Santa Criz, geldirik

Irene Arrizurieta / 2014-10-23 / 579 hitz

Eslabara iritsi ziren erromatarrek (Oibar harana) hiri handi eta dotorea eraiki zuten, Kristo aurreko I. mendearen bukaeran. Hala frogatzen dute tokian egin dituzten azken arkeologia indusketek. Oraindik galdera asko daude erantzuteko, baina dirurik ez dago lanekin segitzeko.

Nafarroako Eslaba herriko lurrek altxor bat ezkutatzen dute: egoera onean mantentzen den hiri erromatar bat. 1994. urtean hasi ziren indusketa lanak, eta, harrezkero, informazio eta ezusteko asko eskaini dizkie bertan lanean aritu diren hiru arkeologoei: Txaro Mateo, Rosa Armendariz eta Pilar Saenz de Albeniz. Hiriaren izena ez dakite, baina aztarnategiari Santa Criz deitzen diote. Azken indusketa lanak bukatu berri dituzte, ekainaren 13an hasi zituzten foroa, herriko tokirik nobleena, aztertzeko lanak, eta urriaren lehen astean bukatu zituzten.

Hasierako lanean, eremua mugatu zuten, eta induskatu zuten ikusteko nola banatzen zen herria. Hortik aurrerako indusketetan nekropolia azaleratu zen, eta, gero, mendixkan dagoen herria induskatzeari ekin zioten. Indusketa horietan herriaren bi gune garrantzitsuenetakoak induskatu zituzten. Santa Crizeko foro erromatarra edo plaza publikoa, batetik, eta nekropolia edo hilerria, bestetik. Foroaren eremuan kriptoportikoa edo erdi estalirik zegoen iparraldeko galeria, eta plaza inguratzen zuen zutabea azaleratu dira. Plaza inguratzen zuen zutabearen erorketatik hiru eskulturaren zatiak berreskuratu dira. Horien artean nabarmentzekoa da marmolez egindako togadun baten gorputza. Era berean, korintiar estiloko hamar kapitel ere berreskuratu dira.

Aurkitutako aztarnen balioa eta kontserbazio ona azpimarratu ditu Txaro Mateok, indusketa lanetan ibili den arkeologoak. «Harrituta gaude, monumentu izaniko aztarna asko aurkitu ditugulako. Nekazaritzarako makinarik ez da ibili inguruan, eta aztarnak eta egiturak oso ongi daude». Topatutako aztarnek baskoien lurraldean zegoen herri garrantzitsu bat dela adierazten duten arren, nola deitzen zen ez dute aurkitu arkeologoek. Santa Criz izena aztarnategiaren izen modernoa da, Erdi Aroan hartutakoa, erromatarren oso ondorengoa. «Santakarakoa Kararekin eta Andion Andelosekin lotzen ditugu, baina hemen ez dugu horrelakorik aurkitu. Ez dakigu zein hiri baskoirekin identifika daitekeen».

Inskripzioak aurkitu dituzte, baina ez herriarenak, baizik eta egin zuen notarioarenak. «Erromako metropoliaren eragina agerikoa da. Herria baskoien Nemanturissarekin identifikatu nahi izan da, baina ez dago ziurtatuta». Horregatik da garrantzitsua ikertzen jarraitzea.

Toki hori zergatik aukeratu zuten da arkeologoek oraindik erantzun ez duten beste galdera bat. K.a. lehen mendearen eta K.o. lehen mendearen artean Erromako enperadoreek, tokian tokiko aristokraziaren laguntzarekin, herri monumentalak egiteari ekin zioten, beren boterearen lekuko gisa. Santa Crizeko herria horren isla izan daiteke.

Kokapenak ere badu izateko arrazoia. Nafarroa erdialdean erromatar garaiko herri txiki asko daudela gogoratu du Mateok. «Galtzada bat aurkitu dugu, pasabidea zela esan nahi du horrek, eta akaso horregatik aukeratu zuten tokia. Garai batean Nafarroako aletegia izan zela ere ez da ahaztu behar, lurra aberatsa eta emankorra delako».

Lanak azaleratu

Lan asko egin den arren, induskatzeko gelditzen dena askoz ere handiagoa da. «Erromatar garaiko herriaren %1 bakarrik aztertu dugu. Lan ikaragarria dago egiteko, baina krisi garaiotan ez dago dirurik. Kulturan eta turismoan inbertitzea da aztarnategian dirua jartzea».

Orain arteko indusketa lanen emaitzak azaleratu eta erakutsi nahi dituzte aurrerantzean. Nafarroako Gobernuak, Eslabako Udalak eta Nafarroako Ondarea Babesteko Fundazioak egindako akordioaren bidez, 500.000 euroko aurrekontua inbertituko da egitasmoan. Zati bat orain arte egindako indusketa lanetan erabili dute jada. Hurrengo hilabeteetan azaleratutako herriaren egitura egonkortuko da, eta aztarnategia bisitatzeko egokituko dute. «Ibilbide batean seinaleak jarriko dira, eta informazio panelak jarriko ditugu», dio Jesus Sesmak, Nafarroako Gobernuko Arkeologia Ataleko buruak. «Egindako lanari balioa eman nahi zaio, erorita dauden zutabeak zutituko dira, eta bidean zer aurkituko den adieraziko da». Horretaz gain, egindako lanaren txosten zientifikoa idatziko dute hiru arkeologoek, eta dagozkion ondorioak argitaratuko dituzte.

Etorkizunari begira, heldu den urtean indusketa lanekin jarraituko duten ala ez dakite oraindik. Horretarako, beste diru sail bat onartu beharko litzateke.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.