Hizkuntza fikzioa

Lander Muñagorri Garmendia / 2014-10-30 / 1.078 hitz

Asmatutako hizkuntzen artean ezagun egin den azkena ‘Games of Thrones’ telesaileko dothrakia da, baina lehenagotik ere sortu dira mintzaira gehiago fizkiorako.

Zügagon daor, ñuhys raqiros. Skoros ynot epilü?». Arrotza dirudi hizkerak, arrotza moldeak, baina mundu osoan milioika pertsonak entzun dituzte hitz horiek 2011. urteaz geroztik. Esaldia dothraki hizkuntzan dago, Game of Thrones telesailerako propio asmatutako mintzairan. Eta esanahia hauxe du: «Ez izan beldurrik, lagun. Zer jakin nahi duzu?». Telesailak lortu duen arrakastaren ondorioz, jakin-mina hizkuntzak berak sortu du, ikusle askok gogoko pertsonaien solasa ulertu eta hitz egin nahi dutelako. Eskaera horri erantzunez, sarean ikastaro eta itzultzaile ugari sortu dira. Baina ezer seriorik ez. Orain, Living Language eskolak hizkuntza ikasteko aukera zabaldu du, ikasliburu eta ahoskatzeko moldeak biltzen dituen disko batekin. Asmatutako beste hainbat hizkuntzarekin gertatu bezala, dothrakiak gero eta hiztun gehiago izatea aurreikusten da. Fikziorako sortu diren hizkuntzen zakua bete duen azken mintzaira ezaguna da.

Baina asmatutako hizkuntzen hamaika hiztegi eta akademia daude sarean: Avatar filmeko izakiek hitz egiten duten na’vi hizkuntza ikasteko edo, bestela, ezagunagoa den klingon mintzairaren xehetasunak barneratzeko. Gaur egun, ziurrenik hizkuntza horrek izango du jarraitzaile gehien sarean. Star Trek telesaileko klingon soldaduek ahotan duten mintzaira da, eta, haren hedapenaz jabetzeko, Klingon Language Institute akademiaren asmoak zein diren ikusi besterik ez dago: «Hizkuntza galaxia baino azkarrago hedatzen ari da; eta horren erakusle da oraintxe bertan Shakespeareren obra guztia klingon hizkuntzara itzultzeko prozesuan gaudela».

Fikziorako hizkuntza ugari asmatu dira historian. Horietako askok esapide edo izen zerrenda bati erantzuten diote, baina beste askok gramatika propioa ere garatu dute. Dothraki eta klingon hizkuntzen kasua ere horixe da. Baina horretan aitzindaria J. R. R. Tolkien idazle hegoafrikarra izan zen. Horren ezagunak diren Eraztunen jauna eta Hobbit liburuak idazten hasi aurretik hizkuntza propioak garatu gura izan zituen idazleak. Hizkuntza elfiko deitzen diete haren sorkuntzei. Baina haren hizkuntzak ez ziren zurrunak; aitzitik, dialektoak garatu zituen Tolkienek, bere istorioetan maiz agertzen ziren elfoen herri bakoitzerako bat. Horien artean leudeke quenya eta sindarin hizkuntzak. Horietako bakoitza, bere arau gramatikal eta guzti. Tolkienek XX. mende erdialdean argitaratu zuen liburuak, beraz, bidea zabaldu zien ondorengo fizkioko idazle eta ekoizle askori. David J. Petersonek, dothraki hizkuntzaren sortzaileak, idazleak izan zuen garrantzia nabarmendu nahi izan du: «Sekulako lana egin zuen, eta ondorengo hizkuntzalari askorentzako eskola bat sortu».

Garatu gabeko hizkuntzak

Fikzioan soilik existitzen diren hizkuntza horiek milaka jarraitzaile dituzte mundu osoan, eta baita hiztunak ere. Baina horrek ez du esan nahi mintzaira horiek erabat garatuta daudenik. Itziar Laka hizkuntzalari eta EHUko irakasleak honela azaldu du: «Gramatika sistema konbinatorial bat da, eta hizkuntza horiek ezaugarri formal horiek badauzkate». Baina ez erabat. Izan ere, hizkuntza batek izan ditzakeen gramatika arau guztiak ez dira betetzen. «Hamaika xehetasun azaldu gabe geratzen dira». Beraz, esan daiteke hizkuntza horietako bat hitz egiten duten milaka pertsonek erabat osatu gabe dagoen mintzaira bat hitz egiten dutela. Eta horregatik, Lakak adierazi duenez, hiztun denek ez dute berdin hitz egiten. «Arau guztiak zehaztu gabe daudenez, orduan zer egiten dugu? Falta diren arau horiek, bakoitza bere jatorrizko hizkuntzaren arabera egokitu». Klingon edo dothraki hizkuntzan, baina oinarrian bakoitzaren hizkuntzako bereizgarriak hartuz.

Petersonek onartzen ditu hutsune horiek, baina jakinarazi du hizkuntza bat sortzea «jainko izatera jolastea dela». Horregatik, beharbada, fikziozko hizkuntzak ez dira sekula izango erabateko mintzaira. «Baina ez daukagu horretarako asmorik ere»

—————

David J. Peterson: «Hizkuntzak sortzeko prozesua arte mota bat da»

Hizkuntza bat sortzea entretenimendu gisa hartzen du Petersonek. Telesailetarako egin dituen lanak, ordea, fikzioan sakontzeko baliabide gisa ikusten ditu.

Hamalau urte dira David J. Petersonek (Long Beach, AEB, 1981) bere lehen hizkuntza sortu zuela. «Unibertsitatean hizkuntza asko ikasten ari nintzen, eta hizkuntzalaritzarekin lehen harremana izateak eragina izan zuen nire lehen hizkuntza sortzeko garaian». Ordutik 30 hizkuntza inguru sortu ditu. 2009. urtera arte beretzat sortu zituen, baina urte hartan jaso zuen telesail baterako lehen enkargua. Eta behar horretan dabil orduz geroztik. Horien artean, Games of Thrones telesail ezaguneko dothraki eta valyrian hizkuntzen sortzailea da.

Zein izaten da hizkuntza bat sortzeko arrazoia?

Arrazoia oso sinplea da: artea. Arrazoi horregatik margotzen dute margolariek, idazten idazleek eta eskulturak egin eskultoreek. Hizkuntzak asmatzen ditugunok gutxitan pentsatzen dugu zein izango den horrek ondoren izango duen funtzioa. Sorkuntza prozesuak berak sortzen du poz hori. Ondoren telesail batean erabiliko dela? Ados. Baina kasu horretan ikuskizunaren unibertsoan sakontzeko baliabide bat besterik ez da. Baina hori ez da izaten hizkuntzak asmatzeko arrazoia. Hizkuntza sortzeko prozesua arte mota bat da.

Hizkuntza bat sortzeko garaian zein izaten da abiapuntua?

Normalean norbere egoeraren edo proiektuaren araberakoa izaten da. Eskaera bat den kasuetan, proposatzen didaten kulturaren inguruko ideiak hartzen ditut, eta ekoizleek nahiko luketena sortzen hasten naiz. Prozesua gramatikaren inguruko ideia batekin hasten da, hau da, aditzen joko edo hitzen deklinabideak diseinatzen. Hortik hasten naiz sortzen, eta gauza ezberdinekin probatzen saiatzen naiz. Proiektu horiek esponentzialki haziz joaten dira, pixkanaka.

Beste hizkuntzarik hartzen al duzu abiapuntu gisa?

Nire hizkuntzak ez ditut beste batean oinarritzen, hori plagioa izango litzatekeelako. Hala ere, nire hizkuntzak gainerakoetan ikusitako aldaeretan oinarritu daitezke. Hau da, denborarekin nola garatzen diren ikusi ondoren, printzipio horiek nire lanerako erabil ditzaket. Beste hizkuntza batean oinarritu beharrean, hizkuntza berriaren lan egiteko modua nolakoa izango den pentsatzen dut.

Euskara bera ezagutu eta goraipatu izan duzu behin baino gehiagotan. Euskararen bereizgarririk erabili duzu hizkuntzaren bat sortzeko garaian?

Egia esan, ez. Irathient hizkuntzak, esaterako, hitz batzuen ezaugarrietan antzekotasunen bat izan dezake, hitzean bertan bainoago. Singular eta pluralen erabilerari buruz ari naiz. Labana adierazteko singularreko hitza ekaru da, eta pluralekoa, ekare. Izenondoen kasuan, labana handia ekar ehagnu da singularrean, eta ekar ehagne pluralean. Ikus daitekeen bezala, atzizki numerikoa esaldiaren amaieran jartzen da, izenean soilik jarri beharrean. Hori izan daiteke euskararekin izan dezakeen antzekotasuna. Edonola ere, Christophe Grandsire-Koevoets hizkuntzalariak sortutako moten hizkuntza euskaran oinarrituta dago.

Dothraki hizkuntza hitz egiteko ikastaro bat atera berri da. Hizkuntza horren sortzaile moduan, zer sentitzen duzu?

Izugarria da hori. Hizkuntza baten sortzaile naizen heinean, hori izaten da helburu nagusietako bat: gure hizkuntzari buruzko liburu bat argitaratu eta horiek ulertu eta erabiliko dituzten pertsonak egotea. Eta hori posible izango da gero eta jende gehiagok hizkuntzen sorkuntza arte gisa hartzen duenean.

Beraz, uste duzu hizkuntza horiek etorkizunean normal hitz egingo direla?

Ez dut uste, eta ez dut uste hori denik ere asmoa. Asmatutako hizkuntza baten helburua ondo pasatzea eta erabiltzailearentzat zentzua edukitzea da, eta ez mundu guztiak hitz egitea. Arrakasta, beraz, hizkuntza horrekin harremana duten pertsonen nahiak asetzean lortzen da, eta ez ahalik eta pertsona gehienek erabiltzen dutenean.

Hizkuntza sortzaileen elkartearen sortzaileetako bat zara, eta baita hango kide ere. Hizkuntza horien sustapena bultzatzen duzue…

Hizkuntza horiek bultzatu baino gehiago, hizkuntzen sorkuntza arte edo zientzia ikuspegitik sustatu nahi dugu, sorkuntzan dabiltzanei babesa emateko. Elkartean ehun kide inguru gaude, eta denon artean hirurehun hizkuntzatik gora biltzen ditugu

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.