Maialen Unanue / 2014-11-01 / 486 hitz
Android sistema eragilearen hurrengo eguneraketarekin, gailuak euskaraz jartzeko aukera izango da. Itzulpen prozesua isilpean mantendu du Googlek.
Albistea «ezustean» etorri da. Android sistema eragilea duten telefonoen hurrengo eguneraketak —Android 5.0 Lollipop izenekoak— telefonoa hainbat hizkuntza gehiagotan jartzea ahalbidetuko du, tartean, euskara. Urriaren erdialdean zabaldu zen albistea, eta eguneraketa astelehenetik aurrera egongo da deskargatzeko moduan zenbait telefonorentzat.
Hiru urte dira Googlek proiektua martxan jarri zuela. Ordutik, hamar bat laguneko itzultzaile taldea ari da lanean. Isilpeko lana izan da, Googlek ezarritako isilpekotasun klausulak tarteko, eta horregatik izan da ezustekoa euren kabuz euskaratzen ari zirenentzat. Izan ere, Googlek Android euskarara ekartzeko plana jadanik martxan zuela, bazen Euskal Herrian talde bat zeregin horretan lanean. Talde horretako kideetako bat da Urtzi Odriozola informatikaria, eta, albistea jakin bezain pronto, adierazi du susmoa zutela Googleren maniobraz: «Guk ia gehiengoa itzulita geneukala, eta ikusita Googlek ez zigula kasurik egiten, geldirik egon da proiektua tarte batez, eta albisteak erakutsi du Googlek ekimen propioz erabaki duela Android euskaratzea». Izan ere, Lollipop deskargatzeko moduan jarri baino egun gutxi lehenago, inor ez da jarri talde horrekin kontaktuan; beraz, aukera bakarra Googlek zeregin horretarako profesionalak kontratatu izana da.
Kataluniako agentzia batek koordinatzen du itzultzaileen lana, eta, horren gainetik, beste bi multinazional daude, hizkuntza zerbitzuak ematen dituztenak. Bi horiek prestatzen dituzte hizkuntza irizpideak, estilistikoak eta informatikoak. Hizkuntzaz arduratzen den arduradun bat dago, euskalduna, eta, horren gainetik, Googlen bertan, beste hizkuntza arduradun bat dago: bi horien zeregina da estiloari buruzko gidak egitea, ondoren itzultzaileek horien arabera lan egiteko. Arduradun euskaldunak jasotzen ditu, lehenengo, itzultzaileen lanak, eta horren ondotik Googlerenak. Itzulitakoen kontrol zorrotzak atzeratu du Android telefonoetan euskara erabilgarri egotea: Googlek jasotako lanak gutxienez %99an ondo ez zeudela ebatziz gero, itzultzaileei helarazten zizkien lanak, zuzentzeko. Irizpide asko, zehatzak eta estuak, etorkizun hurbilean Googleren produktu izango dena garatzeko. Produktu txukuna ateratzeko, aurretik lan zorrotza egin behar.
Dena den, Android telefono guztiek ez dute astelehenetik aurrera lortuko Lollipop bertsioa deskargatzea: gailuen ekoizlearen araberakoa izango da. Astelehenean, Googleren Nexus 7 eta 10 tabletak izango dira eguneraketa jasotzen lehenak: «Horrez gain, laster aterako den Nexus 9ak suposatzen da hasieratik izango duela Lollipop bertsioa. LGk jakinarazi du maiatzean aterako duela; Motorolak, berriz, bi hilabete barru». Telefonoaren bizitzak ere zerikusia izango du eguneraketa jasotzeko orduan: oro har, Googlerenak ez diren telefonoek sistemaren bi eguneraketa izan ohi dituzte gehienez; beraz, aurreikus daiteke berrienek soilik jasoko dutela; esan nahi baita, jadanik bi eguneraketa eginak ez dituzten telefonoek. Sarean badira jada Lollipop eguneraketa jasoko duten telefonoen zerrendak: besteak beste, Motorola Moto G eta X, HTC One eta Sony Xperiaren hainbat bertsio.
Android sistema eragileak euskara ofizialki orain integratu arren, lehendik ere baziren telefonoak euskaraz, baita Android darabilten telefonoak ere. Telefono ekoizle eta telefonia enpresa jakin batzuen apustua izan zen, bezero potentzialei gehigarri bat eskaintzeko: batetik, Samsung eta Sony, eta, bestetik, Euskaltel.
Lollipop martxan jartzearekin bat, euskaraz gain, telefonoa beste hamalau hizkuntzatan jartzeko aukera ere izango da: bengaleraz, birmanieraz, txineraz, galizieraz, islandieraz, kannaderaz, kirgizeraz, mazedonieraz, malabareraz, maratheraz, telegueraz, nepaleraz, sinhalaz eta tamileraz