Igor Susaeta / 2014-10-22 / 338 hitz
Immigrazioaz, gizarteratzeaz, identitateaz eta bakardadeaz mintzo da Koldo Izagirre, gordin, ‘Dumitru’ haur eta gazteentzako nobelan.
Koldo Izagirreren hitzetan (Pasaia, Gipuzkoa, 1953), oso sinplea da Dumitru-ren (Erein) sorburua, haur eta gazteentzat idatzi duen nobela garatuko duen kausa. «Mutiko bat lasterka, zamarra beltza soinean duela». Korrika doa, behar ez zuen lekuan eta behar ez zuen orduan zegoelako. «Gertakari tamalgarrietan hain ezaguna den esaldi horrekin, epaileak, Poliziak eta hainbat jendek erantzukizunak ezabatzen ditu, gertatzen den guztia halabeharrezkoa balitz bezala». Idazlearen esanetan, gainera, behar ez den toki eta tenorean egotea askoz ere larriagoa da gaztea izanik; zer esanik ez, errumaniarra jartzen badu nortasun agirian. «Kasu horretan, salaketak ez du frogarik ere behar; immigrantea, izan ere, berez dago behar ez den leku eta orduan, noiznahi eta nonahi», ondorioztatu zuen idazleak atzo Donostian, lanaren aurkezpenean. Gizarteratzeaz, identitateaz, bakardadeaz eta immigrazioaz mintzo da Izagirre, «zuzen eta gordin», apaindurarik gabe, Dumitru laneko 70 orrialde pasatxoetan.
Dumitru 12-14 bat urteko mutikoa eta Olatz haren gelakidea dira eleberriko pertsonaia nagusiak. Cosmin mutilaren aita —kaleko musikaria da—, eta Marta eta Felixa neskatoaren amak eta amatxik ere, hurrenez hurren, badute protagonismoa. «Pertsonaia heldu horiekin, gaztetxoak helduen arazoen jakinaren gainean egoten hasteko saioa egin dut». Kezka edo problema horiek pertsonalak (bakardadea) eta sozialak (lantegiko kontuak) dira. «Baina gazteak beti dauka ekiteko indarra, eta horrek sortzen du espiritu zabaltasun bat, baztertuenganako espiritua».
«Ez da kasualitatea»
Eskola, lantegia, etxebizitza eta kalea dira liburuko jokalekuak, eta, horiek erakutsiz, «estanpa moduko batzuk eginda» egituratu du Izagirrek, dokumental baten gisara. «Estanpaz estanpa, gertakizunaren lotura sortzen da. Sare hori, kokalekuak, gertatuak eta pertsonaiak lotzen dituena, historiaren fikzioa da; gainerako guztia, aldiz, oso errealista da». Hortaz, nobela askotan agertzen den ohar bat datorkio burura egileari: «Nobela labur honetan azaltzen diren pertsonaiek eta gertatuek errealitatearekin duten antza ez da kasualitatea».
Pertsonaia nagusi horien, gaztetxoen errebeldiak gidatzen du kontakizuna, Izagirreren iritziz. «Ezarrita dagoen hori zalantzan jartzen dute. Kontestazio ahalmena da lanaren barne egitura». Eta izorramendua da gaia: «Gazte eta emakumezko izatearen izorramendua; gazte eta gizonezko izatearen izorramendua; gazte eta euskaldun izatearen izorramendua; eta euskaldun eta errumaniar izatearen sekulako izorramendua».