Jabier Muguruza: «Eguneroko bizitzan jokatzen dugu denok gure partida nagusia»

Juan Luis Zabala / 2014-10-30 / 467 hitz

Hamasei narrazio bildu ditu Jabier Muguruzak ‘Hilen logika ezkutua’ liburuan.
Aurretik beste bi ditu argitaratuak, 1999an orain hurrengoa .

Liburuak Hilen logika ezkutua du izenburu, baina berdin izan zezakeen Popular Problems (Leonard Cohen gogoan) edo Eguneroko bizitza, errelato gehienak lurralde horretan kokatuta daudelako». Jabier Muguruzaren hitzak dira, Hilen logika ezkutua (Erein) narrazio liburu plazaratu berria aurkezteko. «Lurralde horretan [eguneroko bizitzan] jokatzen da gutako bakoitzaren partida nagusia, nahiz eta batzuek eguneroko bizitza aipatu eta berehala errutina eta asperdura hizpidera ekarri. Gakoa begiradan dago».

Egile berak helduentzat idatzitako aurreko bi narrazio liburuetan ere —Bizitza pusketak (Erein, 1996) eta Laura kanpoan da (Erein, 1999)— eguneroko bizitzako xehetasunak ziren kontakizunen ardatz nagusi. «Beste behin, narraziootan ez da ezer harrigarririk gertatuko», azaldu du Muguruzak, liburu berria aurkezterakoan. «Ez da hainbeste gogaitzen nauten su artifizialik, ateraldi injeniosorik. Baina espero dut literaturan kontu txundigarririk bilatzen ez duenak orrialde hauetan gauza dexente topatuko dituela, testuan modu inplizitu samarrean badaude ere».

Izozmendiaren «alde ezkutua» interesatzen zaio Muguruzari. «Eguneroko bizitzako edozein egoeratan, nahiz eta itxuraz gauza handirik ez gertatu, gauza asko mugitzen dira azpitik». Horretan oinarritzen den literatura interesatzen zaio batik bat. «Baita irakurle gisa ere». Liburua osatzen duten 16 narrazioak batzen dituen beste ezaugarri bat umorea da; «beste behin hori ere», egilearen aurreko narrazio liburuetan bezala.

Egungo mundu «gero eta kafkianoagoan», idazten dituen istorio laburren bidez, kantuen bidez bezala, «izpi xume batzuk eskaintzen» saiatzen da Muguruza, eta horiek errealitatea «hobetoxeago» ulertzen laguntzen diote. «Panorama dagoen bezala, seguru asko ez da gutxi».

Aipuen laguntza

Liburuko ipuin guztiek dute hasieran ezarria idazle baten —edo beste arlo bateko sortzaile baten— aipu bana: Jon Berger, Josep Pla, Javier Agirresarobe, Roland Barthes, Milan Kundera, Bernardo Atxaga, Francis Bacon, Iñaki Segurola, Natalia Ginzburg, Wislawa Szymborska… Nahiz eta 15 urteotan helduentzako literatur lanik ez argitaratu —bai, ordea, haur eta gazte literaturakorik—, irakurtzeari ez dio utzi Muguruzak, eta irakurketa horietatik aipu asko jaso ditu, «lagundu» egiten diotelako. «Oso memoria txarrekoa naizenez, apuntatu egiten ditut, eta ehunka aipu ditut jasota eta gaika ordenatuta». Rockdelux aldizkariak eskatuta, autoelkarrizketa bat egin zion iaz bere buruari Muguruzak, eta erantzunak aipuekin osatu zituen, inork esan eta idatzitako esaldiekin.

Muguruzak ez daki zehazki zergatik eman dituen 15 urte helduentzako literaturako libururik argitaratu gabe. «Baina kontua da musikan zentratua egotera pasatu nintzela, eta musikak kendu dit, maila profesionalean behintzat, urte hauetan denbora gehiena». Musika sortzean adinako konfiantzarik ez du sentitzen idaztean, eta uste du horren ondorio izan dela, neurri batean behintzat, etenaldia. Duela hiru urte «lagun idazle batek» Erlea aldizkarirako ipuin bat bidaliko ote zion galdetu zionean, idazteak eragiten dion «bertigo madarikatua» sentitu zuen berriro. «Baina baiezkoa eman nuen, eta ia-ia konturatu ere egin gabe narrazioak lantzen hasi nintzen».

Eguneroko bizitzako kontu txikiek maiz askotan «errealitate indartsuen» isla eta adierazpen izan ohi direla uste du Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko editoreak, eta horrelakoak atzematen eta horiekin literatura egiten trebea dela Jabier Muguruzak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.