez, konexioaren bidean hainbat salto ematen dira, IP zenbakiaren arrastoa galtzeraino», gehitu du Asurmendik.
Halakoekin nabigatu gabe ere, ordea, anonimoa izan zaitezke sare sozialetan, Tor sarea erabiliz bezainbeste izan ez arren. Fernandez: «Guztiok ezagutzen ditugu anonimoak diren erabiltzaileak, zeintzuk diren ez dakigunak; akaso, susmoa izan dezakegu».