Konkista aldia

Elena Lopez de Arana eta Alexander Barandiaran / 2014-09-14 / 480 hitz

Egokitzapen aldia, adaptazio fasea… izendapen ezberdinekin ezagutzen den prozesua da. Baina zer dago horren atzetik? Zer dela-eta da egokitzapen prozesua garrantzitsua?

Gizakion berezko joera gertuko testuinguruetara egokitzea da, eta horretarako denbora behar dugu. Helduok, oporren ostean, lanera egokitu behar dugun moduan, umeek ere tarte bat behar dute eskolako testuingurura egokitzeko, batzuetan guztiz berria delako, beste batzuetan gelaz zein taldez aldatu direlako, eta beste batzuetan denbora asko daramatelako bertara gerturatu barik.

Baina egokitzeaz ari garenean, zertaz ari gara? Egokitzapen prozesuaren oinarrian dagoena harremana da. Harremana dagoela diogu, alde batetik, eskolara joatean testuinguru naturaleko gertuko pertsonengandik banatu behar delako, eta, bestetik, eskolara joatean testuinguru berri batean kokatuko diren pertsona berriekin harremana eraiki behar delako. Azkeneko hori kontuan hartuz, konkista prozesu moduan definitu ahalko genuke. Konkista zeinena? Zerena?

Ikerketek adierazten dute umeen ongizatea eta garapena ziurtatzeko ezinbestekoa dela heldu esanguratsu batekin harreman afektiboa eraikitzea. Harreman horren bidez umea seguru sentitzen bada, bere ingurunea ikertu eta besteekin modu osasuntsuan harremanduko da. Etxean daudenean, gurasoak izan oi dira euren erreferente nagusiak, kasu gehienetan segurtasun iturri eta zoritxarrez batzuetan kontrakoa. Baina eskolan daudenean hezitzaileek hartu behar dute umeen erreferente segurua izateko ardura. Hezitzaileak gelan dituen ume bakoitzarekin harremana eraikitzen joan beharko du, eta euren konfiantzazko eta, hilabeteak aurrera doazen heinean, gertuko pertsona izatera heltzea izango du helburu. Horregatik esaten dugu prozesu hori harremanean dagoela oinarrituta eta konkista prozesu bezala irudika daitekeela, hezitzaileak umea konkistatu behar baitu, bere segurtasun iturri bihurtu behar du.

Eskoletan ratioak baxuagoak izango balira, espazioak egokituta egongo balira… prozesua modu askoz naturalago batean egin ahalko litzateke. Familia eta ume bakoitzari bere tartea eskainiz, adibidez. Baina, gaur egungo baldintzek ez dutenez bermatzen horrelakorik, prozesu naturala izan beharko litzatekeena sistematizatu egiten da, ordutegi eta antolakuntza espezifikoekin, harremanaren eraikuntza artifizializatuz.

Artifizialtasun horretan batzuetan zaila da ulertzea zergatik den beharrezkoa umearen gertuko pertsonen presentzia. Baina kontuan izan behar dugu hezitzaileak ezin duela berak bakarrik umearekin harremana eraiki, guztiz ezezaguna delako berarentzat. Horretarako, umearen gertuko pertsonen laguntza behar du izan, gurasoena, aitona-amonena edo dena delakoarena. Umeak ikusten duenean bere gertuko pertsona horrek, bere erreferente horrek harremana duela hezitzaile berri horrekin, konfiantza duela eskolan dagoen heldu berri horrengan, umea prest egongo da berarekin harremana eraikitzeko. Horretarako, umeak denbora behar du; ez da egun batetik bestera burutzen den prozesua.

Hezitzaileak ume bakoitza konkistatzeko bide ezberdinak esploratu beharko ditu, umeak askotarikoak direlako, bizitza istorio ezberdinak dituztelako, ezberdin bizi dituztelako banaketa prozesuak, testuinguru berrien aurrean ezberdin erantzuten dutelako, interes ezberdinak dituztelako eta abar.

Baina konkista hori gertatzen denean, hezitzaile eta umearen arteko segurtasunezko harremana eraikitzen eta ezartzen joaten denean, orduan hasten dira umearen konkistak, umea hasten baita espazioa eta materiala arakatzen, gainontzeko umeekin jolasten, hazten, garatzen, gozatzen. Ondorioztatzen dugu eskolak berak ere umearentzako leku erakargarria izan behar duela, giro atsegina dagoen lekua, estresik eta angustiarik gabekoa, presio gabekoa. Hezitzailea, berriz, sentikorra, kapaza ume bakoitzaren azalean jartzeko, pertsona edozein ideiaren aurretik jartzeko. Egokitzapenaz, zaintzeaz ari garenean, umearen ongizateaz ari gara, bere eskubideak errespetatzeaz.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.