Iñaki Etxeleku / 2014-09-18 / 610 hitz
Baionako herri liburutegia eramaile, bidean da ‘Bilketa’, Ipar Euskal Herriko euskal artxiboen digitalizazio lana. Laster Interneteko atari batean bilduko dira, han eta hemen barreiaturik baitira lanak.
Argitaratuetan zaharrena famatua da, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, 1545ekoa. Horren orduko alea Parisko BnF Frantziako liburutegi nagusian dute, eta ikusgai da haren webgune Gallica-n.
Euskal funtsak deitzen direnetan sartzen da euskaraz argitaratu lehenbiziko liburua, baina euskal funts horrek badu beste altxorrik. Baionako liburutegiak berak funts franko aberatsa du, besteak beste, historian gaindi eginak izan zaizkion emaitzei esker. Aitzineko lurralde kontratuan hala hasirik, Ipar Euskal Herrian berean eta hortik kanpo diren euskal artxiboen katalogatze eta digitalizatze lan bat abiatua du, eta hemendik urte hondarrera ez bada, 2015eko lehen hilabeteetan Bilketa izeneko Internet atari berrian ikusgai izanen dira.
Ez da lan ttipia, eta kargudun bat jarria dute denbora osoz lan horretan: Marie Andree Ouret. Mementoan, kontatu dituen dokumentuetan, 40.000 liburu badira, 1.000 aldizkariz goiti, ehunka eskuizkribu, 15.000 argazki, beste honenbeste irudi, estanpa, afixa eta marrazki. Ahantzi gabe soinu grabaketak eta bideoak.
Abiatzean, definizio bat eman behar izan diete euskal funtsei: «Deliberatu dugu zirela, alde batetik, Euskal Herriaz ari ziren dokumentuak; bigarrenik, euskarazkoak; eta, hirugarrenik, idazle edo pertsona ezagun batzuen funtsa», adierazi du Ouretek.
Baionan berean 35.000 dokumentu badira. Baionako Euskal Erakustokian bada parrasta bat, departamenduko artxiboetako liburutegian beste batzuk. Pauen, Bordelen, Tolosan (Okzitania) badituzte euskal dokumentuak. Erlijio sailean, Baionako apezpikutegiak eta Belloceko monasterioak aspaldiko idazkiak begiratuak dituzte beren aldetik. Beste funtsak ere badituzte Baionako Unibertsitatean, IKER zentroan eta Uztaritzeko IKAS zentroan.
Parisko BnFak, Etxeparerenaz gain, balio handiko euskal funtsa du. XVI, XVII eta XIX. mendeetakoak, euskarazko euskuizkribuak eta osoki katalogatua den Anton Abadiaren liburutegia. Abadiak berak bere garaian Zientzia Akademiari eskaini ziona eta horrek geroztik Frantziako liburutegi nagusiaren eskuetan jarri duena. Funts horren digitalizatzen ari dira, eta laster Gallica atarian ikusteko gisan behar luke.
Irakurketa publikoa deitu alorrean, Ipar Euskal Herriko beste liburutegietan kausi daitezke dokumentuak. Funtsak baditu ere Su Hazia elkarteak Maulen; bada ere Donapaleun Zabalik elkarteak landu Manex Erdozaintzi Etxarten liburutegia. Euskal funtsetan sartzen dira ere Aldudarrak Bideok aspaldiko urteetan atxiki dituen bideo lanak.
Badira ere funts pribatuak: «Historialari batzuk, Eugene Goienetxe eta Manex Goienetxe bezalakoak, Euskal Herriari buruzko liburutegi bat zutenak. Normal den bezala, etxeetan dira horiek, baina gertatzen da familia batzuek aipatzen digutela», zehaztu du Ouretek.
Iturria ez da horretan gelditzen, eta ondoko urteetako lana izanen da Hego Euskal Herrian diren funtsen sailkatzea. Harremanetan sartua da Baionako Herriko Etxea Iruñekoarekin eta Donostiakoarekin. Ahantzi gabe Euskaltzaindiaren Azkue liburutegiarekin jada abiatu elkarlana. Atlantikoaz haraindira ere so dira arduradunak, AEBetan, Idahon eta Renon baita ere euskal funtsik.
Hainbeste dokumenturen aitzinean lehentasunak finkatu behar ziren digitalizaziorako, eta lan ardatzak finkatu. Horretarako, batzorde zientifiko bat bada plantan emana, barne direlarik unibertsitateko ikerlariak, artxibogintzako ofiziokoak, Euskaltzaindia, Euskal Erakustokia, Euskararen Erakunde Publikoa eta kultur erakundea. Lehentasun gisa finkatu ditu euskarazko dokumentuak, zaharrenak, sekula argitaratu ez direnak eta idazle klasiko ohargarrienak. Bi gai lehenetsi ditu, bestalde, batzordeak: pastoralak eta hizkuntzari lotu lanak —euskal gramatika, hiztegi eta beste—. Hori eginik, 2013 eta 2014. urteetan bi numerizatze kanpaina bete dituzte artxibozainek.
Georges Herellek uzta berezia utzi zuen pastoral kaierekin; Oureten arabera, «30 urte pasatu zituen pastoralen ikertzen. Baionatik joaten zen ikustera; ez zuen fitsik konprenitzen, euskaraz ez baitzekien, baina denak segitzen eta markatzen zituen. Eta hemen utzi zituen [Baionako liburutegian] bere kaier eta nota guztiak».
‘Bilketa’, erakusleiho berria
Alimaleko euskal funts hori sailkaturik agertuko da Bilketa izeneko Internet atarian. Asmoa da tresna erabilgarria egitea, konparazione, gai bati buruz ikerketa bat egin nahi duenak horretaz bilduak izan diren dokumentu mota desberdin eta oroen berri ukaitea.
Bilketa horretan digitalizatu dokumentuez gain, beste egitura batzuek dituzten atarietan direnetara joateko loturak ere izanen ditu atariak. Azkenik, erakusketa birtualak antolatuko ditu Baionako liburutegiak publikoari buruz