Ainhoa Sarasola / 2014-10-05 / 679 hitz
Erbesteak eta euskaltzaletasunak markatutako obra oparoa utzi zuen Martin Ugaldek. Kazetaritza lanetatik abiatuta, literaturari ere egin zion bere ekarpena, batez ere ipuinak idatziz; euskal ipuingintza modernoaren aitatzat jotzen dute.
Bere irakurleei balio eta mezu jakin batzuk iritsaraztea izan zuen helburu Martin Ugalde kazetari, idazle eta euskaltzaleak bere obra osoan. Idazketa konprometitua izan zen harena, bai Venezuelako erbestean igarotako 22 urteetan ondutako testuek eta bai Euskal Herrira itzultzean idatzitakoek erakusten dutenez. Ez zen ezkutuko asmo bat, gainera, idazleak berak hainbatetan azaldu baitzuen bere jardunaren xedea; esaterako, 1973an Zeruko Argia-ri hala kontatu zion: «Batzuk gogorkeriaz eta armaz [mundua] zuzentzeko ahaleginak egiten dituzten bezela, idazlea bere indarrak gizarteko deabruen bide bihurri ilunak luma bidez argitzen ahalegintzen da».
Andoainen (Gipuzkoa) jaio zen Ugalde, 1921eko azaroaren 11n. Gerrak 15 urte baino ez zituela harrapatu zuen; aita EAJko zinegotzia zuen, eta erbesterako bidea hartu behar izan zuen familiak, banandurik gainera: Gurseko kontzentrazio esparrua ezagutu behar izan zuen gazteak, sorterrira itzuli aurretik. Hamar urte pasatu ziren familia berriro elkartzerako; Venezuelako erbestean batu ziren, 1947an. Han ezaguturiko askatasunak kazetaritzan jardutera bultzatu zuen, eta hamabost urtez jardun zuen Élite, El Nacional, Nosotros eta El Farol agerkarietan lanean, ospe handia lortzeraino. 1969an, Anamari Martinez Urreiztieta emaztearekin eta hiru seme-alabekin Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen, eta bertan ere idazten jarraitu zuen; Alderdia EAJren aldizkari klandestinoan aritu zen, baita Euskal Herriaren historiari buruzko zenbait liburu, elkarrizketa eta literatur lan plazaratu ere. Bere ametsa zen hartan, euskarazko kazeta bat sortzeko lanean jarri zituen azken urteetan ahalegin guztiak: Euskaldunon Egunkaria sor zedin gogor egin zuen lan, eta kazetaren aurkako auzian auzipetuta zegoela hil zen, atzo hamar urte.
Ugalderen obra sakon aztertua du Larraitz Ariznabarreta Huheziko irakasleak; haren lana analizatu eta interpretatu zuen doktore tesian: Martin Ugalde: Cartografías de un discurso (Martin Ugalde: Diskurtso baten kartografiak). Irakaslearen esanetan, kazetaritzan oso goiz hasi zen Ugalde erreportajearen generoa jorratzen «Venezuelako bizimoduaren alderdi ezezagunenei buruz» hitz egiteko, eta horren emaitza aipagarriena izan zen Cuando los peces mueren de sed liburuan (1963) jasotako erreportaje sorta.
Erreportajetik ipuinera
Ariznabarretaren ustez, «erreportaje horiek jende arruntaren eguneroko bizitzaren adierazgarri diren arren, kontatzean erabilitako lirismoak eta estiloak benetako literatura testu bilakatzen dituzte, eredugarri izateraino». Idazleak berak azaldu izan zuen erreportajeak kazetaritzatik literaturarako urratsa egiten lagundu ziola. Irakaslearentzat ere, «ez da harritzekoa» idazle ibilbidean hasieratik gehien landu zituen generoak erreportajea, kronika, saiakera, elkarrizketa, historia eta ipuina izatea, «genero horiek baitira komunikazioaren ikuspegitik apelatibo nabarmenagoa dutenak». Irakurlearekiko lotura lortu nahian, testuen bidez Venezuelako bizimodua islatu zuen, haiei «balio jakin batzuk eta bizitza ikasbide bat» helaraziz. «Ezkutuko errealitate heterogeneo bat deskribatu nahi du, venezuelarren intrahistoria azaleratu, erabilitako hizkuntzarekin ahulen errealitatea erakutsi».
Bere ipuingintzaren lanik esanguratsuenetakoa da 1961ean idatzitako Iltzaileak, Anjel Lertxundik euskal ipuingintza modernoaren hastapentzat joa: «Ugalderen Iltzaileak da ahozko tradizioarekiko lotura zuzenetik zein kostunbrismoaren bideetatik desbideratzen eta bide propioa egiten ahalegintzen den lehendabiziko euskal ipuin bilduma». Ipuinaren izaera propioa aldarrikatzen lehenetarikoa ere izan zen Ugalde. Bosna ipuin liburu idatzi zituen euskaraz eta gazteleraz. Baina euskarazko hiru eleberri eta gaztelerazko beste bat ere idatzi zituen, baita antzezlanak, saiakerak, historia liburuak eta kazetaritza lan ugari ere.
Ariznabarretaren hitzetan, gizon «praktikoa» zen Ugalde, eta «filosofia korapilatsu eta hermetikoetatik at, giza ekintzarekin eta eraldaketarekin loturiko lan intelektuala izan zuen ardatz bizitzan». Bere obra osoan jarrera bat hartu zuen idazleak; ez zen neutral agertu, baizik eta, berak esaten zuen moduan, «erresistentziaren», ahulenen alde. Irakaslearen hitzetan, idazketa «konprometitua» da Ugalderena, errealitatean esku hartu eta aldaketak eragiteko modu bat baitzen harentzat idaztea. «Erbesteko Martin Ugalde gazteari Venezuelak eskaini zion adierazpen askatasunak esku-hartze sozialerantz proiektatutako argumentu eta gaiez bete zuen haren luma». Deserriko beste idazle askoren gisan, oinordekoei lekukotasun bat uzteko asmoa ere ageri da idazlearen testuetan, eta hori «politikoa» dela azaldu du Ariznabarretak: «Kazetari andoaindarraren obra, hala, ideologikoki eta politikoki markatuta dagoen irudikatze espazio batetik idatzia izan zen».
Irakaslearen ustez, Ugalderen lanak ez du merezi duen mailako aitorpenik jaso. «Obraren balio literario nabarmenaz harago, euskaldunontzat hain garrantzitsuak izan ziren urte haien kronika ideologikoa ere badira testu horiek. Haren obra euskal erbestea eta trantsizioa delakoa egituratu zuten ideologia eta estrategia abertzalearen metafora dira; eta, beraz, begi kritikoez aztertu eta ondorioak ateratzeko, aitzakia ezin hobea. Lan hori egin gabe dago, oraingoz gure kaltetan».